Pasa zaigu

Gorka Bereziartua
3

 

Sekulako desastrea iruditu zait. Inolaz ere gertatu behar ez zuen zerbait. Lantua joko dugu orain. Verdiren Requiem-a jarri –bolumen altu samarrean–. Erosiko ditugu azken liburuak, argitaratzen jarraituko ez balute bezala. Izan ere, ez dute argitaratzen jarraituko. Requiescat in pace, Pasazaite argitaletxea, joan den astetik badakigu jakin beharreko guztia, jakin nahi ez genuen guztia alegia. Akabo azken hamar urteetan euskaraz irakur zitekeen literaturarik onentsuena publikatu duen proiektua.

Kerouac. Blasim. Albahari. David Foster Wallace. Amaigabea nahi genuen zerrenda, aurten publikatuko dituzten bi nobedadeekin amaituko da. Kontua argitara ateratzean debate pixka bat piztuko zela behintzat espero nuen, ea zertan ari garen gure esparrutxo kultural honetan, hain gutxi eskatu eta trukean hainbeste eman digun proiektu bati ezin badiogu zutik eutsi. Inuzentea ni. Kausa handiagoetan buru-belarri dabil mundu guztia, ez dago denborarik horrelako gauzez kezkatzeko. Akaso interesik ere ez. Kultureta hitza oraindik irain gisa erabiltzen den leku batean bizi gara, izan ere. Asko eskatzea litzateke.

Zuloa geratuko da. Eta pentsatzea egon zela momentu bat zeinean horrelako apustuek posible ziruditen. Rothen Suminez, adibidez, gaztelaniaz atera zen garai beretsuan publikatu zuen euskaraz Meettok argitaletxe donostiarrak. Denbora bat lehenago, antzekoa egin zuen Alberdaniak, orduan Paul Austerren azkena zen Brooklyngo erokeriak nobelarekin. Ez apustu batek ez besteak zuten funtzionatu. Nork daki zergatik. Segur aski oraindik liburu-dendara joaten denean irakurle euskaldunak pentsatzen du nazioarteko literatura irakurtzeko modu bakarra erdarara jotzea dela.

Ulertzekoa da hein batean. Daukagun eskaintza ez da konparagarria gaztelaniaz edo frantsesez aurki daitekeenarekin. Urria da oso –eta pixka bat urriagoa aurrerantzean–. Rock and rollak Euskadin ez bazuen dirurik ematen, zer eman behar du kalitate oneko literatura itzultzeak eta argitaratzeak, noiz eta orain, eskoletan ere letren asuntua debaluatu baino debaluatuago dagoenean. Robotika eta horrelako gauzekin ez dago konpetitzerik.

Eta problema bakarra ez da mainstream-ean ikuspegi hori nagusi izatea. Toki guztietan da berdin, alternatibo izan nahi dutenen bandoan ere bai. Interes falta. Kasik pasotismoa. Galdu egin da, nik uste, gurea beste hizkuntzetakoen pare jartzeko borondate kolektiboa. Edo asko lasaitu, gutxienez. Horrelako gauzengatik iruditzen zait ez garela inoiz pasatzen garentxo honetatik. Igual kontua da, hain zuzen, ez dugula urrutirago joan nahi. Erosotasuna. Gora gu ta gutarrak. Irakurri bai, ma non troppo. Salduenen zerrenda begiratzea besterik ez dago. Albokoek zer irakurtzen duten –eta batez ere, zer ez–. Radarrik gabe ere detektatzen da arazoren bat dagoela hor. Topikoak jan diola lekua ñabardurari, singularitateari, hitz batean, literaturari. Ugaritasunak molestatu egiten duela. Denak kabitu behar duela gerruntze estuegi batean.

Urrin hori dario garaiari. Ez da leku askorik geratzen Pasazaite bezalako zerbaitentzat klima horretan. Letra larriz zerbait jartzekotan, dena den, Xabi Queiruga editoreak utzi digun lezioa jarriko nuke. Azken hamarkadan mundu asko ekarri dizkigu euskal letretara, onura kolektiboko apustu pertsonal bat eginez. Kopiatu nahi duenarentzat, eredua ez da batere txarra. Orain beste batzuen txanda da.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA