Nobela batek ez du parrizidiorik eragiten (baina iraultzarik ere ez)

Gorka Bereziartua
0
Egilea: Pexels (Pixabay License)

Duela aste bat gertatu da: 15 urteko gazte batek gurasoak eta 10 urteko anaia txikia hil ditu tiroka Elxen (Alacant, Herrialde Katalanak). Horrelakoetan ohikoa bihurtu den moduan, mota guztietako hedabideak lehia betean ari dira geroztik, krimenarekin lotutako edozein datu argitaratzeko. Xehetasun horietako bat zenbait hedabidetan nabarmendu dute: parrizidak liburu bat irakurri zuela, Nando Lopezen La edad de la ira (“Haserrearen adina” edo “Haserrearen aroa” gisa itzuliko genuke euskarara).

Nobela horren abiapuntua, hain zuzen, klase ertaineko gazte batek egindako krimena da: aita hiltzen du eta anaietako bat larri zaurituta utzi. 1+1=2 beraz: gertakariaren detaile hori medioetan nabarmendu dute eta orain publikoaren zati batek pentsa dezake liburuak harremanen bat izan dezakeela hilketarekin. Ez da zaila aurreikustea datozen egunetan norantz jo dezakeen eztabaidak: ondo egin zuten gaztearen irakasleek institutuan liburu hori gomendatu zutenean? Ikasketa-planetan dauden ze beste liburutan agertzen dira parrizidioak? Talakarik ez da faltako.

Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenbiziko aldia: Columbine institutuko sarraskiaren ondoren, hedabide asko hasi ziren azpimarratzen hiltzaileek Rammsteinen musika entzuten zutela. Etxetik hain urrun joan gabe ere, duela urte batzuk Euskal Herrian bere buruaz beste egin zuen gazte baten kasuarekin lotuta, eztabaidatzera iritsi ziren ea ETBk Thelma & Louise filma egun batzuk lehenago emititu izanak zerikusirik izan ote zezakeen.

Hainbestetan errepikatu da patroi sinplista hori medioetan, meme bihurtu dela. Beraz, har ditzagun minutu batzuk barre egiteko, Goldie Lookin Chain taldearen kanta honekin: Guns Don’t Kill People, Rappers Do (Armek ez dute jenderik hiltzen, raperoek egiten dute).

Hor jarraitzen duzue? Segi dezagun ba.

Bai, badakit: hau irakurtzen ari zareten gehienoi nahiko absurdoa iruditzen zaizue pentsatzea liburu, musika edo pelikula jakin batzuk horrelako ekintza lazgarrien eragile izan daitezkeenik –bide batez, deigarria da Elxeko kasuan liburuaz zenbat hitz egiten ari diren, eta ze gutxi gazteak bizi zen etxean bertan esku-eskura zeukan eskopetaz–.

Problema, ohiko moduan, gauzak alderantziz planteatzean hasten da. Liburu bat irakurtzeak ez zaitu parrizida bihurtuko. Baina bihur zaitzake militante? Ez du hilketarik eragiten, ados. Iraultza egiten, aldiz, lagun dezake? Alegia: nobela baten edukiak, talde musikal baten mezuak edo pelikula batenak bultza ditzakete ekintza positiboak plano politikoan? Ez dut uste kontu honetan gauzak hain argi dauzkagunik. Edo are kezkagarriagoa iruditzen zaidana, batzuetan susmoa daukat “euskal ezkerra” dei diezaiokegun amalgama sozial geroz eta zatikatuagoa batzen duen gauza apurretako bat dela galdera horiei baietz erantzutea.

Kontu ziklikoa da noski. Duela urte batzuk gainditua zirudien ikuspegia zen, baina pixkanaka-pixkanaka berriz instalatu da kultur eztabaidan sormen-lanei benetan inoiz izango dutena baino askoz ahalmen politiko handiagoa aitortzeko tema. Eta horren eskutik, lan horien berezko logikari arrotza zaien modu batean interpretatzea.

Ia beti sakoneko operazio beraren bitartez gertatzen da, eta Susan Sontagek 1964ko Interpretazioaren kontra saiakeran oso modu zorrotzean kritikatu zuen: obrak aztertzen dira “edukia” eta “forma” bereiziz, bigarrenari garrantzia kenduz eta lehenbizikoa funtsezkotzat joz. Azkenaldian, adibidez, obsesio bihurtu da artelanek zer-nolako balioak transmititzen dituzten aztertzea. Filtro estu horretatik pasa behar dute lan guztiek; frogatu behar dute ez bakarrik ez dutela parrizidarik ekoiztuko, baizik eta balore aurrerazaleak transmititzeko baliagarriak direla.

Sontag kategorikoa da gauzen ulerkera horren aurrean: “Artelana eduki-zatiz osatuta dagoela dioen teoria oso eztabaidagarrian oinarritzen den interpretazioak, artea bortxatzen du. Erabiltzeko artikulu bihurtzen du artea, kategoriaz osatutako eskema mental batentzat egokituta”.

Saiakera haren amaieran, Sontagek proposatu zuen artelanekin harremanetan jartzean hermeneutika gutxiago eta erotika gehiago behar genituela. Uste dut garaia iritsi dela ikuspegi hori berreskuratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA