Gauzak nola saltzen dizkiguten politika posibilistaren merkatuan: duela hiru urte super-super inportantea zen Usamerikako hauteskundeetan demokratak fatxari irabaztea; eta jakin zenean Joseph Robinette Biden Jr. presidente izango zela –portzierto, txorrotako ur fresko pixka bat edateko gogoa jartzen zait enperadorearen izen osoa idazten dudan aldiro; espainulek ez duzie konprenitzen ahal, baina beste batean esplikatuko dut txistea, digresio hau autodeterminazio eskubidea eskatzen hasiko baitzait laster–, zera, nioen moduan beraz, Bidenek Trump zamalkatu zuela jakin berri, eskura dauzkagun medio gehienetako urretxindor kantariek esnatu gintuzten “librada ederra egin diagu” esanez.
Orain ikusten duzu Biden –Washington-New Yorkak faxismotik libratu behar zituen huraxe bera–, nola ari den Netanyahuri bizkarrean txapaka, eta pentsatzen duzu: honezkero Trumpi ez zaio tarte handirik geratzen, oso fuerte saiatu arren, naziagoa izateko. Eta palestinarren erailketa masiboari txeke zuria eman dion presidentea hurrengo AEBetako hauteskundeak irabazteko lehian sartzen denean, hala ere, hor hasiko zaizkizu demokrazia liberalaren urretxindorrak berriz, “Biden gure laguna da, anaia bezala”, eta abar tartar.
Kontua hor bukatuko balitz, tira. Baina politika posibilistak merkatu-nitxo guztiei begira lan egiten du, eta Trump ikusi nahi ez izateaz gain Bidenengan fede handirik ez daukan bezeroarentzat ere badauzka beste pakete batzuk, gaur eskatuz gero 24 ordutan etxean jaso ditzakezunak bidalketa-gasturik gabe. Pentsa, Che Guevararen rolloko klientelarentzat ere badute produktu bat: Bernie Sanders du izena eta diseinatuta dago jendeak pentsa dezan nahikoa dela haren aldeko botoak ereitea noizbait AEBak jardin botaniko sozialista bihurtzeko.
Produktu bitxia da, hori bai, eraldaketa sozialaren hautagaitza sustatzeko etengabe dirua eskatzen baitizu –“I am once again asking for your financial support” da, segur aski, haren esaldirik ezagunena–, eta parean tokatzen zaion lehen genozidioan, su-etena zalantzarik gabe eskatu ordez, Alfonso Guerraren antzeko norbait bihurtzen da –to bromuroa libido politikoarentzat–, sarraskiak ia hilabete martxan zeramanean honelako gauzak esanez: “Ez dakit nola lor daitekeen su-etenik Hamas bezalako erakunde batekin”. Jasotako kritiken ondoren, Israelek Gazan hildako lagun kopurua gutxi gorabehera 10.000 inguruan zegoenean, “pausa humanitarioak” beharko liratekeela esaten hasi zen –horrek esan nahi du: bonbardaketak ordu batzuetan eten, medikuei lan egiten utzi, palestinarrei janaria, arropak eta abar eman, eta gero berriz haiek bonbardatzen hasi–. Eta alderdi demokratako beste zenbait ordezkari su-etenaren alde posizionatzen hasi direnean ere, besoak gurutzatuta jarraitu du Bernie “gorriak”.
Jeremy Corbynen mamuak izutu ote zuen pentsatu nuen hasieran: Erresuma Batuko alderdi laboristaren buru izatera iritsi zen politikari ezkertiarra frijitu egin zuten, palestinarren eskubideen alde zeukan jarrera antisemitismo akusaziopean kakaztuta. “Sandersek ez du erreka hori jo nahi eta horregatik dabil epelkerian”. Beti bezala, oso hipotesi onbera nerabilen esku artean, Vermonteko (AEB) The Rake hedabideak kontuak argitu dizkidan arte: unibertsitatea bukatu zuenean kibbutz batera joan zela Sanders boluntario, 1970eko hamarkadatik Richard Sugarman sionista deklaratua duela lagun –eta batez ere, aholkulari–, industria militarra zenbat aldiz babestu duen… zerrenda luzea da. Eta aspergarria. Historial horrekin, argi baitago AEBetako senatari “erradikalenak” ezer gutxi egingo duela palestinarren bizitzak salbatzeko. Politika posibilistaren merkatuak eskaintzen digun beste edozein aukerak bezain gutxi, alegia.
1 Iruzkin
Kronika ona,milesker Gorka! Tristea bada ere irtenbide eza ezagutzea EEBBko politikarien artean…atera diren herritar ausarten erantzunari eutsi beharko
diogu! Californiako Berkeley unibertsitatean pankarta erraldoia eskegi dute “cease fire now-free palestine” aldarrikatuz, besteen artean.