Bizitza, bere erreproduzigarritasun teknikoaren garaian

Gorka Bereziartua
0

Gutxienez 550 “seme-alaba” dauzkan esperma donatzaile baten aurkako salaketaren berri izan genuen prentsaren bitartez pasa den astean. Antza, Jonathan M. izeneko Herbeheretako gizon batek eskura eduki dituen klinika gehienetan bere aletxoa jarri du, bai tulipanen herrialdean, baita atzerrian ere; eta, klaro, probabilitateen legeek agintzen dutena gertatu: emakume nederlandar pila batek baliatu dute haren isuria, pentsatuz gauza hauek ondo erregulatuta egongo zirela donatzaile beraren haziak dokierki erabil ez zitezen. Baina kaka zaharra, han intseminazio-kliniken gremioan laissez faire gehiegi dago; eta halako batean, parkean zure Frenkie de Jong txikiarekin jolasean hasi den beste haur horri itxura familiarregia hartzen diozu.

Katxondeo gutxi kontu honekin. Pentsa eduki ditzakeen inplikazioetan, oraindik ume diren pertsona horiek helduaroan sartzen direnean: senide biologiko batekin larrua jotzeko arriskua Tinderreko match bateko distantziara eduki dezakete. Eta harreman sexu-afektiboei dagokionez azken hamarkadetan, zorionez, aukerak asko ugaritu diren arren, inor ez da hasi exogamia modu orokorrean auzitan jartzen. Zerbaitengatik da. Borboien leinuan praktika horrek utzi dituen emaitzak ikusita, argi dago mundu guztiak begiratu behar lukeela bide hori segitzetik.

Bitxikeria, esango duzue. Bai, baliteke. Baina nik diot galdera asko airean uzten dituela kasuak. Adibidez: zergatik jokatu du horrela Jonathan M.-k? Duela bi urte, bere “eman eta zabal ezazu” politika hedabideetan agertzen hasi zenean –artean 100 bat umeren “aita” “bakarrik” zela susmatzen zuten–, New York Times egunkariari azaldu zion “laguntza txiki bat emanda gauza oso handi batean” parte hartzeak motibatzen zuela. Eta noski, bere espermaren hartzaileen aldetik sentitzen duen “esker ona”, “sentimendu beroak” eta “umeekin eta hartzaileekin partekatzen dituen oroitzapenak”.

Ez zekiat Rick, faltsua zirudik: jendea eskuzabaltasun, altruismo eta humanitatearekiko maitasun gradu batzuk gainditzen hasten denean, psikopata ote den pentsatzen hasten naiz. Gainera, kopuruan orain arte ezagutzen den kasurik deigarriena izan arren, Jonathan M. ez da multi-intseminazioan jarduteagatik salatu duten gizon bakarra. Haren kontra egin duen Donorkind elkarteak ugaltze-tratamenduen sektoreko hamar mediku ere salatu zituen iaz, donatzaileenaren ordez beraien esperma erabili zutelako pazienteekin. Eta horrelako notiziak icebergaren punta besterik ez diren sentsazioa burutik kendu ezinda nabil, beren geneak ahalik eta gehien zabaltzeko norgehiagokan ari daitezkeen ego hauskorreko gizonek oraingo teknologiekin esku-eskura dauzkaten aukerei bueltaka.

Jonathan M.-ri aitortu behar diot, beraz, etorkizunari hala moduz begiratzeko motibo bat gehiago eman didala: XX. mendean serie-hiltzaileekin izutzen ginen; XXI.ean, serie-intseminatzaileak bilakatuko dira, agian, ikaratzeko arrazoi berria. Heriotzari beldurra dagoeneko oso lardaskatutako gaia baita; eta aldiz bizitzak, bere erreproduzigarritasun teknikoaren garaian, dardarka jartzeko moduko galderetara garamatza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA