Donostia triste dagoela

Gorka Bereziartua
0
San Sebastian, parte zaharreko pintxo batzuk pagatu ostean. Grekoa, 1610-1614; olioa mihise gainean (detailea).

Ez sartu donostiarrekin, oso sentsible dabiltza eta. Egia esan, a ze ratxa: kendu dizkiete estropadak –eta inori inporta ez zaion arraun-demaren aitzakian parte zaharrean txikoteatzeko plan-plin-plana–, kendu dizkiete santumatxak –lehen esandakoa egiteko beste motibo bat, baina Gucci gorabehera baserritarrez mozorrotuta– eta orain kendu diete danborrada –eta 19ko gauean etxean geratu beharko duten gazteek joko duten Iriyarena izango da, inoizko literalenaz gain, inoizko tristeena–.

Triste, hori da hitza. Tristurak blaitzen du Irutxulo. Egunak triste. Gauak tristeago. Tristeak dira Donostiak emititzen dituen mezuak. Eta egin egingo den –aber Urkullu, utzi niri idazten– haurren danborrada deskafeinatuaren detaileak esplikatzeko udal-komunikatuan, hau jarri du norbaitek: “Urte batzuk barru, gogoratzen dugunean, ez dugu Alderdi Ederren bildutako ehunka haurren irudi bereizgarri hori izango, udaletxeko erlojuak 12:00ak jo eta Donostiako Martxa noiz entzungo zain eta urduri. Baina, aldi berean, gogoratuko dugu, guztiok pixka bat gure aldetik jarrita, haur danborrada beste formatu batean egin ahal izan zela”. Aix, ez, ez naiz hunkitu, zerbait sartu zait begian, besterik ez.

Baina zerbait egin behar da tristura honekin, benetan, zeren kontuak galbide beretik segitzen badu, hemen umorea ez du piztuko ezta aurten Europako Gabonetako Hiriburu izateak ere, zeinak prometatzen duen Donostia kokatzea nazioarteko eguberrien mapan, aurretik titulu hori jaso duten Torrejon de Ardoz edo Medina de Riosecoren pare –erraz esaten da–. Asko kosta da izendapen hori lortzea, seguru. Lehenbizi konbentzitu behar izan baitira ulermen estua duten betiko patxikontrak: begi hauekin ikusia dut udal pleno batean jendaila hori eskatzen Gabonetan argi gutxiago jartzeko, gastu asko zela eta abar. Belarri hauekin entzuna dut orduan alkateordea zen Ernesto Gasco, bizitza asko salbatu zituen interbentzio bat egiten: “Egunak laburragoak dira, jendeak problema depresibo gehiago du, tristura handiagoa… historikoki egoera horiek saihesteko jarri izan dira Gabonetako argiak”.

Hau dena kontatzen ari naiz zeren joan den astean, liburu-aurkezpen bat zela istorio, aukera izan bainuen parte zaharrean pixka bat paseatzeko. Eta “hiriaren bihotza eta sabela” hori baldin bada, punpa gutxi eta ultzeraren bat bai, gutxienez. Pertsianak jaitsita, tabernak salgai, laster eror daitezkeenei buruzko zurrumurruak. Ostalariek “bertako bezeroaren nolabaiteko urruntzea” sumatu omen dute. Ez dago deretxorik. Turistek kruzeroa abandonatu eta tabernak egoera zailenean daudenean, ez diete ba donostiarrek muzin egiten lau euroko pintxoak pagatzeko betebehar zibikoari?

Eskerrak etxera itzultzeko kotxean sartu nintzenean argi batzuk ikusi nituela: “Bitcoin Exchange” dizdizka Bulebarreko lokal batek; Hernani kalean zerbait saldu nahi duen pantailatzar bat, lehen Batzokia zegoen lokalean; Abenidan Porsche baten faroak, eta tipo bat barruan oihuka; eta esperantza guztiak galduta Santa Katalina zubia gurutzatzen ari nintzela, errebelazio bat. Egoera honetatik ateratzeko instrukzioak, muturren aurrean, Kursaaleko kuboetan proiektatuta: “Escuchar. Hablar. Hacer. Caixabank”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA