‘Humanitatearen une gorenak’: zarata guzti honen aurrean, literatura

Gorka Bereziartua
0
Aritz Galarraga, 'Humanitatearen une gorenak' liburuaren egilea (argazkia: Dani Blanco).

Gauza guztietarako omen dago lehenbiziko aldi bat. Adibidez, nire kasuan, azaroaren 9 honetan parte hartu dut aurrenekoz lan literario baten aurkezpenean haren editore gisa.

“Editore suplentea” izan naizela esatea litzateke aproposena, agian: Aritz Galarragaren Humanitatearen une gorenak saiakera aurkeztu genuen atzo Donostian eta, jakingo duzuenez, Galarraga bera dabil Alberdanian editore azkenaldian, Jorge Gimenezekin batera.

Biek ere liburu honen edizioa nire esku uzteko adinako konfiantza –ausardia? arduragabekeria?– eduki dute eta, hara, esperientzia polita izan da hiru urtez Galarragak ARGIAn publikatu dituen artikuluak oinarri dituen saio honi forma ematen laguntzea.

Aurkezpenerako liburuari buruzko hitz batzuk idazteko ere eskatu zidan argitaletxeak eta iruditu zait, behin idatzita, merezi zutela blog honetan ere leku bat. Jarraian dituzue:

Aritz Galarragaren Humanitatearen une gorenak liburuak galdera inportante bat planteatzen du: garai nahasi hauetan, zertarako literatura?

Zarata mediatikoak, zarata publizitarioak, zarata digitalak, kaleko zaratak, mota guztietako zaratak den-dena inguratzen duela dirudienean, pentsa zenezake liburu batean idatzitako hitzek ez daukatela zeregin handirik. Mundu hau beste bide batzuetatik dabilela aspaldian. Eta hura hoberako aldatzeko ere, ardailaka aritu behar dela.

Hona hemen kontrakoa pentsaraziko dizun liburu bat. Hona hemen zaratarik gabeko testu sorta bat. Hona hemen burrunbak ezkutatzen dituen funtsezko gauzez ari zaizun idazle bat. Hona hemen letra idatziaren balio iraunkorra erakusten dizun lan bat. Hona hemen literaturzale batek idatzitako saiakera bat. Hona hemen, espero dezagun, literaturzale berriak sortzen lagunduko duen obra bat.

Izan ere, Aritz Galarragaren Humanitatearen une gorenak liburuak erakusten digu gauzak desberdin ikusi eta desberdin bizi daitezkeela liburu onak lagun hartuta. Betaurreko literarioek ere badutela zeresana, ez dela berdin ikusten errealitatea, aktualitatea eta eguneroko bizitza haiekin edo haiek gabe.

Sinplifikazioen aurrean, bizitzaren ugaritasun egoskorraz ari zaizu liburu hau, kolore-gama oso zabalarekin, irri eginaraziko dizuten pasarteetatik tonu nostalgikoetaraino. Eta dena esplikatzen duten diskurtso handien aurrean, ñabardurak zein inportanteak diren ulertzen lagunduko dizu.

Jatorriz ARGIAn publikatutako testu hauek bateratu eta editatuz, gainera, Alberdania argitaletxeak ekarpena egin nahi dio euskaraz asko jorratzen ez den saiakera literarioaren alorrari. Atzerrian Claudio Magrisek eta gurean Anjel Lertxundik genero horretan landutako bide oparoaren oinordekotzat jo ditzakegu Galarragak hemen bildutakoak, merezimendu osoz gainera.

Liburutegi unibertsalean barrena nabigatzeko, nekez aurkituko duzu udazken honetan gidaliburu hoberik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA