Djokovic afera (oinarrizko partikulak)

Gorka Bereziartua
0

Novak Djokovic-ek obratu du mirakulua: ezkerreko jende guztiak bat egin du bere kausarekin. Bueno, gutxi gorabehera. Tenislari serbiarra iritsi zen Melbournera Australiako Opena jokatzera COVID-19aren aurkako txertorik gabe, baina besapean zeramala mediku-salbuespen bat, herrialdean sartzeko eskatzen duten ziztada horretatik libratzen zuena.

Ustez.

Kangurulandiako mugazainek asuntua hain klaro ikusi ez ordea, eta koarentena pasatzera bidali zuten hotel ziztrin samar batera. Ondoren pasa dena badakizuenez, analiza dezagun kontua ezkerreko perspektiba batetik.

Ezker antitxertoak badu heroia: ATP rankingeko lehen postuan dagoen norbait horrela tratatzen badute, duda gutxi, hau apartheid sanitarioa da, eliteko kiroletik ere disidenteak kanporatzeko estrategia globalista, farmazeutiken, Bill Gatesen eta George Sorosen plan –hitz hori inportantea da beraientzat– ezkutu bat.

Ongi Etorri Errefuxiatuak ezkerrak muturra okertu du: espantu gehiegi milioiak irabazten dituen norbaitengatik eta bitartean, beste edozein mugatara joanda, desastre humanitarioak jai eta aste, baina azkeneko manifan lau katu ginen –eta azkenaurrekoan, eta…–.

Ezker zientifistak argi dauka: ba txertatu dadila. Aldizkari indexatuetako artikuluak eta grafiko pila bat ateratzen hasi dira debatean nagusitzeko.

Ezker feministak dio Djokovic gizon zuri heterosexuala izango ez balitz, baizik eta emakumea, beltza eta lesbiana, gaiak ez zuela emango periodikoan labur baterako ere.

Baina Milosevic ezkerrak, zirilikoz idatzitako txio batean, gogor kritikatu du aurreko guztien itsukeria, hemen auzia baita NATOk eta bere aliatuek disimulu gutxirekin praktikatzen duten serbofobia.

Ezker ekolo-berdeak Thunberg tankeak atera ditu orduan: lotsagarria da tenisean jokatzeko Australiaraino hegazkinez joatea, lotsagarria eliteko kirolak zenbat baliabide energetiko xahutzen duen.

Liberazioaren teologia jarraitzen duen ezkerra minduta, Djokovic-en aitak bere semea Jesukristoren pare jarri duelako –“Hura gurutziltzatu zuten, baina gure artean bizi da oraindik. Batzuek orain nire semea gurutziltzatu, umiliatu eta belaunikarazi nahi dute”, adierazi baitu, ez naiz ezer asmatzen ari–.

Ezker abertzaleak zerbait esan badu, ildo sozialistako ezkerrak justu kontrakoa.

Ezker podemista zain, ea Madrildik bidaltzen duten behingoz krokis bat, kontu honetaz hitz egin ahal izateko gobernu-krisi bat probokatu gabe.

Eta ezker animalistaren komunikatua laster, Djokovic-en dieta ezagutzea falta da heroi beganoa ala bilau txuletajalea ote den ebazteko.

Nolanahi ere, badago zerbait ezker horiek guztiak batzen dituena. Ausartuko naiz pentsatzera agian ez dela Djokovic auzia, saltsa hau ez dela gure garaiko Dreyfus afera bilakatuko, baina badagoela, hala ere, elkarren Kain diren ezker guzti horiek bat egiten duten puntu bat.

Teknologia aurreratuenarekin ari dira mikroskopio superpotente bat fabrikatzen, partikula subatomiko horrek zeren tankera duen ikusteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA