Belaunaldi-haustura

Gorka Bereziartua
0

 

Nola gertatu zen imajinatzen saiatzen ari naiz. Entrenamendu bat, beste edozein bezalakoa. Korrika ari da, beste edozein jokalarirengandik erabat desberdin, bakar, ezinbesteko egiten duen oinkada horrekin. Eta bat-batean, klaska. Ezkerreko belauna. Aurreko lotailu gurutzatuak puskatzen denean egiten duen soinu hori, beste edozein soinuren aldean hain diferentea. Albiste txarrek ateratzen duten hots terriblea. Adituen arabera, haustura larrienetan belaunaren jabeak bakarrik ez, inguruan daudenek ere entzun omen dezakete. Klaska. Femurra eta tibia erremediorik gabe elkarrengandik deslotzen. Mikel Oyarzabalen ezkerreko belauna, egoeraren laburpen gisa.

Dei nazazue fribolo. Esadazue: mundua dagoen bezala eta zu futbolaz. Ez duzue ikusten belaun hori puskatzea sintoma bat dela. Ez dela talde konkretu bateko jokalari zehatz baten artikulazio jakin bat bakarrik geratu kolokan. Oyarzabalen belaunean ikus daitekeela zintzilik geratzen ari den belaunaldi oso bat, pasa behar izan dituena bi urte putapeniko eta, egoera hobera etortzen ari zela zirudienean, klaska, jaso duena garai putapenikoagoak datozen iragarpena.

Mitologia greziarretik ezagunak zaizkigu Sisiforen harria eta Akilesen orpoa, metaforen meategiak balira bezala ustiatzen dituzte eliteko kirolariren bat lesionatzen denean. Baina Oyarzabalena –eta harekin batera Oyarzabalen belaunaldia– tropo batean kapsulatzekotan, badago beste mito bat egokiagoa: Tantalorena –irakurri izena bi begiekin faborez, ez nahastu gure Tartalorekin–.

Zeusek aintzira bateko uretan belaunetaraino murgilduta egotera zigortu zuen Tantalo. A ze zigorra, esango duzue, aber jainko greziarrak ez diren hain kabroiak izango azken finean; itxoin, itxoin, utzi dena kontatzen: Tantalok eskura zeuzkan inguruko fruitu-arbolen adarrak, baina tripa zimurtzen zitzaionean, fruta freskoa hartzeko eskua luzatzen zuen eta adarrek atzera egiten zuten. Beti. Ezin ezer ahoratu. Egarri zelako makurtzen baldin bazen, beste hainbeste. Urak ere atzera egiten zuen. Tantalo, eternitate osorako gose eta egarri, asetzeko behar zuen guztia begi-bistan eduki arren. Realeko kapitaina partidu bati begira bezala. Bere adineko gazte asko formazio edo enplegu-eskaintzei begira bezala. Pazientzia jainkotiarra eskatzen zaie.

Futbolarekin lotutako notiziek badute abantaila bat ordea, beste notizia gehienek ez dutena eta mitologia greziarrarekin zuzenean konektatzen duena: epika zilegi dela. Ezinezko itzulerak. Garaipenak. Beste edozein erregistrotan komiko samar bihurtu diren gauza horiek. Horregatik, nigan batere ohikoa ez den baikortasunez begiratzen diet bai belaun horri, baina baita, hedaduraz, belaunaldi horri ere. Ulertu behar da zer gertatu den. Agian presio handiegia jasan dutela. Agian gehiegi eskatu zaiela. Edo agian, besterik gabe, horrela gertatzen direla gauzak. Hautsitakoa hautsita, berreraikuntza-lanak dirudi une honetan ezinbestekoa, Oyarzabalen belaunaz ari bagara. Eta ezker hegaletik lasterkaldi gogoangarriak egin nahi dituzten gainontzeko guztiek ere, ondo egingo lukete artroskopia baterako zita eskatuta, nik uste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA