Eta zuk, ba al duzu talenturik?

Gorka Bereziartua
0

Agertzen da ba hitza, agertzen denez, gorbata batzuk elkartu eta gure herriaren etorkizunaz serioski –baina dinamismorik galdu gabe– hizketan hasten diren bakoitzean: talentua. Obsesionatuta dabiltza azken urteotan hemengo eta hango agintariak talentuarekin. Talentua erakarri behar dela. Talentua formatu behar dela. Atzerrira joandako talentua berreskuratzeko laguntzak. Talentuari buruzko jardunaldiak. Talentu berriak sustatzeko bekak. Talentua, talentua, talentua: ispiluaren aurrean hiru aldiz errepikatzen baduzu, agian zuri agertuko zaizu zertaz ari diren ulertzeko pistaren bat.

Segun eta nolako umorearekin esnatzen diren management alorreko adituak, hitz horrekin deskribatzen dizute “sistematikoki garatutako abilezia eta tekniketan maisutasun gorena”; edo “pertsona baten pentsamendu-, sentimendu- eta portaera-patroi errepikatuak, zeinak produktiboki aplikatuak izan daitezkeen”. Ez daukazula oso klaro oraindik? Itxoin, itxoin, gehiago dago-eta.

Zeren, segun eta nor ari den hizketan, talentua dutenak dira “aparteko enplegatu-talde bat –gaitasun eta errendimendu maila gorenekoak–, eta ez langile guztiak”. Beste batzuek aldiz, dirugintza humanoago baten aldeko fakzioko kideak inondik ere, sinesten dute talentua osatzen dutela “pertsona batek daukan eta lanera eramaten duen esperientzia, jakinduria, trebetasun eta portaera guztiek” –azken hau bereziki gustatzen zait, dena bihurtzen baitu talentu, baita lan-orduetan mukiak disimuluan kentzeko asmatu duzun modu hori ere; norbaitek aurkituko du bidea Barne Produktu Gordin horretatik ere etekin ekonomikoa ateratzeko, aizu–.

Beste dozena bat definizio ere badabiltza bueltaka enpresa-alorreko literaturan, zeinak genero gisa errelebo duina eman dion García Márquezek eta konpainiak modan jarri zuten errealismoaren eta fantasiaren arteko uztarketari, hori bai, Aureliano gizajoaren ordez hiru hitzetik behin anglizismo txoro bat tartekatzeko joera sartuz, zeinak asuntu konplikatuen itxura ematen dien tabernako hizkeran “gaurko trago guztiak paga itzak hik” esanda ebazten diren dilemei.

Ez dut tratu pertsonal handirik, baina imajina dezaket jende oso ideologizatua izan behar duela talentua bezalako tramankuluak buruan hartuta dabilen hori. Fedea behar baita, sinesmen trinkoa, konbikzio oso gogorrak, ezer konkreturik esatea lortzen ez duen hitza entzun –gogoratu: talentua, talentua, talentua– eta bizi dugun txandrio honetatik aterako gaituen zerbait dela pentsatzeko. Ez dut esango fanatikoa izan behar denik, baina oso urruti ere ez dabil.

Eta barrez tripak suelto botatzeko kontua litzateke, zera ahaztuko bagenu: aldi berean guztia eta ezer ez den kontzeptuaren aitzakian instituzioek bizum batzuk egiten dizkietela enpresei. Eta mundu guztiaren aurrean egiten dute gainera, alegia, gardentasunaren Eusko Labela daukaten prozeduren bitartez. Kontzeptu erabat opakoak erabiltzeak abantaila hori daukala pentsarazten du: ez dago ezer ezkutatu beharrik, normal-normal erabiltzen diren hitzek ezkutatzen dutelako ezkutatu beharreko guztia. Gauzak horrela egiten asmatu duenak, aitor diezaiogun, badu talentu pixka bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA