Apirilaren 20an jaio zen Adolf Hitler eta apirilaren 20tik aurrera barrualdeetan ez da derrigorrezkoa izango maskara janztea Hego Euskal Herrian. Kasualitatea? Ez dut uste. Bale, Ipar Euskal Herrian martxoaren 14an kendu zutela, baina ze kointzidentzia, egun horretan jaio zen Billy Crystal, zeinak führer-aren aldean gizateriari hainbesteko kalterik eragin ez dion arren, ez daukan onura publikoen zerrenda oso luzea ere –nahiz eta gutxienez esan ahalko duen Oscar sarien galak aurkeztu zituela musukorik gabe eta, garai hauetan inportanteagoa dena, masailekorik gabe: nire kondenarik irmoena lerro hauetatik Bel-Airreko printzeari–.
Harira: beldur pixka bat ematen dit berriz ere jendea maskararik gabe leku guztietan ibiltzen hasteak, auskalo zer arrisku biologiko pilatu den bi urteotan sudurretik kokotserako tarte horietan. Ez naiz epidemiologoa, baina –aurreko hitz hauek ze modan egon ziren duela ez hainbeste, e?– iruditzen zait datorkiguna, koronabirusa bezalakoa izango ez bada ere, beldurgarri samarra dela: gure lagun halitosia agertuko da eszenan bat-batean, bortizki, kontrolaezinki, eta ahaztuak genituen kiratsek jazarriko gaituzte munduaren ipurdiko azken zuloraino ihes egiten badugu ere. Ez dakit zeren zain dauden erakunde publikoak dokierki banatzen hasteko Fisherman’s Friend karameluak. Eta desastre honen atarian, nazioarteko komunitatea isilik.
Egia esan, zenbat debate maskara dela eta ez dela. Izenetik hasita: maska, maskarilla, maskara. Gaztelaniaz artikulu femeninoarekin, frantsesez berriz maskulinoarekin; eta euskaraz, problema horietaz libratu, beste batean sartzeko: musukoa esan behar zela, and I think it’s beautiful –baina egia esan ez, eta orain hitza prentsan gutxiago erabiliko dugunez, lasai esan dezaket gauzak alferrik konplikatzeko gure gaitasunaren beste erakustaldi bat egin dugula kontu honekin–.
Beste gauza guztiekin bezala, maskarak erabiltzeko eran ere klaseak eta klaseak egon dira. Batzuen kasuan, apirilaren 20an kenduko duten maskara hori, zehazki hori, 2020ko apirilaren 20an jantzi zuten bera da. Eta, bueno, imajinatzen dut bereiztea prozesu konplexua izango dela: egun batean farmazian erosten duzu, bizitza berri bat hasten duzue elkarrekin eta konturatzen zarenerako, bizarra atera zaio. Eta orain etxetik badoala esaten dizu. Ai.
Beste batzuk libertinoagoak dira eta egunero aldatu dute, kolore guztietakoak dauzkate goizeroko arroparekin konbinatu ahal izateko, eta pentsatzen dut orain outlet bat egin beharko dutela. Material birziklatuekin arropa egitea modan dagoenez, igual hau da momentua negozio bat martxan jartzeko, nahiko seguru bainago euskal merkatua monopolizatu duten Ternua markako horietako batzuk juntatuta atera daitekeela Batmanen mozorro nahiko itxuroso bat hurrengo inauterietarako.
Izan ziren jantzi nahi izan ez zutenak. Izango dira kendu nahi ez dutenak ere. Haiei eskainitako ereserkiarekin amaituko dugu aste honetakoa: “Euskal Herrian maskaraz nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi maskaraz eta hortara goaz; bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz. Maskara gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara”, eta abar. Bai, Natxo de Felipe, badakit: egin berri dudan honek ez du barkamenik merezi.