Adierazpen publiko garrantzitsuak egiteko marroia egokitu zaion politikariarentzat irail honetako egoerak ez du erraza izan behar, hori behintzat aitortu beharko diegu. Berdin da alde batetik begiratzen duzun edo bestetik; gauza ipurdiz gora jarrita ere, elementuen nahasketak –gerra, inflazioa, energia-urritasuna, klima–, uzten duen kolorea beltza da, oporren osteko lehen astelehenean berriz ring laboralera ateratzeko hartu duzun kafe petrokimiko hori bezalakoa.
Eta ostitxartuta dabil mundu guztia. Eta ez da komeni txinpartarik piztea metxa motzeko giro honetan. Baina hain da erraza, halakoa da tentsioa, ia edozerekin haserretu dezakezula norbait. Eta norbait horrek telefonoan tap-tap egiten du, eta haserrea algoritmikoki biderkatzen da, eta samaldak kaleak hartzen ditu, eta kontainerrei su ematen hasten dira, eta listo: riot porn pila bat informatiboetan, kuxidade ederra rentrée-rako.
Mikroaren aurrean zerbait esateko obligazioa daukan agintari batek, noski, ez luke mota horretako eszenarik probokatu nahi hitzak milimetrikoki neurtu ez dituelako. Misioa, hortaz: zerbait esan, jendeak pentsa dezan problema handien aurrean lemazain handiak daudela barkua gobernatzen; baina pasa gabe, sistemaren josturak oso agerian daudelako bestela ere, eta gaur egungo egoeratik (beldurra) zerbait okerragora (panikoa) dagoen tartea gaizki aukeratutako hitz baten araberakoa izan daiteke. Herriari hitz egin behar zaio gehiegi eta gutxiegiren tarteko eremutik atera gabe: hori da kontsigna oraintxe bertan paraje hauetako agintari guztientzat.
Guztientzat? Ez! Emmanuel Macron izeneko galiar menderaezin batek komunikazio politikoaren eskemak puskatuz lortu du ezinezkoa zirudiena: aldi berean esatea munduaren, mendearen eta jendearen egoera orokorraz gauza gehiegi eta gutxiegi. Zeresan asko eman duen esaldi batean laburbiltzen da mirakulu diskurtsiboa: “Oparotasunaren amaiera bizitzen ari gara”. Titularrari suspentsea dario, airean uzten dituelako galdera asko –elementalena: eta zeren hasiera dakar horrek?–; horregatik da gutxi samar. Baina, era berean, gehiegi ere bada: ziklo historiko baten amaiera iragarri du, alajaina –zein uste dute direla frantsesek horrelako gauzak egiteko?–.
Baina gauzak zer diren: Macronek arrazoia daukala uste dut. Bueno, Macronek ez, etengabeko hazkundearen dogmak muga konkretu eta ukigarriekin topo egingo duela esaten 50 urte daramatzaten zientzialariek eta ekologistek baizik, zeintzuei, antza denez, orain kasu pixka bat gehiago egiten dieten.
Beste kontu bat da ea eredu inkontrolatu horri “oparotasun” deitzea den egokiena. Eta beste bat, energia urriko mundua iragartzen ari den Frantziako presidentea uda honetan bertan erretratatu zutela uretako moto baten gainean, oparotasunaren garaia azken tantaraino aprobetxatzen. Irudipena daukat Macron bakarrik ez, gainontzeko goi-agintariak ere horrela arituko zaizkigula kurtso honetan: abstinentzia energetikoa zuentzat, guretzat beti egongo da zilindrada handiko motorren bat.
1 Iruzkin
Motorik ezean besteok ere antzera dihardugula uste dut, gure neurrien arabera baina beti mugan, tamalez.