Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Otsaila (a plagiarised tribute to Kevin Killeen)

Gorka Bereziartua
2022-02-14
1
Kevin Killeen, bere 'February' maisulaneko une batean.

Otsaila da urteko hilabeterik txarrena, baina hilabete zintzoa da, ez du bizitza erakusten benetan dena baino politago. Alegia, begiratu ingurura, eraikin hauei: ematen du ez daukatela argi bakar bat ere lanegunak irauten duen bitartean; badirudi hemen zerbait ederra gertatu zela, baina bukatu dela. Eta horrelakoxea da otsaila. Ikusten duzu jendearen ibilera, ze itxura duten eta… goazen, goazen begiratzera otsaila nolakoa den.

Zaborretan botatako aterki horrek dena esaten du. Udaberriko diseinua dauka, lore-itxurakoa, baina norbaitek, otsaileko egun honetan, abandonatu egin du bere kirten puskatuarekin, jada benetakoa ez den desesperatutako maitasun-kontu baten amaieran bezala. Espedizioa etsigarri bihurtzen ari da, jendea gauzak bazterretara botatzen hasi da.

Begiratu hiriaren erdialdeari otsaileko lanegun batean. Daukan itxurak gogora ekartzen du leku bat, nora bidaliko luketen zerbaitengatik zigortu duten jendea. Otsailean jendeak kalea nola gurutzatzen duen ikusten baduzu, oso desberdina da udako hilabeteekin konparatuta: inork ez du klakerik dantzatzen, inor ez da ari Eganen Mexiko kantatzen. Bazkalordua da eta justu-justu dira gai beste espaloiraino iristeko, lurruna darion babarrun-plater baten gainera makurtzeko.

Karbohidratoak garrantzitsuak dira urte-sasoi honetan. Kremak ere bai, mundu guztiak azkura baitauka, eta nekatuta dago, eta haserre.

Lurra bera ere nekatuta dago otsailean. Normalean ikus ditzakezun txori gehienak Andaluziara joanak dira eta inoiz poztu gintuzten zuhaitzei begiratzea ere gogorra da hilabete honetan. Badirudi nolabaiteko egia ikaragarriren bat dagoela hor, zuhaitz horietan; adarretan gordeta dago, begira: denbora luzez enbarazu egin dizun zerbait dago hor. Zer da? Ia ikusi egin dezakezu daukan forma, kolore guztia joan denean, bizitza bere adierazpen minimoetan dagoenean, otsaileko gordintasunean.

Otsaileko desolazioa ezkutatu nahian, gizakiak inauteriak asmatu zituen. Baina otsailak kolpea itzuli zuen hausterre-egunarekin: ze beste hilabetetan ospa daiteke zerbait, diseinatua dagoena gogorarazteko guztiok hil egingo garela? Hori da otsaila: goibela, zintzoa; eta ezer ezkutatu gabe esaten dizu nolakoa den benetan.

Nire aitak esan ohi zuen, otsailari eusteko gai bazara, beste urte batez biziko zarela.

Bueno, ez, hori ez zuen nire aitak esaten, Kevin Killeen kazetariarenak baizik. Baina hain da deprimentea otsaila, hain nago abailduta hilabete honen erdia –erdia besterik ez– jasan ondoren, aste honetako artikuluaren %83 kopiatu dudala, moldaketa txiki batzuekin, St. Louiseko (AEB) KMOX kateko profesional horrek duela sei urte argitaratu zuen pieza batetik, zeinak bi minutu pasatxorekin, gutako gehienon karrera periodistikoak baino gehiago balio duen; zeinak justifikatzen duen telebista asmatu izana bera ere, giza-kondizioaren egia absolutu eta ukaezin bat erakutsi digulako.

Ez galdu originala, mesedez.

Plagio hutsa, esango duzue. Ba bai, hala izango da: ez daukat indarrik, ezta defendatzeko omenaldi gisa egin dudala ere. Benetan, buka dadila hilabete hau.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

kevin killeenotsaila
1 Iruzkin
    BOST MINUTUKO IKASTAROA! egin dezaket, egin ahal dut / Gorka Bereziartua / Adur | Eskolaegunezegun (e)k dio: Erantzun
    2022-02-21, 13:47

    […] seko mikaztuta –edo agian bai, azken bi urteetan denok gaude pixka bat; zer esanik ez urte sasoi honetan–, baina sormen-lanek horrelako frustraziotxoak maiz samar probokatzea beste zerbaiti ere zor […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Shakespeare forala2022-02-07
Nobela batek ez du parrizidiorik eragiten (baina iraultzarik ere ez)2022-02-15
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA