Uda zikin bateko oharrak

Gorka Bereziartua
0
Polizia frantses bat su emandako auto baten ondoan, Nahel Merzouken hilketaren ondoren izandako istiluetan.

Orange telefono konpainiako goi kargu batek Vox-i botoa emango diola esplikatzen du mikrofono aurrean. Den-dena gustatzen omen zaio: “Legez kanpoko immigranteak zakutik hartzera, adingabekoen abortuak kanpora… zer gehiago kanpora? A, okupa puta horiek”. Gustatuko zaio Virginia Woolfen Orlando nobelan oinarritutako antzezlana eta Pixar estudioen Lightyear umeentzako pelikula zentsuratzea ere, bietan lesbianak agertzen direlako. Espainiako udalerri banatan egin dute jada. Leku gehiagotan ere aurki, asuntuaren ardura noren esku geratzen ari den ikusita. Berriki Valentziako kultura kontseilari izendatu duten politikariak bere zaldiari zer izen jarri ez zekiela azaldu zuen sareetan, lau aukeraren artean zalantzan zegoela: Viriato, Caudillo, Escipión edo Duce. Ezin jakin zein hautatu zuen azkenean, baina haren gainean zamalkatzen den bitartean birika betean kantatu ahalko ditu maite dituen koplak, berme legal guztiekin: uztailaren 23ko bozetarako spot batean Cara al sol erabiltzea libre dela ebatzi du Espainiako Hauteskunde Batzordeak. Gertu sumatzen duten garaipenaz hordituta, piperpotoko oilasko frankistaren ipurdia bezala daukate azala askok azkenaldian, ezagun dute Iruñeko Sanferminetako lehenbiziko zezenketan “¡Que te vote Txapote!” kantatzen dutelarik. Eslogan sinpleak, etsaiaren kontrako oinarrizko emozioak, negar egiteraino hunkitu zen Mediaseteko kazetari harena bezala: Silvio Berlusconiren hileta-elizkizunaren berri ematen ari zela, Milango Piazza del Duomon bildutako samalda saltoka eta oihuka hasi zen, “chi non salta comunista è!”. Eta milaka ikus-entzuleren aurrean, ezin begietako isuriari eutsi –profesionaltasunari eustea dagoeneko gehiegi eskatzea da–.

Dena ez baita zezenetako mozkorra eta malko sentitua izango, festa zertarako den gogorarazten duen ohar bat: “Horda salbai horien aurrean, lasaitasuna eskatzea ez da nahiko, inposatu egin behar da!”. Frantziako polizian 30.000 afiliatu dauzkan Alliance Police Nationale elkarteak ekain amaieran publikatu du, Nahel Merzouken hilketaren ondoren izan diren istiluen harira: “Gaur poliziak borrokan ari dira gerran gaudelako” –poliziak borrokan? Beste nonbait ere entzun dut kantziño hori…–. Batzuk soldatapean tiroka, besteak isil-isilik kausa finantzatzen: milioi bat euro baino gehiago bildu dute Nanterreko gaztea hil duen agentearen aldeko crowdfunding-ean. Azken asteetan Frantziako hirietan izan diren kale borroketan talde eskuadristak azaldu dira, makilekin jende ehizan. Sorian horrelako banda baten jipoia jasan ondoren koman geratu zen donostiar bat maiatzaren amaieran –poliziak babestuta aldendu ziren lekutik erasotzaileak–. Pasa den astean Barakaldon ozta-ozta libratu zen militante politiko bat labanaz sastakatuta hiltzetik, motozale supremazista batek “akabatuko haut, marikoi puta hori” oihukatu ondoren bere kontra ekin zuenean –epaileak libre utzi du erasotzailea–.

Izerdi toxikoa dario uda honi. Eta ez dakit, bestelako kalkuluetan murgilduta, usaina ondo hartu ote diogun oraindik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA