Bi ume palestinar

Gorka Bereziartua
0
Wadea Al-Fayoume 6 urteko haurra hil dute AEBetan Israelek Gazaren aurka abiatutako gerraren testuinguruan.

Joan den ostiralekoa da bideoa. Gazako herritarrak manifestazioan: ez dutela alde egingo, “nahiago dugu hilda umiliatuta baino”. Gizon gazteak dira gehienak, baina haien artean korrika eta oihuka dabiltza zenbait ume ere. Kamisetan lehoiaren marrazkia daukana ez da izango metro eta erdi luze; gorantz betetzen ez duen lekua zabalerantz hartzen saiatzen da besoak arku bihurturik. Nolako determinazioa pausoan, nolako segurtasuna kontsignak errepikatzean, pentsa zenezake badakiela, ulertzen duela, azken ondorioraino, oihukatzen ari den hitz horiekin zer esaten ari den.

Baina tartean behin inguruan doazen handiei begiratzen die, “ondo egiten ari naiz horrela?”, esanez bezala. Kamisetan dago lehoia. Ume horren jarrera ihardukitzailea izututako katuarena da: konkortu, ileak luzatu, handi egin, beldurra eragiten dizunari beldurra eragiten saiatu. Mehatxua uxatzeko biziraupen-instintua. Hala izatea nahi zenuke, haurrak heroi bihurtzea goratzen duen edozein kontakizunek eragiten dizun higuinagatik.

Gaur ez dakizu ume hori oraindik bizirik dagoen ala Israelek jaurtitako bonbek hil duten.

Bideoak erantzun asko jaso du. “Honek gerraostea argituko du eta txalotzen dut beraien erabakia eta errespetatzen dut auzi honetan beraien autodeterminaziorako eskubidea” (25 atsegite); “Suizidioa. Beraien aukera” (31 atsegite); “Begira ze gizen dauden gosez hiltzen ari diren herri horretan” (104 atsegite); “Badirudi haien nahia beteko dela” (45 atsegite). Putzu septikoa askoz luzeagoa da eta sakoneraino sartu zara, doilorkerian behera scroll egin bitartean pentsatuz askotan leporatzen dietela palestinarrei islamismoa besarkatu izana, sionistek ederki baliatu dutela hori sinesmenen talka globalaren nahasmenean ezabatzeko berez kolonialismo kasu ageri-agerikoa besterik ez dena. Pentsatzen duzu, gainera, Hamasek egindako astakeriak kondenatzeko idazten den lerro bakoitzagatik idatzi beharko litzatekeela beste bat “terrorismoaren kontrako gerra” gisa bataiatu zuten propaganda-aroak gure inguruan azken bi hamarkadetan sortu dituen fanatiko zuriez.

Ez baitakizu nola duen –zuen?– izena Gazako manifestazioan ikusi duzun haurrak. Badakizu, ordea, beste ume palestinar batena: Wadea Al-Fayoume. Plainfielden bizi zen (Illinois, AEB) bere gurasoekin, urriaren 14an Joseph Czuba ate-joka sumatu zuenean.

Amak ireki dio, alokatuta daukaten etxearen jabea baita eta, zer nahi ote du honek orain. Gizonak berehala bota dizkio atzaparrak eztarrira, hantxe ito behar du, “musulmanok hil behar duzue” oihukatzen diola; gero puñal militarra aterata sasta-sasta-sastakatu du, behin, berriz, berriz, berriz, emakumeak indarka komunerantz ihes egin duen arte; baina labana hori egarri da, labana hori ez da geldituko: Joseph Czubak 26 aldiz zeharkatu du bere labanarekin sei urteko Wadea Al-Fayoumeren gorputz txikia, hil arte.

Gaur badakizu herio-industriak funtzionatzeko behar duen intoxikazio psikologiko masiboak frontetik oso urrun ere umeei bizia kentzeko baldintzak sortzen dituela.

Eta etorriko zaizkizu esanez erotuta daudela estatubatuar horiek, telebista gehiegi ikusten dutela, baina ardi beltz bat, baina sagar ustel bat, baina hori hemen gertatzea ezinezkoa da, baina, baina, baina. Egunotan palestinarrei gizatasuna kentzea –“animalien aurka ari gara borrokan”, esan du Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak–, ez da lehenbiziko urratsa besterik haien lurrak eta bizitzak erauzterainoko sekuentzian. Baina gure buruari gezurretan ariko ginateke, zera ere onartuko ez bagenu: gizagabetze hori, aldi berean, egunero ikusten dugun arrazakeriaren bertsio anplifikatua baino ez dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA