Euskararen aldeko politikak, aje komatoso baten ondoren

Gorka Bereziartua
2
Martxoaren 23an hezkuntza euskalduntzearen alde egindako manifestazioa (argazkia: Gazte Euskaltzaleen Sarea).

Lehenbiziko gauza, etxeko lanak: irakurri egin behar da azkeneko Larrun-en Iñaki Iurrebasok esan duen guztia. Berdin da datorren hilabetean beste ezer irakurtzeko tarterik hartzen ez baduzu ere. Abandonatu berehala artikulu hau, iruditzen bazaizu Lander Arbelaitzek eta Asier Basurtok soziolinguista legazpiarrari egin dioten elkarrizketa leitzeko denbora kenduko dizula, denok baikara kontingenteak, baina irakurgai hori beharrezkoa da. Eta beharrezkoa da, euskararen egoerari buruz dauzkagun uste ustelen hauste sistematikoari ekiteko lehen urratsa delako.

Edari gehiegi nahastuz pasatako mozkorraldi komatosoaren ajetik esnatzen zaituen ur baldekada bezalakoa baita Iurrebasok dakarren ikuspegia. Eta eskatzen du, gaur bertatik hasita, azkeneko bi hamarkadetan –gutxienez– modu akritiko samarrean sinetsi ditugun mantra askori bolumena jaistea. Nagusiki bati, esaten duena euskararen ezagutzan geroz eta hobeto gabiltzala eta orain fitxa guztiak erabileran jartzea dela afera. Gauzak dezente konplikatzen dizkio Iurrebasok ikuspegi –zoritxarrez– hegemoniko horri: “Egungo gaitasunaren baldintzetan, euskararen erabilera %1 eta %18aren tartean egongo da nahitaez. Iturri bera erabiliz, ikusten dugu euskararen erabilera %15 inguru dagoela, askoz gertuago maximo posibletik, minimo posibletik baino”.

Alegia, dakiguna kontuan izanda, asko hitz egiten dugu. Datu deigarri bat: erabiltzen dutenen ia erdia, berez, errazago moldatzen da erdaraz, eta jarrera positiboak bultzatuta egiten du ahalegina –beraz, aldapan gora ari da, nekatzeko arrisku handi samarrarekin–. Gordinago esan daiteke: ederki izorratuta gaude, pentsatzen baldin badugu arazo estrukturalei heldu ordez coaching motibazionaleko dinamiketan bakarrik tematuta zeozertan aurreratzea lor daitekeela. “Euskal hiztun benetan gaituak ekoiztea” da erronka, Iurrebasok argi dauka –eta portzierto, ez al geneukan hori lortzeko inbento bat? “Hizkuntza politika” deitzen genion, edo nola zen? Aspaldi ez dut ikusi, parean tokatzen bazaizue eman goraintziak nire partez–.

Erronka guztiz deserosoa da, hala ere, gaitasuna agertzen zaigulako argazkiaren erdian. Eta klaro, gaitasunak zuzen-zuzenean egiten du talka guaitasunarekin. Has zaitez orain desmuntatzen azken urteotan euskaraz txukun samar aritzeko ezintasuna ezkutatu beharrez sortu diren diskurtso horiek denak, euskararen aldeko jarrera duten kontubernio, kofradia eta tribuetan ere asko ugaritu direnak: arau gramatikalak errespetatuz idaztea, euskara hutsean aritzea eta horrelako kontuak purismotzat, elitismotzat eta gauza are txungoagotzat jo dituztenek, segur aski, denbora beharko dute onartzeko bilakaera historiko eta harreman sozial zehatzen ondorioz kostatzen zaiela ergatiboa behar den tokian jartzea –baina jarri, jarri behar dela–. Alegia, problema ez dagoela euskaraz beste edozein hizkuntzatan exijitzen den maila bera eskatzean, hizkuntza-maila hori lortzeko baldintza objektiboen faltan baizik.

Asuntu hau argitu beharreko zerbait dela iruditzen zait, datu soziolinguistikoak hartu eta politika eraldatzaileak pentsatzen hasten garenean, sarritan errekako ura gure baldera botatzen bezala aritzen garelako. Operazio horretarako erabiltzen dugun tresna, portzierto, galbahe bat izaten da; edo, kasurik onenean, zulatutako katilu bat. Eta azkenean, baldean dagoenak gehiago dauka guk ikusi nahi dugunetik, benetan eramatea lortu dugun uretik baino. Jarduteko modu boluntarista horretatik perspektiba zientifikoz lan egitera sekulako jauzia legoke: hartzen ote dugu gai hau horrelako salto bat emateko adinako seriotasunez?

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA