Faxismoaren outfit berria

Gorka Bereziartua
2

 

Iazko abenduaren 31n Jair Bolsonaro Floridan (AEB) zegoen, KFC batean oilaskoa jaten. Argazkia berehala zabaldu zen sareetan. Barre egin genuen. Patetikoa zen: Lula da Silvak berriz ere Brasilgo presidente kargua hartuko zuen egunaren bezperan, hauteskundeen bidez kanporatutako lider ultraeskuindarra, itxuraz kamerak ustekabean ehizatua, janari azkarreko jatetxe kutre batean. Barneratuta dauzkagu eskema sozial usamerikarrak gero: loser baten erretratua zela pentsatu genuen askok.

Gaur oso bestela begiratzen diot argazki horri. Oilaskoa kurrusk-kurrusk jaten ari den tipoaren jarraitzaileek Brasilgo kongresua indarrez hartu dute, egoera ez da oso egonkorra hau idazten ari naizen momentuan. Baina artikulua irakurtzen duzuenerako asuntua zertan den nik baino askozaz hobeto jakingo duzue. Utziko didazue, beraz, arreta jartzen oldarraldi faxista horretan denok ikusi baina gehiegi aztertzen ez dugun zerbaitetan: pertsonen irudiak.

Testuingururik emango ez balizute, pentsatu ahalko zenuke pasa den igande honetan Brasilgo kongresuan hartu diren argazkietako batzuk futbol txapelketaren bat irabazi osteko ospakizunetakoak direla. Bi arrazoirengatik: protagonistetako askok Brasilgo banderak dauzkatelako edo herrialde horretako futbol selekzioaren elastikoa; eta haien itxura fisikoa ere edozein ikuskizun jendetsutan pilatzen den publikoaren antzekoa delako. Estadio batean hartutako irudiak balira, argazkietan agertzen direnak ez lirateke prentsak beti itsusten dituen hooliganak, jarraitzaile pipajale arruntak baizik –poliziak jotzen ez dituen horietakoak, alegia; uniformedunen kolaboraziorik gabe zaila baita Brasilgo irudiak ikustea–.

“Jende arruntaren faxismoa” izenburua jar diezaiokegu urtarrilaren 8ko argazkiak bilduko lituzkeen erakusketa bati. Eta erdi-erdian jarri ahalko genuke Bolsonaro oilaskoa jaten, polo urdin batekin, haragi puska ahotik zintzilik, mugikorra eta betaurrekoak mahai gainean dituela, biloben bila joateko deiaren zain dagoen aitona balitz bezala. Tipo normal bat. Bizitza osoa pantaila bidez kontatzen dugun 24 orduko reality-show bihurtu zaigun garai honetan, irudi horrek badu bere garrantzia politikoa: “Gu bezalako norbait da”, pentsa dezake demokrazia kolokan jartzera joateko oporretako outfit bera jantzi duen brasildarrak.

Gauza berria ote da hau? Duela bi urte AEBetako Kapitolioan gertatua gogora dezakegu noski, eskuin muturrak mundu osoan erabil dezakeen modus operandi baten aurrean gaudela ikusteko: hauteskundeak galtzen dituztenean, euren oinarri soziala erakundeak astintzera bidali, ea poliziak eta armadak bat egiten duten behingoz, pantomima demokratikoa bertan behera uzteko.

Atzerago ere begira genezake ordea: Mussoliniren “Erromako martxa” ez al zen, azken finean, oso antzeko antzezlan baten bertsio analogikoa izan? Gertatzen da faxismoaz hitz egitean beste irudi batzuk etortzen zaizkigula gogora, II. Mundu Gerrako pelikulen eta dokumentalen eraginez: uniformeak, mauserrak, gas-kamerak. Hori, ordea, gero etorri zen, boterea lortu zutenean. Eta kezkatzen nauena zera da: horrelako argazkiak ikusten hasten garen arte fenomeno mehatxagarriak meme gisa kontsumitzen jarraitu dezakegula, gertakari politikoak irudien bidez prozesatzen baldin baditugu behintzat.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA