Eskaparatean ikusi eta ezin tentazioari eutsi. Poltsa bat, oihalezkoa. Raymond Queneauren Exercises de style-ren edizio frantsesaren azala imitatzen zuen, Gallimard argitaletxearen sail zuriko liburu guztiek daukaten estetika retroa, klasikoa, betierekoa: zaku hoberik gainontzeko trasteekin batera beti libururen bat gainean daraman norbaitentzat? Ez nuen asko espero handik gutxira liburu hori euskaraz emateko ausardia eduki zuen argitaletxeak –Estilo ariketak, Xabier Olarra itzultzaile– zabalduko zuen notizia. 34 urteren ondoren pertsiana jaitsiko duela adierazi zuen Igelak pasa den astean. Gero, dakizuenez, Ereinek –jabeak– oharra publikatu zuen esanez Igelako langile bakarrari kontratua eten diola, baina “ahal duen guztia” egingo duela “proiektu editoriala aurrera ateratzeko”. Sortu den saltsan sartu gabe, imajinatu zer aurpegi geratu zitzaidan, euskal literaturaren zutabeetako baten editorea lanik eta soldatarik gabe geratu dela irakurri bitartean –besarkada bat, Lander–, merchandising frantximenta besotik zintzilik neramala.
Erridikulu pertsonalak alde batera utzita, goazen inporta duenera: gauza jakina da euskaraz internazionalismo literarioa ez dela aberasteko asmoz praktikatzen –horretan beste internazionalismo guztien antzekoa da–, baina Igela pasatzen ari den ordu larri honek pentsamenduren bat probokatu behar luke irakurlegoaren konposizioaz. Seinalatu da, arrazoiz, gurean originalak beti hobeto saldu izan direla itzulpenak baino. Horren kausak, ordea, ilun samar ageri zaizkigu; eta kulpanteak bilatzera jotzen dugu, problema, nire ustez, begi-bistakoa den arren, testu artean pixka bat sudurra sartuz gero. Sar dezagun, bada:
“Ternik eta gure amak kontatu ohi zuten, aitak mendean hartzen ez zuen ahotsaren tinbrearen haritik, egun batean, irakasleen ekitaldi batean, Unibertsitateko geletan bildurik zeudenean, amak galdetu ziola ahopeka aitari nola zuen izena beraiengandik pauso bakar batzuetara zegoen irakasle batek. «Nor den?», egin zuen oihu aitak, halako moduan ezen denek burua jiratu baitzuten hari begiratzeko. «Nor den? Esanen dizut nik nor den! Ergel bat totala!».
Familiako lexikoa, Natalia Ginzburg (Fernando Reyren itzulpena)
Bereziki “zaila” ez den itzulpen batean ere honelako paragrafo ugari dago, zeinaren lehenbiziko esaldia bezalakorik nekez aurkituko duzun gehien mugitzen diren gaur egungo euskarazko originaletan. Atzetik datorren menpeko ondorio-perpausari ere ihes egiten dio ia edozein idazle autoktonok, segika datorkion polizia izango balitz bezala. Badakizu: ez bilatu problemarik. Sintaxiarekin pixka bat jostatzen hasten bazara berehala baitauzkazu, intentzio onez agian, “eske ez da ni ostias ulertzen” esaka –edo intentzio ez hain onez, “literatura elitista” deskalifikatuz, hamaika korroskada entzunak gara–. Liburu berria idazten ari denak, hori aurreikusiz, egokitu dezake –kontzienteki edo ez– bere idazkera B2 mailara, dauzkagun tresnekin ez baitugu irakurle-masa jasoagorik produzitzen egun; baina amigo, itzulpenekin ezin da adaptazio sinplifikatzailerik egin.
Testuaren konplexutasunak dauzkan inplikazio ekonomikoen argitan, Igelaren argazkia askoz errazago errebelatzen dela iruditzen zait: diglosia, hizkuntza politika, merkatua. Gure literaturaren Bermudako Triangelua. Eta nik uste, lehenbiziko faktorea bigarrenaren bitartez aldatzen ez den bitartean, bueltaren bat eman beharko diogula hirugarrenari, alegia, liburua merkantzia gisa ulertzeko daukagun joerari. Ez baita posible proiektu estrategikoak kolokan daudenean salmenta-datu hotzetan bakarrik pentsatzea.