Hainbeste zarata, txalo epel hauetara iristeko

Gorka Bereziartua
0

Donostian girotu du Woody Allenek bere azken filma.

Eserlekuen erdiak zigilatuta, maskarak, gel hidroalkoholikoaren urrina airean eta pelikula hasi baino lehen, pantailan, koronabirusaren aurrean hartu beharreko neurriak: ongi etorri 2020ko Zinemaldira, zaila izango da aurten pantailetan ikustea pantailaz kanpoko munduan “normaltasun berria” bilakatu den profilaxi honekin lehiatu dezakeen ezer.

Eta hala ere, denak aurrera jarraitzen du, posible da beste zerbaiti buruz hitz egitea 68. edizioko lehen filma ikusi baino lehen, Kursaaleko areto nagusiko 10. lerroan atzerritik etorritako bi kritikari elkarren artean txantxetan ari dira FIPRESCI saria erabaki zutenean (ezin harrapatu zein urtetakoaz ari ziren) mozkortuta ote zeuden. Urduritasun pixka bat, ikusmina ere bai, aurtengo Sail Ofiziala irekiko duen pelikulari buruz hilabetetako talaka izan dugulako hedabideetan. Errodatu zenean zaila zen imajinatzea baldintza hauetan estreinatuko zela Woody Allenen Rifkin’s Festival, hondoratzen ari den bikote estatubatuar batek (emakumea prentsa-agentea, gizona nobela bat idatzi nahian ari den zine-irakasle ohia) Zinemaldian astebetez biziko duen istorioa.
Film honi buruz gure artean gehiegi hitz egin dela iruditzen zait, eta ez bakarrik hemengo hedabide nagusietan eman zaion oihartzunagatik, baizik eta, beste auzi batzuk tarteko (dela Donostiaren turistifikazioan joka dezakeen papera, dela Allenen kontrako pederastia akusazioak), mugimendu sozialen jo-puntuan egon delako. Beharrezko eztabaidak dira, noski, baina behin pelikula ikusita, Rifkin’s Festival-en kritika zinematografikoa egiteko aukera daukagu. Eta alderdi horretan bai ez duela debaterako tarte handirik uzten: Allenen filmografiatik erraz ahaztuko da lan hau.
Zuzendariaren obsesio eta topiko gehienak ikusi ahal izan ditugu goizeko 10:00etako emanaldian: bikote-harreman konplikatuak, neurosia, elkarrizketa intelektual-ustekoak, “adineko gizona emakume gazteaz maitemintzen da” trama bat… Horrek ez du zertan txarra izan, estilo-marka gisa ere uler daiteke, baina pelikula honetan ikuslearengan hutsune sentsazioa uzten du, klixe horietatik harago benetan filmerik egongo ez balitz bezala.
Zine-jaialdi batean girotutako istorioa izanik, etengabeak dira autore-zinemari egindako keinuak: protagonistak Maria Cristina hoteleko ohean izaten dituen amesgaiztoetan Orson Wellesen Citizen Kane, Jean-Luc Godarden À bout de souffle edo Ingmar Bergmanen Det sjunde inseglet filmeetako eszenak birsortzen dira besteak beste; eta hori istorioarekin koherentea den arren, ikusle mota baten konplizitatea bilatzeko asmo agerikoegia erakusten du nire ustez. Filmean behin eta berriz errepikatzen den baliabidea da, eta nahiko nekagarria suertatzen da azkenerako, nahiz eta kasu batzuetan (Bergmanengandik hartu duen xake-partidan, adibidez), grazia pixka bat daukan.
Aurreikusgarritasuna ez da errekurtso horretan bukatzen ordea, gidoiak ere ulertuta dauden gauzak berriz esplikatzeagatik itogin bat baino gehiago baitauka. Gehitu horri eszena batzuek eragiten duten dejà vu sentsazioa (Elena Anayak eta Sergi Lópezek badute eztabaida bat, Vicky Cristina Barcelona-n Penélope Cruzek eta Javier Bardemek zutenaren oso antzekoa) eta filmaren bigarren erdian eskaintzen zaigun bisita turistiko guztiz debaldekoa (jakin nahi nuke zenbat diru jarri duten benetan hemengo erakunde publiko eta turismoarekin lotutako lobby-ek horren truke), eta gutxi gorabehera dena daukazu emaitza kartoi-harrizkoa izateko.
Allenen unibertsoan ohikoak diren zenbait gai, edo haiek lantzeko modua, oso gaizki zahartu direla ere pentsatu dut aretotik atera ostean. Mediku pribatu gisa lan egiten duen Donostiako emakume gazte batengana hurbiltzen da protagonista osasun kontu baten aitzakian. Filmeko hari nagusietako bat da, baina kontatuta dagoen moduan, balirudike XXI. mendeko hirugarren hamarkadan sartuta, bere bikote-arazo propioak dauzkan andre lanpetu batentzat nahiko gauza normala izan behar duela erretiroa hartzeko adina daukan gizon baten etengabeko telefono-deiei eta arreta-eskaerari erantzun behar izatea, inoiz adeitsu izateari utzi gabe. Sedukzio frustratu baten istorio gisa aurkezten zaigu jazarpenetik gertuago dagoen zerbait.
Hainbeste zarataren ondoren, txalo epel batzuekin hartu du publikoak Rifkin’s Festival. Benetako Sail Ofiziala gaur arratsaldean hasiko da Pablo Agüeroren Akelarre filmarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA