Irungo alardea eta Braveheart nafarra

Gorka Bereziartua
3
Argazkia: Irungo Alarde Publikoa.

Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are, erretzen, entzuten eta esaten zituztela horrelako gauzak, inpunitate osoz. Informazio horiek ezagutu ondoren geratuko zara, gutxi gorabehera, aurretik zeunden bezala. Agian gogoa izango duzu galdetzeko zigarro mentolatu horietako batekin porroak nola geratzen ziren, baina galdera onak, ai, beti datoz burura formulatu zitezkeen momentua pasa ondoren.

Modaz pasatako gauzez ari gara gaur orduan. Aipa dezagun beste bat: Irungo San Martzial eguneko alardea iristen den bakoitzean berpizten den momia diskurtsiboa. Ez dagoela zer ospatu, Nafarroako Erresuma berreskuratu nahi zutenen aurkako garaipena izan zela duela 500 urtekoa; beraz, guk galdutako bataila bat ospatzen dela; eta hori okupazioa eta zapalkuntza goratZZZzzzZZZzzzZZZ. Ui, barka, begiak pixka bat bildu eta seko geratu naiz. Harira: kantziño hori entzuten hasi nintzenetik iruditu izan zait eskapismo ariketa bat, alardeekin dagoen gaur egungo debatean sartu ordez –ea emakumeek eskubidea duten gizonek bezalako presentzia publikoa edukitzeko edo zer–, iraganaren poltronan hankak zabal-zabal eginda geratzeko modu bat.

Baina eske gainera, kontuaren xehetasunetan sartzen bazara –Peio J. Monteanoren La conquista de Hondarribia liburu ona da horretarako–, dezente urardotzen da zenbaitek gudu horrekin buruan montatuta daukaten “irundar espainol salduak vs. Braveheart nafar abertzaleak” pelikula. Hasteko, batailan alemaniar gehiago zegoen uda honetan Mallorkan egongo direnak baino: 3.500 lanskenet guztira.

Pieza galantak omen ziren mertzenario alemaniar horiek, portzierto: garai hartan jendea hiltzeko zegoen teknologiarik puntakoena. Horregatik azpikontratatzen zituzten monarka guztiek. Pareko espaloiko erregeak lanskenetak dauzkala? Ni ez naiz gutxiago izango. Lanskenet bati aurre egiteko ez zegoen beste lanskenet bat erabiltzea bezalakorik. Irundarrek duela bost mendeko kontu honekin hainbeste flipatzen badute, arrazoia hori da: ez zela ohikoa hiltzaile profesionalen Bayern Munichek partidu bat galtzea nekazari armatuz osaturiko Real Unionen kontra.

Badaude beste detailetxo batzuk ere, pentsarazten dutenak 1520ko hamarkadan Behe Bidasoako jendea ez zela kriskitinak jotzen hasi, ezta biribilketa alegeran ere, tropa franko-nafarrak iritsi zirenean. 2.000 lagunek alde egin zuten Irundik Gipuzkoako beste herri batzuetara, kiskali zizkieten etxeak, urratu zizkieten arropak, konfiskatu uztak eta aziendak, goseak hiltzeko zorian utzi… eta itzultzeko aukera ere, erregeri leial izango zirela zin egin ondoren lortu zuten –Frantziako erregeri, alegia–.

Gauza hauek ikusita, iruditzen zait historia asko bihurritu behar dela Irungo ospakizunaren aurka narratiba nafar-indepe batetik egiteko. Agramondarrok, entxun, lagundu nahi disuet: igual hobe San Ignazio egunarekin jartzen bazarete, hor bai dagoela materiala mundu guztia dantzan jartzeko. Eta ezin bada dantza egin, ez da nire karlistada –edo nola zen esaldia?–.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA