Eta hurrengo alkatea zozketaz aukeratuko bagenu?

Gorka Bereziartua
0

Unibertsalki onartutako hizkeraren arabera “gogoeta eguna” hauteskunde bezperakoa izan ohi da, baina beste kontu askotan bezala, elektomaniakoen artean ere gauza bat da teoria eta bestea praxia. Eta gogoeta egin, hauteskundeen biharamunean egiten da. Batez ere galdu baduzu, baina ez bakarrik. Imajinatu tarte oso estua geratu dela aulki-joko instituzionalean eta paktumetroaren aginduz traturen bat itxi behar duzula kanpaina osoan hatza begian sartzen aritu zaizun beste alderdi horrekin: gogorik ez du ematen. Premia gogorra da ordea. Gogoeta egin behar. Eta bikarbonatoa hartu, hori ere bai.

Dena den, ni igo eta zu jaitsi guztien gainetik, bada urtez urte atentzioa deitzen didan datu bat: zenbat jendek parte hartzen duen hauteskundeetan. Hobe esanda: zenbatek ez duen parte hartzen. Izan ere, kanpainan egiten diren ahalegin pertsuasibo guztiak gorabehera, hamar lagunetik lau abstentzionistak badira, azkenaldiko demokraziaren festetan jartzen den musika modaz pasata ez ote dagoen galdetzen hasi beharko dugu noizbait.

Bai, ados, problema ez da berria, baina ez dirudi soluziorik aurkitu zaionik ere. Behintzat ni ez nau batere konbentzitzen maiz planteatzen zaion irtenbideak –“botorik ematen ez baduzu, izorra zaitez eta jan emaitzak patatekin”–, gailentasun moralaren urrin berezi hori edukitzeaz gain, pedagogikoki ere ez delako Makarenkoren eskolakoa preseski. Baina beste aldean, ez naute asko konbentzitzen abstentzionismo aktiboaren banderapean datu inportante bat gordean eraman ohi dutenek ere: abstentzionista gehienak ez direla militante nekaezinak eta igandeko asuntuaz paso egin ondoren ez direla joaten zerbaiten aldekontrako asanbladan parte hartzera. Alderdiek boto bakoitza lortzeko izaten dituzten konplikazioen antzekoak dauzkatela, alegia, sistema horretatik kanpo antolatzen diren politikek ere.

Ordezkaritza instituzionala derrigorrezkoa balitz, gauzak bestelakoak izango lirateke nik uste. Hauteskundeak egin ordez, instituzioak osatuko dituzten pertsonak zozketa bidez aukeratuko bagenitu, adibidez. Eta tokatzen bazaizu, ba zu zinegotzi. Ei, ez begiratu horrela: ateraldi hau niri bakarrik bururatu izan balitzait onartuko nizuke mutur oker hori, baina kontuan izan gu biok baino askoz listoagoa zen norbait, Aristoteles, zozketa bidez hautatuko magistratuen alde zegoela, boto bidez hautatzea prozedura oligarkikoa iruditzen zitzaiolako.

Ideiak jarraitzaile ilustreak izan zituen, portzierto: “Zozketazko sufragioa demokraziari dagokio; hautabidezko sufragioa, berriz, aristokraziari” (Montesquieu, Legeen espirituaz); “Egiazko demokrazietan, magistratugoa ez da abantaila bat, baina karga pisu bat, justiziagatik partikular bati beste bati baino berezikiago bizkarrean eman behar ez zaiona. Legeak bakarrik eman diezaioke horrelako zama zorteak hautatuko duenari” (Rousseau, Gizarte hitzarmena).

Hori bai, XIX. mendetik aurrera loteria demokratikoaren hipotesia aparkatuta geratu zen, kasik atzo goizera arte. Azken hamarkadan berraktibatu da, nonahi sumatzen den neke demokratikoaren aurrean; eta zozketa bidez antolatutako diseinu-instituzionalen maketa sofistikatuak ere argitaratu dira gauza publikoaz fuerte pentsatzen duen jendearen aldizkarietan –Terrill G. Bouricius-en hau irakurtzetik nator–.

Ni, egia esan, nahiko sinesgogorra naiz mota horretako planteamenduekiko. Eta horrexegatik ikusi nahi nituzke martxan: fortunak agindutako politikak ezin du izan fortunak biltzeko agintzen diren politikek baino askoz okerragoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA