A ze belozidadea daraman urte honek, ezta Asier Martinez izango balitz ere aizue. Uztailaren bukaera hemen daukagu, furgoneta kanperizatuen konboiak Pirinioetara bidean dira honezkero, azken udatik urte bat pasata inork ez du asmatu mekanismorik gurpildun maletek ez dezaten egin zarata !*!?Σ#!! hori, samaldaka goaz low cost hegaldiak hartzera “azkena ipurdi gizena!” oihuka –Euskaltzaindia, aber behingoz esaldi horren baliokide ez-lodifoboren bat–, eta hutsik geratuko dira auzoak, herriak eta turistikoki esplotatzen ez diren zokoak oro, hutsik tailerrak, hutsik bulegoak; eta nahiko hutsik, baina ez Oteizaren hutsune metafisiko horietako bat osatzeraino, hedabideetako erredakzioak ere.
Leku arraroa erredakzio bat abuztuan. Norbaitek idatzi behar notiziak, baina, aldi berean, notizietan agertu nahi izaten duen jende hori guztia koltxoneta baten gainean flotatu nahian Benidormen. Prentsaren negozioa asmatu zutenek konpondu zuten arazotxo hori ordea, Matrixen funtsezko kontraesanetako bat agerian ez geratzeko –urte osoko brouhaha mediatikoa beharrezkoa ote den pentsarazten du, izan ere–, kazetaritza-genero oso bat inbentatu zutenean: albiste txetxeniarrak.
Abuztuko notizi-zuloa nola edo hala betetzen aritzen diren kazetariei deitzen zaie “txetxeniar” jerga periodistikoan –edo deituko zaie hemendik aurrera, kontzeptuaren momentu fundazionala bizitzen ari baikara lerro hauetan–. Eta iruditzen zait oporretan erredakzioetako kadira-kadirovak berotzen dituzten profesional bakan horiei gutxitan aitortzen zaiela duten meritua. Lehortutako putzutik ura ateratzen duenaren parekoa. Hutsik dagoen botila erdi beteta ikusten duenarena. Notiziaren inon ez egon nahia ez da haien ezinegona, gertakaririk liliputiarrena Altzoko Handi bilakatzeko gai dira.
Albiste txetxeniarren denboraldia titular honekin hasi dut nik: “Cierran una hora y media una de las piscinas de Mendizorroza por presencia de heces” (Mendizorrotzako igerilekuetako bat itxi dute ordu eta erdiz gorozkiak aurkitu dituztelako). Ez dut asuntuan murgildu nahi izan, ageriko arrazoiez gain publikatu duen periodikoak albiste osoa irakurtzeko pagatu egin behar dudala esan didalako –badakizue, kalitatezko informazioa ez da doan–. Inoiz ez dut jakingo beraz, Barne Produktu Gordinaren ezusteko agertze horren kulpantea nor den.
Scroll pixka bat eginez beste gauza askotaz enteratu naiz ordea: “Arabako txakurrentzako hotelak, beterik”, “Bi gizon mutur-joka hegazkinetik maletak lehenago ateratzeko”, “Iraeta estankoko Txarli loroak ‘egun on’ esaten du eta ‘Ikusi mendizaleak’ txistukatzen daki”, “1.000 pieza arkeologiko aurkitu dituzte Valentziako etxe batean, droga trafikoagatik erregistratu ondoren”, “Gizon batek bere gurasoak salatuko ditu, ‘beraren baimenik gabe’ eduki zutelako”, “Atxilotu bat Bartzelonako aireportuan, ileordearen azpian kokaina kilo erdi ezkutatzeagatik”, “Zer da zure hozkailuaren zarata hori? Hauek dira kezkatu beharko zintuzketen soinuak”. Eta abar.
Bale, ez dira Watergate kasua lehertu zuen ikerketa bezalakoak, baina kazetari gehienei tokatu zaie udako zuloak bete beharra, iniziazio-erritual moduko bat da. Ai, erredakzioan sartuta pasatako lehenbiziko uda hura: atzo izan zela ematen du. Orduan ikasi nuen pieza bukatuta egon arte aulkitik ez altxatzen. Eta onena izango da pieza hau ere bukatzen hastea, nostalgiak ez baitu asko pegatzen bero honekin.