Urkullu, Pradales, Black Friday

Gorka Bereziartua
0
Iñigo Urkullu eta Imanol Pradales asteburuan Sukarrietan (argazkia: El Correo).

Merke, oso merke, are merkeago, erdiprezioan: egunak beharko nituzke joan den astean Black Fridayrekin lotuta iritsi zitzaizkidan e-mail guztiak ezabatzeko. Ez dudanez lan hori hartzeko batere intentziorik, sekulako pagotxen iragarpenak bata bestearen azpian sedimentatzen joango dira mezu berriak iritsi ahala, gure garaiak planteatzen dizkigun galdera filosofiko handi bihurturik. Izan ere, programa informatiko batek erabaki du, segur aski, eskaintza zehatz horiek niri bidaltzea, han eta hemen klik eginez uzten dudan datu-parrastaren gurutzaketa turboalgoritmiko baten bitartez. Inork bidali ez dituen mezuak dira, beraz; eta inork ez ditu irakurriko. Orduan –jarri Kandido Urangaren ahotsa eta musika epiko bat ondorengoa irakurtzeko–, existitzen al dira mezu horiek benetan?

Asuntuari erantzuna bilatzen pasako duzun denbora baino gutxiago behar izan du EAJk, zazta, lehendakari bat osorik meriendatzeko: noizbait jakingo da zer pasa den kamerinoetan Iñigo Urkullu hurrengo hauteskundeetako eszenatokira ez ateratzeko. Egia da kontuak ez zeukala itxura onik azkenaldian –urrian Japoniatik Itxaso Atutxari bota zion eztenak pistaren bat ematen zuen–, baina hala ere, joan den ostiralean zabaldutako filtrazio baten ondotik gauzek hartu duten belozidadeak jo eta ma utzi ditu bost sabinologotik lau.

Alonsotegiko politikariari ez diote utzi –edo ez du nahi izan– agurra erabaki pertsonal gisa aurkezten ere. Ez agerraldi instituzionalik, ez solemnitaterik; nik zer dakit: biolinak, malkoak, goiasmo pixka bat. Youtubeko publizitate bat balitz bezala saltatutako tramitearen itxura hartu diot. Black-Black Friday: 40 urtez alderdijan iñarkun ia denetan, orain artezkari, gero goizpargile, bihotz eta arima hari opaltzen… eta buruinduko zaituztela dioen deikuna izparringian ikusi behar, lau txindiko norbait bazina legez.

Egonkortasuna aipatuko da Urkulluren urteak gogora ekartzean. Konkretuki, pelikula irandar bateko hemezortzi minutuko plano finko horietako baten antza izan zuela garai honek. Aspergarria, esango duzu. Bai, ossso. Baina azken hitza gaiaz ulertzen dutenen esku dagoenez, Kiarostami bada norbait zinema munduan eta Urkulluk karguan hamabi urte beteta utziko du Ajuria Enea. Jeltzaleek jakin zuten irakurtzen Euskal Erdiko boto-emaile askok chill out politiko pixka bat behar zuela gatazkaren techno gogorraren ondoren, zuri eta beltz gehiegiren ondoren grisa zela kolorea, eta ohiko bisnesak dekoratzeko ez zela lexikoan irudimen-inbertsio handirik behar ere: “estatus politiko berria”, “nazio forala” eta duela gutxi formulatutako “konbentzio konstituzionala” izan dira tramankulu kontzeptual inportanteenetako batzuk. Alegia, deus ez.

Soropilera aitaren eginda salto egin duen Imanol Pradalesekin berrikuntza saltzea da kontua, ma non troppo, ez baita ahaztu behar hemengo hautesleez ari garela, alegia, zozoak zozoari kantatu behar diola. Norbait gaztetxeagoa, perfil teknokrata eta –hau da datu inportantea– santurtziarra: Neguriko prentsan dagoeneko hasi dira kontatzen esfortzuari esker goraino iritsi den Mamarigako langile-kastako gaztearena. Black Friday elektorala, EAJk euskal barrionalismoaren alorrean egin ditzakeen eskaintzak: adi, izan ere, hor bada merkaturik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA