Odon, berriz Odon

Gorka Bereziartua
0
Odon Elorzak Donostiako alkatetzarak hautagai izan nahi du berriz.

Denboraldi politikoa zozo samar zetorrenez, gidoilariek pertsonaia vintage bat berreskuratzea erabaki dute: Odon Elorza bueltan da, panazko arropak eta 90eko hamarkadako orrazkerak bezala. “Quisiera ser alcalde Donostiakua” kantatzeko gogoz omen dator. Notizia irakurtzeko burua pantailara makurtzean, haren alderdikideren baten lepoak kraska egin du, gabarroiko tranpolin batek puskatzean egingo lukeen moduan. Izan da pixka bat Joselontxo, barka, Jose Ramon Soroiz Goenkale-n berriz agertu zenean bezala, “ez nengoela hilda, parrandan nenbilela” kantari.

Kontuak egiten hasita, Elorzak ia hamar urte zeramatzan jada Madrilen altza Pelipe trulalai; alegia, politika munizipalera ez zela inoiz itzuliko imajinatzeko bezainbeste. Pentsa, Ulisesek Troiako lanak bukatuta denbora hori behar izan zuen Peneloperengana bueltatzeko, eta unibertsalki onartutako zerbait da itxaronaldi luzeegia tokatu zitzaiola aukeran.

Ez naiz bi pertsonaiak maila berean jartzen ari, ojo: antzinateko gerrak nahi duzun guztia, baina ikusi nahi nuke Homeroren heroi bat Elorzaren ondoan “¡cobardes!” builaka autobus bat erre berri zuten gazte gasolineroei, hain bulartsu, ezen gabardina tarratatu behar zuela ematen baitzuen, alkate txiki eta ahots txirulari samarreko hura une batetik bestera bihurtuko zela, nik zer dakit, Hulk.

Beharbada eszena hori izan zen Elorzak hedabideetan izan zuen lehenbiziko highlight-a. Atzetik beste asko etorriko ziren, adibidez hauteskunde kanpaina baten erdian saskibaloi-kantxan bere abileziak erakusten agertu zenekoa, PSOEkoa izateaz gain Gepetto Brothers klubeko kide ere badela argi utziz; edo Aste Nagusian izozki-saltzailez jantzita ikusi genuenekoa.

Eta barre egiten genuen bere lepotik, baina berak guretik gehiago: 20 danborrada, bata bestearen atzetik, eta aulkia inork kentzen ez. Hiri oso bat zen pertsonari buruz ari gara, izan ere. Odon denbora-unitate bat da donostiar askorentzat, gertakariak neurtzeko erreferentzia bat. “Hori Odonen aurretik izan zen” entzutean imajinatu behar zenuen garai bat zeinean Donostiak beste alkate bat eduki zuen –kontu horietaz aritzen zirenek Ducados erretzen zuten eta gauzen prezioak pezetatan esaten zituzten–.

Orain eztabaida piztu nahi duela esaten dio itzuleraz galdetzen dion edozeini. Donostia aspergarri ikusten duela –bueno, ez da inoiz Tijuana izan, ez–, turismoaz enpo eginda hiltzeko arriskuan, gauzak ez doazela bide onetik, eta hau, eta hura, eta bestea.

Maleziatuko nuke, ordea, hiria salbatzeko asmo deklaratu horiek ezkutatzen dutela etxeko zapatiletan dabilen problema aitortu gabeko bat: Espainiako legegintzaldia hemendik urtebetera bukatzekoa da, Elorza diputatuak olinpikoki paso egin du behin baino gehiagotan alderdiaren diziplinaz, eta “bertso askea” izatea oso ondo egon arren, partidu politikoetan oraindik ondo desberdintzen dute zer den libertatea eta zer den libertinajea. Eta bigarren horretatik asko-asko ez dizute onartzen.

Igual oraingoan partiduak ez dio Madrilerako hautagai izaten utziko. Igual ez du erretiratu nahi. Eta igual pentsatu du La Oreja de Van Gogh eta Duncan Dhu itzuli baldin baziren, berak ere revival bat egin dezakeela Alderdi Ederreko udaletxean. Ez dirudi oso plan errealista denik, baina aizu, 2022an gaude: gauza arraroagoak ikusi ditugu dagoeneko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA