Zaborra izerditan eta aparretan

Gorka Bereziartua
0
Erromako kale bat uztail honetan, zaborrez gainezka.

A ze beroa, e? Eta oraindik geratuko da honi “eguraldi ona” deitzen dion baten bat. Kalera ateratzen zara eta airea hain dago muskulatuta, kickboxinga praktikatzen duela dinbi-danba zure Kantauriko gorputz atal guztien kontra. Jasanezina da.

Baina honetan ere, beste gauza guztietan bezala, badira kontsolatzeko arrazoiak bilatzen abilak direnak. “Udan gaude, a ze nobedadea” edo antzeko zerbait erantzuten dio beti-beti-beti norbaitek sareetan anomalia termiko-klimatikoez hizketan hasten den meteorologoari –baita udan egon gabe ere, zeren aurtengo udaberrian horrelakoak ikusita daude denetik ikusi zutela uste zuten bi begi hauek–.

Manca finezza”, esango luke horrelako erromeskerien aurrean Giulio Andreotti demokristau italiarrak, Espainiako demokrazia (tuju-tuju, ui, a ze eztula bat-batean) jaioberriari buruz galdetu ziotenean bezala. Finezia faltatzea problema inportantea baita, batez ere pilatzen hasiak diren arazoei darien usaina bilakatzen denean mando bat bere Domingo Kanpaina eta guzti lurrera botatzeko modukoa.

Kontsolamendu finen bat nahi duenak, beraz, begira dezala Italiara egunotan “han okerrago daude gu baino” esateko edo, behin hasita, gure oasietan gehiago estilatzen den “hemen hobexeago gaude han baino” bat esanda, eta zenbait abaniko kolpe garbosorekin, lasaiago gelditzeko. Izan ere, Italian eta konkretuki Erroman, bero kulturista honekin oso gaizki ezkontzen den zerbait pilatzen ari zaie kaleetan: zaborra.

Imajinatu zer izan behar duen zure gorputzari egun hauetan ezagutu dizkiozun perfume berriak konbinatzea jaso gabeko hondakin mendixkek eguzki galdatan izerditzen duten fragantziarekin. Sudurreko pituitariak ere opor batzuk eskatu behar ditu horren ondoren.

Zabor-meten artean pantailako notiziei begira nabigatzen duten erromatarrek gobernu-krisi potente baten albisteak irakurtzen dituzte. Bost Izarren Mugimenduko (M5S) kideek pasa den asteburuan bideo-dei bidez izan duten bilera baten albistea daukat aurrean eta, zer nahi duzue esatea, italiarrei buruz dauzkagun klixe guztiak greba egiteko moduan daude benetako politikari italiarrek egiten dieten konpetentziaren aurka: “Traidoreak, aurpegian ttu egingo dizuegu” oihukatu du batek, beste bi hondartzatik konektatu dira, Giuseppe Contek kamera eta mikrofonoa itzali ditu… dena nahiko katastrofikoa, baina ez oso serioa.

Eta hara non, Italiako Gobernua antzarak ferratzera bidal dezakeen egoera ulertu nahian nenbilela, “erraustegi” hitza ikusten hasten naizen. Aber, aber, zer da hori: ba antza denez, Mario Draghiren gobernuak inflazioaren aurkako neurrien dekretu batean tolestuta sartu nahi izan duela hiriburuan erraustegi bat egiteko baimena. Alegia, zaborrak molestatzen hasten direnean kapitalismo errealki existenteak aurkitzen duen soluzio magikoaren alde egin dutela han ere. Baina M5S –edo haren parte bat behintzat– kontra jarri. Bueno, eta ekologista guztiak klaro, baina zertarako egingo diezu kasu mundua sauna erraldoi bat bihurtzeko arriskuez duela ez-dakit-zenbat urtetik hizketan ari ziren hippy horiei?

Total, labur esateko, saltsa ederra daukatela Italian eta hemen hobeto gaudela. Beroa baldin badaukazu, sartu uretan freskatzera eta listo. Kasualitatez bainua hartzeko Arkaitzerreka aukeratzen baduzu, gure hondakinen kudeaketa aparretan dagoela ikusiko duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA