Intentzio oneko adierazpenak eta ahuakateak bi gauzatan dira antzekoak: klase ertaineko jendearen artean ondo samar saltzen dira eta konturatzen zarenerako erabat pasatuta daude. Horrelakoa da bizitza, bai mundu zabalean, bai Bilbon, zeina mundu zabalaren adierazpen partikular bat den, bere unibertsaltasunean berezia, baina –barkatuko didate gure hiri handieneko bizilagunek–, berezitasun horretan beste edozein lekuren ez hain desberdina azken finean.
Kargua berritu duen politikari baten asmo onak jateko moduan ote dauden jakiteko, labana hezurreraino sartu eta ebaki buelta osoan, bi zati simetriko osatzen saiatuz. Gero bereizi bi puskak, ikusteko ea zer koloretakoa den egin duen adierazpenaren mamia. Erosi duzun egunetik 24 ordutara irekitzen baduzu eta polizia munizipalak ateratzen bazaizkizu hiriko jende zaurgarriena ostiatzeko gogoz, ez izan dudarik: adierazpen kadukatuak dira, kontenplaziorik gabe jaurti ditzakezu organikoaren kubora, Miribillako kantxan hiruko lerrotik azken segundoan saskiratzen ari zarela imajinatuz.
Pasa den igandea, 12:50: Bizkaiko hiriburuko Viktor kalean udaltzainek zenbait kale-saltzaileri atzaparra gainean jarri eta euren merkantziak kentzen hasi dira. Gaurko bazkaria edo biharko faktura pagatzeko dirua, huskeria horiek saldu ala galdu: hori dago jokoan batere lagunartekoa ez den eta galtzaileak aldez aurretik izendatuta dauzkan partidu honetan.
Poltsari tiraka, ahal duena salbatu nahian ari da saltzaile gazteetako bat. Uniforme fosforitoz eta plastikozko eskularru profilaktikoz hornitutako poliziak jo dion ukabilkada zaldi bat etzateko modukoa da, hezurren batek kraska egiteko adinakoa –jotzeko modu horri darion mespretxuak hitz egingo balu–, eta hala ere saltzaileak ez du poltsa askatu, arrastaka segitzen du, badirudi lortuko duela bihar berriz kendu nahiko diotena gaur behintzat leku segurura eramatea, atzetik beste agente baten eskularruak heldu dion arte, eta tira zuk hemendik eta tira nik handik segiko dute, baina historia nola bukatzen den jakin gabe geratuko gara, sarean zabaldu den bideoak orain kaleko giroa erakusten duelako.
Bizilagunak polizia munizipalari garrasika. Txakurrak paseatzera atera eta interbentzio loriatsuarekin topo egin duen emakume batek udaltzainei esan die pasatzen ari direla; eta, beraz, lurrera bota dute, eskuak lotu dizkiote, munipautora garraiatu dute, beste norbaitek agenteei zeozer esateko baldin badauka, aldez aurretik jakin dezan nolako erantzuna jaso dezakeen. Bitartean munipauto gehiago iritsi dira Bidebarrieta kalera, ez dadila esan baliabideak eskas direnik komertzio txikiaren aurka egindako krimenak geldiarazteko.
Oinez kale honetatik hamar bat minutura dago Bilboko udaletxea, non bezperan Juan Mari Aburtok etorkizunari ilusioz begiratzeko gogoa adierazi duen hirugarren aldiz hiriko aginte-makila hartu duenean, baina onartuz kezkatuta dagoela, Vox alderdi ultraeskuindarrak azkeneko hauteskundeetan 5.000 boto baino gehiago lortu dituelako. “Abstentzioa eskubidea da, eta batzuetan alderdiei ohartarazpen edo zigor gisa funtzionatzen du, baina era berean, atea irekitzen die zentzu demokratikorik ez daukatenei”, erantsi du.
Intentzio oneko adierazpenak, ilusioa, zentzu demokratikoa: munipak Zazpikaleak “garbitzen”. Ireki arte ahuakateak ere itxura ona zeukan.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]