Hipopotamoa kristal artean

Gorka Bereziartua
0
Putzuen gainetik, jendeak pixka bat ospatu zuen 40. Herri Urrats (argazkia: EiTB).

Gauza entretenigarriagoren bat egiteko asmoa neukan, ez pentsa. Kirtenkerien antologia txiki bat eskaini nahi nizuen, hauteskunde-kanpaina hasi dela aprobetxatuz asko ugaritzen baitira era guztietako hanka-sartzeak alderdi politikoen programetan, adierazpenetan, posta bidezko propagandan, karteletan, txioetan, esku-orrietan eta, sakatuz gero, baita partiduen logoa serigrafiatuta daukaten arropa intimoetan ere: mitinean horrelako zerbait engoitik oparitu ez badizute, kontu hauetan dauzkagun pudore katolikoen arrastoengatik izango da, nik uste.

Periferiatik badatoz haize berriak hala ere, Txarlazopeko herri batean EAJko alkategaiak iaz iragarri eta kargua lortuz gero akaso beteko duen promesari erreparatuz gero: “Gogor lan egingo dudala adierazi nahi dut, eta Urduñaren alde larrua joko dudala”. Programa ausart eta berritzailea inondik ere, harrizko herri hau askatuko duena gerri-mugimendu instituzionalizatuaren bidez, erdaratik euskaraz idaztea hainbeste erraztu duten itzultzaile automatikoak satisfyer bihurtuta: traduttore, uhm, traditore.

Azkenean aktualitateak agintzen duenaz idatzi behar ordea: uholdeen erruz aurtengo Herri Urrats ia bertan behera geratu da, bertsio minimalean ospatu da jaiaren 40. edizioa eta milaka euroko galerak izan ditu Seaskak. Beraz, Ipar Euskal Herriko ikastolek laguntza ekonomikoa eskatu diete herritarrei, norbaitek babestu beharko baitu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskaraz ikasteko eskubidea; eta inozentea izan behar du pertsonak, edo inozoa, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna berretsi ez duen Frantziako Estatutik zerbaiten esperoan egoteko.

Baina ia bukatuta neukanean ipar-hego elkartasun-premia berri honi buruzko artikulu net poetiko bat, Oihenarten aipu batekin hasten zena –harrapazank–, hara non patuaren karanbola bati esker nire lehenbiziko asmora itzuli ahal izan dudan, Herri Urrats guztiz abandonatu gabe. Eta dena Podemos-Ahal Duguren EAEko legebiltzarreko koordinatzaileari eta alderdi horretako aholkulari bati esker: “Zer igoko da gehiago: Urdazuri ibaiaren ur-emariaren maila, edo ikastolek kobratzen dituzten legez kanpoko kuoten prezioa?”, txiokatu zuen lehenbizikoak, Senperen kinka larrian zeuden momentuan. Bigarrenak berriz, beranduxeago: “EiTBk Herri Urratsekin ireki du Teleberri, Ipar Euskal Herriko Senperen, Frantziako udalerrian, ikastola pribatu berria eraikitzeko funtsak lortzeko balio duen jai herrikoia. Nahiz eta festa izan, segregazioa sustatzen ari dira”.

Ez da Urduñako alkatearena bezain esplizitua, ados, baina striptease politiko gisa ez dago batere gaizki alderdi morearen paraje hauetako ordezkariak azkenaldian egiten ari direna. Hasieran pentsatu nuen boto-aurreikuspen txarren aurrean PSOEren ohiko bezeroak limurtu nahian hartu zutela ildo destroyer hori. Baina asteburu honetan EAEko tipulak eta Xilabako porruak nahasten ikusita, beste alde baterantz joan zait iritzia: pentsatzen hasia nago ibilgailu politiko autonomo bihurtu direla. Alegia, ez dagoela inor bolantean.

Hauteskundeen show honetan estrategia identitario horrek funtzionatuko duen? Auskalo. Baina eskola-segregazioa bezalako kristalezko debate batean horrelako hipopotamo-hankekin sartzen denak konfiantza handirik ez du ematen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA