Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are, erretzen, entzuten eta esaten zituztela horrelako gauzak, inpunitate osoz. Informazio horiek ezagutu ondoren geratuko zara, gutxi gorabehera, aurretik zeunden bezala. Agian gogoa izango duzu galdetzeko zigarro mentolatu horietako batekin porroak nola geratzen ziren, baina galdera onak, ai, beti datoz burura formulatu zitezkeen momentua pasa ondoren.
Modaz pasatako gauzez ari gara gaur orduan. Aipa dezagun beste bat: Irungo San Martzial eguneko alardea iristen den bakoitzean berpizten den momia diskurtsiboa. Ez dagoela zer ospatu, Nafarroako Erresuma berreskuratu nahi zutenen aurkako garaipena izan zela duela 500 urtekoa; beraz, guk galdutako bataila bat ospatzen dela; eta hori okupazioa eta zapalkuntza goratZZZzzzZZZzzzZZZ. Ui, barka, begiak pixka bat bildu eta seko geratu naiz. Harira: kantziño hori entzuten hasi nintzenetik iruditu izan zait eskapismo ariketa bat, alardeekin dagoen gaur egungo debatean sartu ordez –ea emakumeek eskubidea duten gizonek bezalako presentzia publikoa edukitzeko edo zer–, iraganaren poltronan hankak zabal-zabal eginda geratzeko modu bat.
Baina eske gainera, kontuaren xehetasunetan sartzen bazara –Peio J. Monteanoren La conquista de Hondarribia liburu ona da horretarako–, dezente urardotzen da zenbaitek gudu horrekin buruan montatuta daukaten “irundar espainol salduak vs. Braveheart nafar abertzaleak” pelikula. Hasteko, batailan alemaniar gehiago zegoen uda honetan Mallorkan egongo direnak baino: 3.500 lanskenet guztira.
Pieza galantak omen ziren mertzenario alemaniar horiek, portzierto: garai hartan jendea hiltzeko zegoen teknologiarik puntakoena. Horregatik azpikontratatzen zituzten monarka guztiek. Pareko espaloiko erregeak lanskenetak dauzkala? Ni ez naiz gutxiago izango. Lanskenet bati aurre egiteko ez zegoen beste lanskenet bat erabiltzea bezalakorik. Irundarrek duela bost mendeko kontu honekin hainbeste flipatzen badute, arrazoia hori da: ez zela ohikoa hiltzaile profesionalen Bayern Munichek partidu bat galtzea nekazari armatuz osaturiko Real Unionen kontra.
Badaude beste detailetxo batzuk ere, pentsarazten dutenak 1520ko hamarkadan Behe Bidasoako jendea ez zela kriskitinak jotzen hasi, ezta biribilketa alegeran ere, tropa franko-nafarrak iritsi zirenean. 2.000 lagunek alde egin zuten Irundik Gipuzkoako beste herri batzuetara, kiskali zizkieten etxeak, urratu zizkieten arropak, konfiskatu uztak eta aziendak, goseak hiltzeko zorian utzi… eta itzultzeko aukera ere, erregeri leial izango zirela zin egin ondoren lortu zuten –Frantziako erregeri, alegia–.
Gauza hauek ikusita, iruditzen zait historia asko bihurritu behar dela Irungo ospakizunaren aurka narratiba nafar-indepe batetik egiteko. Agramondarrok, entxun, lagundu nahi disuet: igual hobe San Ignazio egunarekin jartzen bazarete, hor bai dagoela materiala mundu guztia dantzan jartzeko. Eta ezin bada dantza egin, ez da nire karlistada –edo nola zen esaldia?–.
3 Iruzkin
Ona iritzi artikulua! Garaipena nahiz porrota izan -nondik begiratzen zaion-, Alardea bi elementuren uztartzea da, garaipenagatik 1522an irundar garaileek -galtzaileek, Juan Aetza tartean, handik ospa egin behar izan zuten- egindako boto erlijiosoa, batetik, eta lehenagotik Gaztelaren menpeko lurraldeetan egiten zen urtean behingo arma erakustaldi edo ‘alardea’, bestetik. Bi egun ezberdinetan egiten zituzten hasieran, baina biak bateratzea erabaki zuten; dena den, gaur egun arte boto erlijiosoan (Aldabe edo San Martzial mendian) Alardeko parte-hartzaileen oso-oso kopuru ttikiak hartzen du parte; jende gehien-gehienari ajola zaiona festa da, alardean bertan nahiz horretatik kanpo.
Beste kontu bat da -latza eta oraindik puri-purian dirauena- emakumeek ezin dutela alarde baztertzailean kantinera gisa besterik parte hartu (eta gizonezkoek soilik egiten dute haien hautaketa, maiz senideen edota lagunen arteko fabore trukeen segida besterik ez dena). Alarde ez baztertzailearen aldarria beteranoa da dagoeneko, eta belaunaldi gazteak batu zaizkio urteotan, baita parte-hartzaile kopurua goititu ere (oraindik ere gizonezko ‘soldadu’ gehienek alarde baztertzailean parte hartzen segitzen duten arren).
1522 urrun hartan, urte bat zeramaten nafar legitimisten aliatuek -Frantziako Armada, hainbat lapurtar, gaskoi eta bestelakoez osatua- Hondarribiko gotorleku/herrian nagusi, eta orduan herri horren jurisdikziopean zegoen Irun (baita Lezo eta Pasai Donibane ere), baina azken honek zeukan gotorleku bakarra Behobiako gaztelu ttikia zen, Bidasoako pasabideak eta Nafarroa Garairako bidea kontrolatzen zituena. Nafar legitimistek tarte labur batez hartu zuten, baina berriro Gaztelaren aldekoen menpe erori zen. Testuinguru horretan gertatu zen San Martzialgo bataila hura, gaztelu horren inguruan eta hortik hurbil.
Porrotak porrot, garaipenak garaipen, historirako geratu diren gertaera horiek gogoratzean datza kontua, ez ospatzean ez tristatzean; alarde ez baztertzailean eta festa giro ez baztertzailean ere.
Artikulu ona eta interesgarria. Hala ere, ez zait argi geratu puntu nagusia.
Ezin bada gaur egungo jai bat haren jatorriaren ispiluarekin konfrontatu eta horren arabera zalantzan jarri (izan ere, ados egongo gara gaur egungo jaiak, status politikoa bezala, iraganeko gerra eta konkisten ondorioa dela), esklabista, konkistatzaile eta abarrekin ere konplexutasunaren argudiarekin uko egin behar al zaio haien estatuak eraisteari, tokiak berrizendatzeari, ohoreak kentzeari?
Haietako bakar bat ere, bereziki XVI eta XVII. mendeetara bagoaz, libratzen al da argi-ilunetatik eta konplexutasunetik?
Aupa, mila esker iruzkinagatik eta barkatu lehenago ez publikatu izanagatik (Twitterrez esan dizudan moduan, ez naiz oso maiz sartzen blogaren administraziora).
Zehaztapen batzuk beharrezkoak iruditzen zaizkit: nik ez dut esan gaur egungo jai bat ezin denik haren jatorriaren ispiluarekin konfrontatu. Esan nahi izan dudana zera da: jai horren jatorria modu jakin batean interpretatzea anakronismo bat dela. Alegia, historia ulertzeko ez dela oso bide emankorra XVI. mendeko gertakariak gaur egungo abertzaletasun independentistaren ikuspegitik berrirakurtzea, zeren hori egiten denean, besteak beste, oraingo joera politikoak iraganeko fakzioei atxikitzeko arrisku handia dago (agramondarrak lirateke independentistak, beaumondarrak nolabaiteko autonomistak eta Aldabe mendiko batailan aritu ziren Irungo herritarrak “zipaio” batzuk –ez naiz exageratzen ari, idatzi izan dira horrelakoak–).
Gai honetaz ni baino askoz hobeki aritu zen Santi Leoné ‘Euskal Herri imajinario baten alde’ (Elkar, 2008) liburuan, dena den.
1521tik aurrera Behe Bidasoan gertatutakoa prisma horretatik irakurtzeari problema ugari ikusten dizkiot gainera: bai Hondarribian, bai Irunen, populazioaren parte handi batek ihes egin zuen tropa franko-nafarrak (aipatutako mertzenario alemaniarrek presentzia handia zutela) iritsi zirenean. Oso zaila iruditzen zait populazio zibilarengan horrenbesteko eragina izan zuen zerbait askapen-gerra baten terminoetan berrirakurtzea.
Diozun kontu batekin ados nago, baina erdizka: “Gaur egungo jaiak, status politikoa bezala, iraganeko gerra eta konkisten ondorioa dela”. Bai, noski, iraganeko gerrek eta konkistek markatu dituzte gaur egungo estatuen mugak, erakunde politikoak eta abar. Baina hori historiaren parte oso inportantea izanik, ez da historia osoa. Gerrez eta konkistez gain, badaude erresistentziak, matxinadak, ospakizunak eta abar. Eta horiek ere gertatu dira eta kontatu behar dira gauzak osotasunean ulertu nahi badira, bestela geratzen delako “gu/besteak” eta “irabazi/galdu” eskemetan laburbiltzen den “historia” bat (eta lehen aipatutako ikuspegi anakroniko horretatik begiratuta, nahiko deprimentea da emaitza, bide batez).
Parisko Komunari buruzko narratibez ari da, baina historia berrirakurtzeko moduez ari den neurrian, uste dut Kristin Rossek Larrun honetako “Iragana bestela ere uler daiteke” epigrafetik behera erantzun ziguna interesgarria dela puntu horretan.
Eta konkretuki ekainaren 30ean ospatzen denari buruz, bai, 1522ko bataila du oinarrian, baina badago kontu bat nire ustez nahiko inportantea dena eta narratiba nafar-legitimista batetik alardea kritikatzen denean alde batera uzten dena: gaur egun ezagutzen dugun alardeari buruzko lehenbiziko erreferentziak 1880 ingurukoak dira. Horrek pentsarazten du Bigarren Gerra Karlistaren ondorengo egoeran hartu zuela forma konkretu hau orain urtero ospatzen den desfileak. Eta zentzua dauka, foruen abolizioaren ondoren herritarrek osatutako milizien arma-ikuskatzeak derrigorrezko izateari utzi ziotelako eta herri-kulturaren parte izatera pasa zirelako aldarrikapen foruzalearen tankera hartuz.
Gainera, uste dut zenbait gauza ulertzeko (nazio-kontzientziaren agerpena, gaur egun ospatzen ditugun jai batzuk eta abar) XIX. mendeak baduela bere garrantzia. Beste era batera esateko, ez dit laguntzen gauza handirik ulertzen historia kontatzeak XVI. mendetik XX-XXI.era zuzenean jauzi eginez, tartean gertatutako guztia (4 mende, alajaina) existitu izan ez balitz bezala.
Alardeak, azken finean, egokitzen joan dira testuinguru historiko bakoitzera, batzuetan errazago eta azken 25 urteei dagokienez, zailtasun handiekin, emakumeek jaian parte har ez dezaten sektore erreakzionarioenek oztopoak besterik ez dituztelako jartzen. Horregatik ere iruditzen zait nahiko problematikoa perspektiba nafar-legitimista hori azaleratzea justu hain eztabaida inportantea mahai gaineratu denean, eta ez lehenago.
Esklabisten estatuekin eta konkistatzaileenekin egiten duzun konparazioari dagokionez, uste dut beste bi fenomeno direla, beren ezaugarri konkretuekin aztertu beharrekoak. Ez dut nahikoa ezagutzen fenomeno horietako bakoitzaren historia planteatzen dituzun konparazio horiek baliagarriak diren edo ez esateko.