Ez dakit zuek nola ikusten duzuen asuntua, baina niri, EAEko Hezkuntza Legearen harira izan ditugun azken nobedadeak –alderdiek joan den astean aurkeztutako emendakinak, atzetik etorri den polemika eta abar marmar–, edozer gauza iruditzen zaizkit nobedadeak izan ezik. Eta tontamentean nire burua labana hegalarien espektakulu baten erdian harrapatuta ikusteko arriskua onartuz, saiatuko naiz esplikatzen zergatik –artikuluaren parte honetan Indiana Jones-en soinu bandak hasi behar luke automatikoki, baina aurrekontu-arazoak dauzkagunez, ejem, hezkuntzak bezala, zuen kabuz laraileroitu beharko duzue–.
Has dadila abentura: EAJk eta PSE-EEk konpontxo egin eta A-B-D ereduak mantentzeko modua egin dute. Edo ez. Segun eta zeinek esplikatzen duen. Eneko Andueza klakea dantzatzen atera da prentsaren aurrera, “eredu linguistiko elebakarra” instalatuko ez dela ospatzen, beraz badirudi baietz: Ultras Bertendonako zaleak bufandak oso fuerte astintzen, plaza mantentzeko euskaraz ikasi nahi ez duten irakasle elebakarren zoramena harmailetan –elebakar onak, benetakoak; ez kosta ahala kosta desagerrarazi behar diren euskaldun elebakar imajinario maltzur horiek–. Badirudi gola izan dela, baina hor dator Jokin Bildarratz atzamar puntekin airean pantaila marrazten, errepikapena ikusi behar dela, A-B-D ereduak gaindituta daudela eta aurkeztu duten emendakina ez dela PSE-EEren gola, agian ez dela gola ere, kontua ondo aztertzean “semantikaz ari garela” jabetuko omen da estadio osoa. Nik gehiago ere esango nuke: pragmatikaz ari gara. Alegia, esaldien testuingurua kontuan hartu behar da. Alegia, EAEko kultura politikoaren barruan gertatzen ari da hau guztia. Alegia, erreparatu behar zaie motor autonomikoaren balbulei, bielei, pistoiei.
Karburagailuan EAJ-PSE paktua daukan kultura politiko horrentzat funtsezko pieza izan baita anbiguotasuna. Urtetan biek adostutako kontuek balio izan diete aldi berean esateko a) pausoka-pausoka Euskadi bere bidea egiten ari zela; eta b) lasai erretzeko purua, nazionalistekin ados jarri arren, Espainia bat eta bakarra dela. “Ezberdinen arteko paktua” deitu izan zaio pieza horri, negozio askorako balio izan du eta momentuz tailerrean ez dago errekanbiorik, zeren d) ezker independentistak, paktu horiek salatzeaz gain, erabaki du eta zin egin EAJ Maltzagaraino eramango duela, baina errepidean Ikusi mendizaleak kantari doazela, beti iristen dira neskaren mamua agertzen den kurbara, gelditzen dira, jaisten dute leihatila zer dioen entzuteko eta espektroak ahoskatzen du: “Xibertaaa”. Eta EAJ kotxetik jaisten da izutu denaren itxurak eginez –berez beste plan bat zeukan–; eta ezker abertzaleak oihukatzen dio: “Ei, baina ez alde egin orain!”; eta gero, bueltatzen ez dela ikusirik, purrustaka hasten da.
Familia politikoen aspaldiko ohiturak, beraZZZzzzZZZ. Klaro, familiak ez dira gizartea; eta hezkuntzaren planifikazioak, gizarte osoari eragiten dion neurrian, aitortu behar lioke prozesuaren parte den komunitateari autonomia gradu handi xamar bat alderdietatik harago. Asmo deklarazioak gorabehera, ez baita zail-zaila ere izan ikustea lege honetan klan guztiek helburu desberdinak zituztenez, bakoitzak interes partikular batzuk salbatu nahi izan dituela –Gose jokoak gisa ere ezaguna den kontratu-programen eredua (EAJ), euskalduntzeari buruzko kontzeptu minimalista (PSE) edo ikastolen finantzazioa (EH Bildu), besteak beste–. Eta orain, atera den Frankenstein hori noren botoekin onartuko den ikustea bakarrik falta da.
Bueno, eta niri bizkarretik matxete hau ateratzea: bale, ez zaudela ados, baina tamaina honetako gauzekin erasoka hastekoa izan denik ez zait iruditzen, jope.