Filologoen mugalari

Gorka Bereziartua
0
Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria Irulegiko eskuaren aurkezpenean.

Honetan behintzat euskaldun guztiok ados egongo gara: urtea hasi berritan zure bizilekutik ihes egin beharra kontu latza da. Pasa den astean Iñigo Astizek telefonikoki kontaktatu ninduenean, banekien asuntua ez zela beleitate bat. “Berria-n artikulua publikatu dudan momentutik hasi dira mehatxuak, ezin dut gehiago jasan. Muga pasatzen lagunduko didan norbait behar dut”. Astiz bezalako polemista zaildu bat, mota orotako elementuekin liskar dialektikoak eduki eta beti onik atera dena, hain estu? Berehala jarri nuen operazioa martxan: dagoeneko salbu dago, aurpegi eta izen-abizen berriak eman dizkio gure sorospen agentziak; inork ezingo dio atzaparra gainean jarri.

Baina kontua finikitatu berritan, berriz jo zuen telefonoak. Borja Ariztimuño zen: “Irulegiko eskuari buruzko nire ikerlana publikatu denetik…”. Ez nion bukatzen utzi: “Ya, ya, Proto, imajina dezaket. Lasai, marroia nik deraukot”. Eta beste ebakuntza bat, beste paper faltsu batzuk, eta hura ere salbatuta. Baina ordurako ni moskeatuxe: normalean bestelako kargamenduak pasatzen ditugu Bidasoatik eta, bat-batean euskal intelligentsia erdia padura hauetan zirkulatzen jarri behar banuen, konprenitu beharko nuen zergatik, ezta?

Jarri naiz ba, abandonatu samar neuzkan epigrafiari eta paleoeuskarari buruzko nobedadeak errepasatzen, aurkitu dut Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoaren azken zenbakia, irakurri dut goitik behera eta, klaro, orduan bai, orduan ulertu dut zergatik haserretu den jendea. “Dardarkariekin batera, deigarria da testu osoan albokari bakar bat ere ez agertzea eta, multzo osoa aztertuta, zenbait zalantza agertzen zaizkigu protoeuskararen ikuspuntutik”. Nor ez da ba sutan jarriko tamaina horretako baieztapenez beteriko testu baten aurrean?

Noski, arrazoi osoz deitu diete “euskalsaltsako zipaio” eta “kolonizatzaile” ikerlariei, baita haien lanen berri eman duen kazetariari ere. Igual pixka-pixka bat pasatu da filologoen ikerketa “garbiketa etniko” batekin konparatu duena, Irulegiko testuaren azterketa nazio oso baten “memoria desagerraraztea”-ren parekotzat jo baitu. Baina tira, nahiko zibilizatua izan da dena, deserriratzea aukeratu duen jendea gorabehera.

Gainera, ez dakit zertan pentsatzen ari ziren. Igual irudituko zitzaien publikoa jarrera eszeptikoak toleratzeko moduan zegoela aurretik jasandako desengainuen ondoren. Edo okerragoa: igual pentsatuko zuten euren diziplinaren berezko erremintak erabiliz aztertu behar zutela Irulegiko eskua, publikoak esku horretan irakurri nahi izan duena konfirmatu beharrean. Harmailetan jende kopuru majo batek “sorioneku” ezagunaz gain deszifratuta baitzeuzkan honezkero argi ez zeuden beste hitzak ere, metodo apotropaikoa erabiliz –bueno, batez ere potroak–. Eta denak beren eskutxoarekin kontent zeudenean, juxtu orduan etorri zaizkizu listomariak euren betaurrekoekin eta alkandorako patrikatxoak boligrafoz beterik, esanez horko hori euskara dela baieztatzeko ere pixka bat gehiago ikertu behar dela.

Gure indar hutsez sinetsi duguna jakiteko datuak beharko balira bezala.

Dena den, filologo gizajoak. Ez dira ezertaz enteratzen. Ez dakite asuntu hau bigarren minututik bihurtu zela kamisetak, banderatxoak eta zilarrezko zintzilikarioak saltzeko pagotxa. Eta ikerketa akademikoa gehiago saritzen dela merkatuaren esku zorionekuari trabarik egiten ez badio. Tira, negozio paralelo batzuk ere sortu dira, klandestino samarrak izan arren: filologo-pasa honekin jarraitzen badut, aurten oporrak bi hilabete lehenago hartu baietz. Ari da orain ere baten bat deika: bai? Lakarra? Non eta zer ordutan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA