Lurralde okupatuak

Gorka Bereziartua
0
Donostia erdialdeko terraza bat (argazkia: Dani Blanco).

Zisjordania, Mendebaldeko Sahara, Krimea eta orain zure etxe pareko espaloia. Noiz demontre kendu behar dituzte covidaitzakian tabernek anexionatutako terraza horiek? Ba ez dago batere argi. Agindu kontraesankorrak. Behe lainoa. Etsaia identifikatzea ere kosta egiten da –birusa zen? Atzeraldi ekonomikoa? Litroak egiten dituzten gazteak?–. Terrazak, politikaren jarraipena beste bide batzuetatik.

Prentsan Ezkerraldeko mugimenduen berri: Barakan hasi dela jada kalearen birkonkista, baina Portun ez, “ostalariek inauteriak aprobetxatu ahal izateko”. Donostian alkatea pentsakor, pixka bat itxarotea komeni dela –nola ez duzu itxarongo, gremioko buruak 300 pelikulako Leonidasen kuadrilla bezala ikusten badituzu, “ez ukitu gure tralala, a-hu!” oihu egiten: jende horrek beldurra ematen du–.

Bilbon ere luzamendutan: Aburtok erronda egingo duela sektorekoekin –ez dakigu zentzu metaforikoan ala tabernaz taberna; edozer gauza espero liteke, komertzio txikia irmokiro defendatzeko alkandora bat erosi zuela urbi et orbi iragarri zuenetik–.

Iruñean, Maya terrazetako batzuk mantentzearen alde, zezen-plazaren inguruan-eta –ez du esan zerbait edateko azal kolore konkreturen bat eduki beharko ote den, gaitzerdi–.

A, azkenean, hemen dago fronteko lehen lerroa: Gasteiz. Gerra-parteak dio ordenantza berri bat onartu dutela, urte osoan terraza estaliak baimenduko dituena eta tabernei aukera emango diena argindarra eta berogailuak jartzeko. Pintxo eta kañaz dekoratutako arkitektura neotxabolista horretatik abiatuta, laster dugu baten bat kaleari kendutako metroak Idealistan iragartzen, “loft polita hiriaren erdi-erdian” edo antzeko esaldiren batekin.

Ez duzu manifestaziorik ikusiko pandemiari esker tabernek lortu dituzten espaloi zatiak herriari itzultzeko eskatuz. Bueno, ez dut uste –egia esan, Manifologia nahiko diziplina konplexua bihurtu da garai moderno hauetan, gauza oso arraroengatik ateratzen da jendea kalera, adibidez vapping-ak bizitzak salbatzen dituela aldarrikatzeko–.

Terrazen kontu honekin, ordea, gertatzen da Schrödingerren katuarena: une berean egon zaitezke bi egoera itxuraz antagonikotan. Terrazen erabat kontralde.

Teorikoki, zibikoki, ilustratuki, totxoki, badakizu ez dagoela eskubiderik negozio batzuek kale-puskak horrela irensteko. Eta alkateren batek ostalari rude clubaren aurrean burua makurtzen badu, kritikatzen duzu. Eta ateratzen zaizkizu “espazio publikoaren okupazioa” bezalako tramankuluak ahotik. Eta abar.

Baina gero iristen da aste gogor baten ondoren zerbait hartu nahi duzun momentu hori, zeinean garagardo hotz baten aparrak dirudien Rapunzelen adatsa; zeinean pasatzen zaren “terrazak” abstraktutik “eserita nagoen terraza hau” konkretura; zeinean, zintzurrean behera doan nektarrarekin batera, “ostalarien lobby-a” pentsamendutik desagertzen den; zeinean zure burua engainatzen duzun, “tragoa atera digun pertsona honek ere bizi beharko du ba” esanez.

Momentu horrek zerbait esplikatzen digu bizi garen makinaren mekanikaz: niberalismoaren arma nagusiak ez direla kontzeptuak, ohiturak baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA