Kartelak, irribarreak, gerra zibil latenteak

Gorka Bereziartua
0

 

Kartel horiek. Egun batzuk kanpoan pasa dituzu eta pam, herrira itzuli zarenean kale guztiak aurpegi irribarretsuz forratuta daude. Hemendik gutxira gure politikari politikeroei txekeo demokratikoa egitea tokatzen zaiela. Gehienek jatorrak dirudite argazki hiperprestatuetan. Ni, hi, hura bezalako jendea, baina premium bertsioan: arropak plantxatuta eta ilea ondo moztuta; begirada sosegatu baina aldi berean irmoak; irribarreak ere neurritsuak, ez baita komeni keinua behartzea, hortzak gehiegi erakustea, hozkia ematea. Baten batek, negozio honetan denbora asko daraman arren, oraindik ez du hori ikasi –emaitzetan ez eragiteko, niretzat gordeko dut nor dudan buruan–.

Kartel horiek. Pentsa zenezake legeak ezarritako lekuetatik hamabost egunez boto-emaileari bertangoxoka ari diren aurpegiek beldur pixka batekin ere begiratzen dietela albotik pasatzen diren herritarrei. Auskalo jende horren buruan zer dabilen. Kafesne bat pastatxo eta guzti zerbitzatuko dien pertsonaren itxura eman, badaezpada. Konfiantza faltan oinarritutako harreman obsesiboa baitute alderdiek beraien boto-emaileekin. “Pasa dugun guztia eta gero, orain beste batekin joango ote zara?” moduko galderaren batek zeharkatzen du mitin bakoitza. Gehiago jokatzen da ez galtzera irabaztera baino. Estropezu txikienak dena haizea orraztera nola bidal dezakeen: inork ez zuen errepasatu hautagaiak kanpainako bideoan jantziko zuen kamiseta horretan hiriaren izena ondo idatzita zegoen edo ez. Eta ez zegoen, noski.

Kartel horiek. Kartel horiek erdi-tarratatuta. Norbait kartel osoa erauzten saiatu da, baina paper mutur bat bakarrik eraman ahal izan du eskuan, erdipurdiko trofeoa. Hautagaiaren aurpegiak ere ia osorik biziraun du erasoaren ondoren. Asko eragingo du ba igandeko emaitzan kartel hori zegoen bezala uzteak, inork ez die-eta kasu putarik egiten. Kartelak demokraziaren ideia vintage bat aldarrikatzeko jartzen dira-eta nagusiki. Baina besteena kentzen ahalegindu behar, hala ere. Edo norberarenak besteenen gainetik jartzen. Eta ez da boto-kontuengatik, nik uste; zurea ez den fakzioko norbait kaletik –“espazio publikotik”, esaten dugu orain guaitasunak erakusteko– desagerrarazteko desira latente baten adierazpentxoak dira. Hauteskunde-kanpaina, beraz, gerra zibilak bistarazten dituen eta aldi berean erreprimitzen dituen tramankulua da.

Kartel horiek. Eta triptikoak. Eta karameluak. Eta herriko alkatenahi bat, bere alderdiaren praxiari muzin eginez, atez ateko bilketan: lagun bati tinbrea jo zion boto-eske pasa den astean, pentsa ze sustoa. Makineria topera dabil, kontsignak argi: ez ahaztu ezta jubilatu bat, ezta despistatu bat, ezta koman dagoen pertsona bat ere, gogorarazi denei nori eman behar dioten botoa. Eta horrek zertarako balio duen galdetzen badute, eta erantzuten ez baldin badakizu –ez litzateke harritzekoa–, hasi besteen kalte hipotetikoak zerrendatzen, apokalipsiaren zaldunen etorrera kontatzen ariko bazina bezala. Benetan nahi dituzu horiek udalean? Zerbaiten alde egin ordez, norbaiten kontra ere asko ematen baita botoa. Baina ez du inporta: igandean irabazten duenak denentzat gobernatuko du. Eta gainera, igandean denek irabaziko dute. Bueno, hiriaren izena oraindik ikasi ez duen hautagai horrek ez, hori nahiko seguru dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA