Norbait dabil zu seduzitu nahian

Gorka Bereziartua
0

 

Sumatu duzue usain hori? Ah, lurrin burtzoragarriagorik. Hildakoak ere piztuko lituzke martxoan sartzearekin batera gure kaleak eta plazak, Euskal Erdiko mendi eta itsaso bazterrak blaitu dituen perfumeak. Sudurretik ez ezik, begietatik eta belarrietatik ere sartzen da, aski duzu muturraren aurrean periodiko ofizialetako bat jartzea edo belarri betean politikari autonomikoen adierazpenak entzutea: eau de parfum edo eau de toilette, udaberria baino lehen iritsi da hauteskunde-kanpainaurrea.

Animalia politikoek gutxitan izaten dute aukera beren espeziearen iraupena bermatzera deituta dauden hautesleak estaltzeko eta, hortaz, ulertu behar dira euren portaera batzuk. Are gehiago kontuan izanda, hauteskunde bidezko ugalketa gauzatzeko metodoa koito oso labur bat bada ere –botoa, frist, sartu; eta ikusi bazaitut, ez noroit–, aurreko sedukzio-dantza gertakizun ikaragarri konplexua dela. Hautagaiek konbentzitu behar gaituzte lau urtez misiolari aspergarriak aguantatu ondoren –hori ere asko jota, espresioaren bi zentzuetan–, oraingoan Kama-Sutra ondo irakurrita datozela. Erritual horretan, kanpainaurre garaia momentu delikatua da oso. Iradoki egin behar baita, baina ez guztiz erakutsi –horretarako baitago kanpaina bera, dena airean zingulu-zangulu ibiltzeko–.

Lehen urrats zail horiek emateko, ordea, badaude aplikazioak. EAEn, edozein hauteskunde datorrenean, Vocentoko egunkariak bihurtzen dira boto-emaileekin match egiteko Tinder moduko bat. Eta badirudi Arnaldo Otegik zukua atera nahi diola, aurrekoan petxu aldeko botoi pare bat askatu baitzituen El Diario Vasco-n, disimuluan bezala, PSErekin paktatuko lukeela esanez. Inpresioa daukat jokaldiaren muina gehiago dela Espainiako Gobernuaren politika progresistekin identifikatzen den boto-emailea limurtzea; baina auskalo, Txillarren Egigurenekin bizi izandako erromantze haren revival bat egiteko gogoa ere egon daiteke tartean, iraganeko amodioek beti uzten dute arrastoa.

Kontrako estrategiaren parte dirudi Joseba Egibarrek handik astebetera utzitako titularrak: “Euskal politika espainoltzen ari da”. Euzko lurrean zutunik, GBBko burua ikusi dugu ETB2ko albistegien deriba kritikatzen eta dena. Gogorra izan behar du, kate horretako arduradunekin partekatzen baitu jokoa, seta eta partidua; eta, klaro, berak nahiago luke Intxortan gudariekin, ezta? Baina ez, ateraldi horrek ere badu sedukzio-estrategiatik. EH Bilduren eta EAJren artean aukeratu behar duenean zalantza metafisikoak dauzkan boto-emaile euskaldun jator eta bizimodu eroso samarreko horri belarrira zerbait oso konkretua xuxurlatzen dio: “Utikan horien zergak: gurea, ikurriña”.

Eneko Andueza izan da Alberto Surioren grabagailu aurretik pasatzen azkena eta garbi utzi du besteen ligan jokatu nahi duela: maiatzetik aurrera EAJk eta EH Bilduk martxan jar dezaketen fronte subiranistaz hitz egin du, baita PSEren lidergoaz ere, zientzia-fikzioa ere erabil baitaiteke udal eta foru hauteskunde batzuk pixka bat alaitzeko, noski baietz. Ostera ere, lerro artean irakurri behar: merkatu berriren bat agertzen ez den bitartean, Espainian gustura dagoen boto-emailea kontsolidatzea da PSEren helburua inondik ere.

Beraz, laburbilduz, kanpainaurrean hitz egin da EH Bildu-PSE paktuaz; espainolismoa konfrontatzen duen EAJ batez; eta jeltzaleen eta EH Bilduren arteko fronte subiranista geldiarazi beharraz. Ez al zaizue iruditzen gauzak oso gaizki egon behar duela politika instituzionalean, botoak bilatzeko existituko ez diren gauzez jardun behar baldin bada?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA