Hitzak falta zaizkigu, hori da gertatzen ari zaigun gauzetako bat. Israel palestinarren aurka egiten ari den sarraskiari tamaina hartzeko osatzen dugun esaldi bakoitzak ezintasun sentsazio ikaragarria uzten digu. Aurreko horixe izan daiteke adibidea: “sarraskia”, “ezintasuna”, “sentsazioa”, “ikaragarria”. Idatzi ahala desegiten dira. Hitzez altxa nahi genuke bandera, eta mintz lirdingatsu bat besterik ez dugu haizeari eskaintzeko. Bonbek palestinarrak hiltzen jarraitzen dute.
Saiatu beste modu batera: Israelgo estatu genozida palestinarren garbiketa etnikoa egiten ari da. Bai, horrela dela uste duzu; eta hala ere, zerbaitek ez du funtzionatzen, amildegi bat dagoelako hitz horiek idaztera eraman zaituen bulkadaren eta hitzek euren kabuz adieraztea lortzen dutentxoaren artean. Gertakariak izendatzeko geroz eta kontzeptu larriagoak erabiltzen saiatzeak ez du amildegia handitu besterik egiten. Eta bitartean, bonbek, doilor, palestinarrak hiltzen jarraitzen dute.
Kolonialismoa genozidioa 4.500 hildako bi astean bonbardaketa aire zabaleko munduko kartzelarik handiena apartheid sionista zigor kolektiboa hiltzaileen konplizeak zuriketa hipokrisia zapalkuntza arrazakeria ume hilak ez nire izenean. Egunero-egunero-egunero artikuluetan, txioetan, karteletan, pintadetan erabiltzen ari garen hitzek ez dute gauza handirik esaten dagoeneko. Erresistentzia elkartasuna jende uholdea manifestazio nazionala irtenbide politikoa boikota nazioarteko legedia munduari mezua autodeterminazioa. Denak gasta-gasta eginda daude. Bonbak ez: palestinarrak hiltzen jarraitzen dute.
Uste dut Viktor Xklovski idazle eta literatura kritikari errusiarrak asmatu zuela gertatzen ari zaigun hau esplikatzen, errepikatzearen errepikatzez hizkuntza automatizatu egiten dela azaldu zuenean: “Horrela desagertzen da bizitza, ezerezean transformatuta. Automatizazioak irentsi egiten ditu objektuak, ohiturak, altzariak, emakumea eta gerrari beldurra”. Lev Tolstoiren egunerokoan aurkitutako esaldi bat aipatu zuen gero: “Hainbeste jenderen bizimodu konplexua inkontzienteki gertatzen baldin bada, bizitza hori existitu izan ez balitz bezala da”. Hitzen debaluazioarekin hasten da, nolabait, bizitzen debaluazioa. Orain, hala ere, sinpleagoa da kontua: Israelen bonbek palestinar bizitza hutseraino debaluatzen dute.
Badira, eta miresgarria iruditzen zait, hitzen krisi hau zartatzea lortzen dutenak. Bassam Youssefek komedia beltza egin du Piers Morgan Uncensored saioan: palestinarren aurkako diskurtsoarekin bere burua gainidentifikatuz, agintari mendebaldarren eta haien zerbitzura lan egiten duten iritzigileen barru ustela agerian uztea lortu du. Bonba semiotiko txiki bat. Baina benetako bonbek palestinarrak hiltzen dituzte hala ere.
“Bihar Gazan ez dago eskolarik, ez baita geratzen joango den umerik” kantatzen zuten ultraeskuindar sionistek Tel Aviven 2014an, beste sarraski baten erdian. Poeta kaskarrak ditu masakreak, hiltzaileak ez du asko nekatu beharrik hitzak bilatzen. Guk aldiz, bai. Saiatu behar dugu inpunitate hau ebakiko duten hitz zorrotzak aurkitzen, Israelek bere bonbekin palestinarrak hiltzeari uzten dion arte.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartua Mitxelenak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]