Twitter desagertzen denean

Gorka Bereziartua
2

Gurpila zulatuta daraman autoa bezala, iceberga jo duen transatlantikoa bezala, hegaleko turbina sutan daukan hegazkina bezala, problema handi samarretan sartuta dabil Twitter azkenaldian. Zuek erabaki zein den konparazio aproposena egoerarentzat, urriaren 26ko Reutersen berria leitu ondoren: txiolari aktiboenak hanka egiten ari omen dira. Plataforma darabilten pertsonen %10 besterik ez izan arren, publikatzen diren hamar txiotatik bederatzi beraiek idatzi izan dituzte orain arte. Haiek ospa, eta haiekin batera albiste, kirol-informazio eta entretenimendu mordoak. Trukean, kriptotxanponen propaganda eta pornografia ari da nagusitzen AEBetako txiosferan –eta laster zuen pantailetan–.

Polita izaten ari da egunero Twitterren sartzea, bakarrik ikusteko funtzionatzen segitzen ote duen ala dagoeneko Elon Muskek –uf, izena idazte hutsak hozkia ematen du– pikutara bidali duen.

Baina, bestalde, Twitter desagertzen denean, zer? Non hasiko gara gauzen %90ean ados gauden jendeak desados gauden %10ari buruzko eztabaida amaiezin, antzu eta kaindarretan? Twitter desagertuko balitz, non antolatuko genituzke bullying saio digitalak? Non aurkituko ditugu itxuraz hain beharrezko ditugun fakzioak? Twitter desagertzen bada, non ospatuko ditugu ezagutu ere egiten ez genituen pertsonen heriotzak, gure trending topikazo partikularren arabera hori egitea delako cool? Nola jakingo dugu nori ukatu agurra kalean, gure iritziren bati bainaren bat jarri diolako?

Gauza franko gal liteke Twitter galtzen bada, gauza inportanteak inondik ere: “zaska”-ren kultura, adibidez, zeinak lortu duen edozein eztabaida posibleren aurrean bost urteko ume zapuztua bezala porta gaitezen –gezurra: bost urteko ume zapuztuak ere ez dira horrela portatzen–. Gal liteke, halaber, sofatik mugitu gabe aktibista nekaezin baten itxura emateko posibilitatea, jende listoaren dekretuz Twitter dispositibo politikoa omen delako, eta bertan galderak egite hutsa posizionamendu bat hartzearen pareko zerbait –zer diot galderak: Twitterren zerbait ez komentatzea ere posizionatzea bihurtu da. Denari buruzko iritzi gogor bat eduki behar, beraz, sospetxarik ez pizteko–.

Twitter galduko bagenu, galduko lirateke, noski, euskaldunen txio pila bat erdaraz –en Madrid no podrán vivir sin conocer la situación de Euskal Herria–; eta galduko, betirako, urtetan sare horretan metatutako kapital sinbolikoak, jarraitzaileak, bertxioak, ikustaldiak, inpaktuak eta Monopolyko beste hainbat billete.

Baina horrekin batera, igual, sare txoripitiflautikoenari engantxatuta egon garen guztiak konturatuko ginateke zenbat denbora galdu dugun, zenbat liburu irakurri gabe utzi, zenbat ostitxar akumulatu, zenbat jenderi buruzko aurreiritziak pilatu, zenbat aurkikuntza posible pasa zaizkigun inork txiokatu ez dituelako, zenbat baldintzatu duen gure funtzionatzeko modua katxarro horrek azken hamarkada luzean. Eta horretaz jabetzen garenean, begien aurrean zabalduko zaizkigu zumardi handiak, zeinetatik pasako diren pertsona libreak gizarte hobea eraikitzeko.

Bueno, hori Mastodonera joango garenon kasuan, agian. Beste batzuek, espero dut, sortuko dituzte beraien rolloko Forocoches estiloko gauzak behazuna botatzeko.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA