Korrika bai, baina

Gorka Bereziartua
3
Argazkia: AEK.

Bai, bai, denak Korrikan, baina gero lagunekin erdaraz. Hemen gaude euskararen alde, baina hitz egin dezala zure amonak kuadrillakoekin musean aritzeko geratzen denean. Ika, ika, ika, baina ze erraza den bi urtean behin kilometrotxo bat korri egitea, merke dago gero argazkian euskaltzale agertzea. Euskal Herrian euskaraz, baina Korrikari buruzko txioa ingelesez, all over the world zabaldu dadin.

Baina begira beste hori, bai, horko hori, nik ezagutzen dut, horri bost axola AEK eta letxe guztiak, hori entrenatzen ari da hurrengo asteko ultra-trailerako, ni ez nau engainatzen. Baina ze matau klase izan behar duzu ilunpetan, elurretan, galtza motzetan furgoiari bultzaka aritu direnak bezala ibiltzeko. Baina taberna horretakoek ere hartu dute lekukoa-eta; gero barran “hay caldo” bakarrik daukate jarrita, en castellano para que entendamos todos.

Korrika bai, baina horien ondoan ez. Korrika bai, baina ez nahastu politikarekin. Korrika bai, baina hasierakoa, maketakoa, mainstream bihurtu aurrekoa. Korrika bai, baina presoen argazki horiekin ez du ezer egingo antolakuntzak? Korrika bai, baina ea aurtengoan gure alkatea ez duten kurba batean botata uzten aurrekoan bezala. Korrika bai, baina lekukoa daramaten gehienak gizonak. Korrika bai, baina sozialismoa da hemen inporta duena. Korrika bai, baina independentziarik gabe euskara ez da salbatuko. Korrika bai, baina ea noiz jartzen duten pedalka funtzionatzen duen furgoneta bat gasolina erretzen ibili ordez, zeren klima aldaketak Euskal Herria basamortu bihurtzen duenean ez du gogorik emango ezta sanskritoz hitz egiteko ere.

Baina beste horiek ez al ziren aritu hasieran esaten Korrikaren asunto honen atzean ETA zegoela? Baina mesedez, ertzainek ere kilometro bat hartu dute-eta auzoan, total, gero berdin-berdin jarriko dizute salaketa beraiei euskaraz egitea okurritzen bazaizu. Baina zer diozue aurtengo abestiaz, eske ez da bakar bat ere salbatzen, e?

Bai, bai, denak Korrikan, baina ez zarete hainbeste emozionatzen EGA penkatzen duzuenean. Baina euskaltegian dabilen batekin ere ez zarete-eta kapaz zuen euskalki itxi hori pixka bat lasaitzeko. Baina ikastolako batu hori egiten ez duen edozein “pixka bat kaxeroa” dela esaten duzue-eta. Baina beltz bat parean tokatzen zaizuenean automatikoki erdaraz egiten diozue-eta. Baina ze pereza. Baina zenbat hipokrisia.

Bai, bai, denak Korrikan, baina nire herritik goizeko ordubietan pasako da aurten, aber zein atera daitekeen ordu horretan eta hurrengo egunean lanera joan. Baina beti hiriburuetan bukatu beharra ere. Baina kilometro bat eskatu eta Portomokoko ixkinan eman ziguten-eta; mundu guztia begira dagoen erdiguneko kilometroa entxufatuentzat beti.

Bai, bai, denak Korrikan, baina hauetako bakar batek ere ez du gero liburu bat euskaraz irakurtzen –eta erdaraz irakurriko balute, gaitzerdi–.

Bai, bai, denak Korrikan, baina azkenean ni ere bai. Baina konplikatua da esplikatzea, liatu ninduten eta… Baina ez esan inori. Baina, egia esan, ondo pasatu nuen. Baina pixka bat emozionatu ere bai. Baina zin dagit hau pasatzen denean berriz ere beti bezain petrala izango naizela, hainbeste urte hiperkritiko fama lortzeko aitzur eta pala ibili ondoren ez da komeni bihozñoa gehiegi erakustea.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA