Iazko abenduaren 20ko goizean France 5 telebista kateko C à vous saioko taldearekin bildu zen Emmanuel Macron, arrats hartan bertan egin behar zioten elkarrizketaren edukiak adosteko. Eta kontu bat argi utzi zuen: “Depardieurena egin behar da”. Frantziako presidenteak eskatuta hitz egin zuten, beraz, Gérard Depardieu aktorearen kontrako bortxaketa salaketez 3,3 milioi ikusleren aurrean. Goi-mailako politika putzu septiko bihurtzen duten kontu asko gurutzatu ziren, mendea eta segundua bezala, leku horretan.
Kasua jarraitu ez dutenentzat: Mediapart hedabideak publikatutako artikulu-sorta bati esker ezagutu dira 2004tik 2022ra errodatutako hamaika filmetan Depardieuk hamahiru emakumeri egindako sexu-erasoak. Geroztik salaketak ugaritu dira eta urtetan beste aldera begira egon direnen memoria ere freskatzen hasi da. Horri esker jakin dugu askok –nik konkretuki Le Figaro-ren artikulu baten bidez, zeinean eguraldiaz bezala ari ziren kontu hauetaz– 1990eko hamarkadan bere karrera amerikarra etetearen arrazoi nagusia gaztetan egin zituen bortxaketei buruzko adierazpenak izan zirela; Sophie Marceauk harrapakari sexualtzat jo zuela; eta kasik atzo goizean, 2020an, epaitegietara eraman zuela Charlotte Arnould aktoreak ere. Bortxaketagatik, nola ez. Pastelari ginga France 2 kateko Complèment d’enquête ikerketa-programak jarri zion abenduaren 7an, aktorearen zenbait irudi erakutsiz, bost urte lehenago Ipar Korean grabatuak, zeintzuetan aktorea etengabe ari zen emakumeei buruzko iruzkin sexualak egiten, tartean poney bat zamalkatzen zuen adin txikiko neska bati buruz.
Eta goroztegi hori ikusirik, Macronek dio: “Erdi-erdira egin nahi dut salto biluzik”. Inork espero bazuen Depardieuren atzaparretan eroritako biktimen alde hitz egingo zuela, ez dute ezagutzen zinismoa jariatzen duen organoa ze indartsu daukan Frantziako presidenteak. Aktorearen “miresle handia” dela esan zuen gaia mahai gaineratu eta berehala. Gero haren kontrako “ehiza” salatu zuen, baita aukera probestu ere Frantziako Kultura ministro Rima Abdul Malaki zuzenean belarritik tira egiteko. Ez azken honen urtebetetzea zelako, baizik eta adierazi berria zuelako ikusitakoak ikusita –eta ikusitakoek ekarri dituzten urakan, zirimola eta traganarru mediatikoak–, agian aztertu beharko litzatekeela Depardieuk 1996tik paparrean daraman Frantziako Ohorezko Legioa bertan behera uztea.
Eliseoko azeria larri dabilen oilar kankailua salbatzen: lagunak dira ala? Bai zera. Kutreagoa da asuntua. Edo kalkulatuagoa behintzat. Antza denez, Frantziako iritzi-giroa neurtzen duten inkestek gauza bat erakutsi diote Macroni azkenaldian: adin batetik gorako boto-emaileek ez dutela ezer jakin nahi woke usaineko ezertaz –feminismoa, LGTB+ kolektiboaren eskubideak, anti-arrazismoa…–. Eta publiko horrentzat Depardieu, 75 urte, Eiffel dorrea forratzeko aski izango liratekeen sexu-delituei buruzko paperak epaitegietan, ikono anti-woke erabatekoa da.
Jokaldia beraz, den bezain miserablea izanda, realpolitik lezio bat ere bada: botoen merkatuan zeozer berria eskaintzea baino, dagoen eskaria asetzea da auziaren iltzea. Eta badirudi, Parisen eta beste leku askotan, 60ko eta 70eko hamarkadetan parranda ideologiko itzela egin zuen belaunaldiaren ajeek negozio politikoa baldintzatzen dutela oraindik.