Coronation chicken

Gorka Bereziartua
0
Coronation chicken bat (irudia: BBC).

Internet leku zoragarria da: segundo pare bat aski duzu momentu historikoarekin bat egiten duen sukaldeko errezeta aurkitzeko. Ingalaterrako erregina hil zela jakin nuenean, berehala pentsatu nuen oilasko-plater batean –bai, ni ere rollo honekin, baina frivolité pixka bat eta gero gauza totxoak datoz, pazientzia–.

Zuek ez dakit, baina ni prest nago Charles III.aren buru gainean koroa jartzen duten egunerako: jainko protestanteak gorde beza coronation chicken-a, zeina plater perfektua baita mundu guztiak zeremonia karka bat ikusteagatik telebistari pegatuta egon nahi duen egunetan prestatzeko; horretarako pentsatu zuten, izan ere, 1953an, hain zuzen orain sator artera joan den Elizabeth Alexandra Mary Windsor koroatu zuten egunean milaka britainiarrek ez zezaten begirada segundo batez ere kendu erregina berriaren tronuratzetik, beti gatz punttu bat faltatzen zaion lapiko horri kasu egiteko.

Coronation chicken on bat prestatzeko aski duzu oilasko bularki bat bitan banatzea eta egostea, gero eskuekin zerrendatan zatitzea eta saltsa bat eranstea, honela egiten dena: moztu tipula bat puska txikitan eta sueztitu olioarekin, gero bota currya, bi minutuz dena nahastu, eta ondoren gehitu tomate-saltsa, ardo txuri pixka bat, ura eta ereinotz hosto bat. Nahasketa irakiten hasten denean erantsi azukre pittin bat, limoi-xerrak eta limoi-zukua, eta mertxika siku batzuk xehe-xehe eginda. Hamar minutuz-edo su txikian utzi, gero oilasko zatiekin nahastu eta laga hozten. Delightful geratzen da, merkea da eta erraz prestatzeko modukoa: Jeremy Benthamen ideia utilitaristak plater bihurtuta.

Nik hor uzten dizuet errezeta, koronazio-zeremoniaz paso egingo baduzue ere agian balio dizue, nik zer dakit, larunbat gau batez ETB1en mariatxiak ikusi bitartean dastatzeko.

Internet ez da, ordea, hain gauza zaporetsuak aurkitzeko lekua bakarrik. Ingalaterrako erregina hil zela jakin eta berehala –orain bai, bagoaz gauzaren mamira, baina masailak beterik, diferentzia ederrean–, ezkerreko jendearen artean bideo argentinar bat biralizatu den lekua ere bada. Telebilbaoko saio batekoa dirudi eta programaren aurkezleak txalo bero bat eskatzen du Satanasentzat; eta xanpain botila bat ere irekitzen du “zabor britainiar hori, Luziferren zikinkeria hori, zabor masoi hori” lurretik desagertu dela ospatzeko. Tendentzia guztietako jende aurrerakoiek, antza, ez dute ezer arrarorik sumatu horrelako hitzak entzutean –pistak argi samarrak ziren, ez esan ezetz–, eta are gehiago, badirudi grazia ere egin diela, ingurukoek ikus dezaten zabaldu baitute.

Gero, askoz gutxiago zabaldu den txioren batean esplikatu digute nor den Santiago Cúneo, bideoko kontakatilu argentinarra. Maputxeen kontra astakeriak esaten agertzen den beste irudi batzuk zeozer zabaldu dira eta Wikipediara jo dut: antiabortista, katoliko sutsua, judutarrei buruzko konspirazio-teoriak zabaldu zalea. Bideo birala baino bi egun lehenagoko saio batean esan du nazi batek ia hil duen Cristina Fernándezen aurkako atentatuaren lehen erantzulea politikaria bera dela. Bref: ultraeskuindar bat, behatzetatik hasi eta soildu samar daukan bururaino.

Ez dago garuna asko estutu beharrik ulertzeko nola iritsi den horrelako material erradioaktiboa zirkulu erradiguayetara. Inkontinentzia digitalaren garaia coronation chicken bat da: ezkerra oilaskoa da, saltsa eske; eta badirudi eskuinak espezia hobeak dauzkala azkenaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA