Feijooren aberrija genetikoa da

Gorka Bereziartua
0
Alberto Nuñez Feijoo Bilboko Euskalduna jauregian (argazkia: Europa Press).

Ez dakit nolakoa izango den Alberto Nuñez Feijoo PPko lider bezala. Txorradak produzitzeko makina bezala oso efikaza dela erakusten ari da. Joan den astean Bilboko Euskalduna Jauregian egun bereziki emankorra zeukan. Carlos Iturgaizekin batera jendaurrean jolasten eta enredando zebilela kontuan izanda, logikak agintzen zuen ekitaldi horretatik titular txiripitiflautikoren bat ateratzekotan Santurtziko akordeoilari famatuenaren ahotik aterako zela. Baina gertatu dena gertatu denez, pentsatzen hasi beharko dugu Feijook ere momentu gogoangarriak eskainiko dizkigula hemendik aurrera, bere pazotik aterako baita zezen-larru osoan barrena gaita jotzera.

Gaztetan Marcial Dorado narkoaren druidaren marmitan erori zenetik PPko beste inork baino gaitasun handiagoen jabe omen den izaki honek, zera adierazi zuen: “Nola ez dut euskal jendea maiteko? Seme bat dut gutxienez %25eko euskal genetika daukana. Aitona Euskal Herrikoa du eta ama 18 urtez bizi izan zen Bilbon. Ulertuko duzuen moduan, nire semeari begiratzen diodan bakoitzean Euskal Herriaz akordatzen naiz”. Ez dakit zenbat aldiz ikusiko duen semea Feijook, baina maiz samar egiten badu, Orreaga Iritzi Taldearekin konpetitzeko moduan dago Euskal Herriari buruz pentsatzen inbertitutako orduetan.

Dena den, euskal genetikaren portzentajea neurtzeko sistema bat postulatzen duen esaldi horrek sakoneko aldaketa ideologiko baten itxura dauka: eskuin espainiar nazionalistaren buruzagi berria Arana Goiri’tar Sabinen ideiak bere eginez, haren gaur egungo jarraitzaileei ere lotsa emango liekeen moduan. Lehen “¿qué pone en tu DNI?” galdetzen zutenak orain “¿qué pone en tu ADN?” galdezka.

Sabin Etxean algararen bat entzungo zen ateraldiaren berri izan zutenean. Abdominal crossfiteroak lortzeko moduko barre-saioaren ondoren, igual norbaitek agendan apuntatu zuen: “Deitu Feijoori sinfalta, rolloa nahi du”. Zeren, nik uste dut politikak horrela funtzionatzen duela, eta berdin dela mikroaren aurrean jarrita bota duzun bertsoan zerk errimatzen duen “txindi” hitzarekin –portzierto, ze pena “dirua” euzkera garbijan esateko modu hori galdu izana–; hemen inportanteena mezua iristea da, azido desoxirribonukleikoaren bidez bada ere: Feijoo [bihotzaren emotikonoa] Basques. Pixka bat Urkulluk “I love Cat” txiokatu zuen une historiko hartan bezala. Baina pixka bat gehiago CiUrekin gauza lizunak egiteko Aznarrek “intimitatean” katalanez hitz egiten zuenean bezala.

Eszenifikatu egin behar dela, alegia. Eta badirudi orain estreinatu nahi duten antzezlana dela PP moderatu bat, periferietako indioak ulertuko dituena eta abar. Zeren haurtzaindegira bueltan bidali duten Pablo Casadorekin entseatu zuten “ultras sur” estiloak eman dizkien emaitzak nahiko erdipurdikoak izan dira –eta konkretuki paraje hauetan, oso ipurdikoak–.

Lastima da obra berri honetarako euskal PPk eduki dituen bi aktore guapoenak –Quiroga eta Semper– jada ez daudela. Iturgaiz bezain graziosoak ez ziren, ados, baina nik behintzat oso ondo pasatzen nuen ikusten nola abertzale zintzo askok desiraz beteriko fantasia errudunak edukitzen zituzten fatxaliberalez pentsatzen. Genetistentzat ez dakit, baina psikologoentzat bazegoen lan-esparru bat hor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA