Tren horri ez

Gorka Bereziartua
0

 

Koldo Izagirrek badu liburuxka oso gomendagarri bat, Eako poesia egunen antolatzaileen eskutik Zaldiarri bilduman 2012an argitaratua: Emakumeak trena hartu zuenekoa. Errepaso ederra ematen dio XX. mendeko euskal poesiari, abiapuntu gisa hartuta trenak, ferrokarrillak, bultziak, idazleen lanetan nola agertzen diren, zer iradokitzeko; nork begiratzen dion trenari, nor doan barruan, nor geratzen den geltokian; zergatik arbuiatuzuten batzuek, zer dela-eta maite izan zuen hasieratik herriak.

Garraiobide batek zenbat esan dezakeen gure mundu-ikuskeraz. “Pierre Lotik lantua jo zuen trenak Hendaiara eta, oro har, Euskal Herrira iritsi behar zuelako”, kontatzen du Izagirrek, Ramuntxo-ren egileak asuntuaz idatzitako lerroak ekarri aurretik: “Gaixo Euskal Herria! Hain luzaz ukigabea, Arabia txipi baten antzeko, antzinako ohiturek eta ikasi ezin litekeen hizkuntzak babestua zena, hona hemen badoala!”. Loti, portzierto, gure herriaren esentziekin hain kezkatuta ibili ordez, arduratu zitekeen berak zuzenean masakratu zituen herriez, harro antzean kontatu baitzuen Le Figaro-n nola tirokatu zituen indotxinarrak Frantziako armadaren uniformea soinean zeramala. Kronika okaztagarri horietan, bere fusiletik ihesi ari direnek gorputza “modu komikoan astintzen” dute eta balentria amaitutakoan aitortzen du: “Hildakoak kontatzen dibertitzen ginen”.

Segi dezagun trenarekin, dena den. Gero hitz egingo dugu hilketez berriro. “Arrotzez beterik egon da bultzia. / Hitz lotsabakoak, abesti zantarrak, / nahi ta nahi ez, entzun behar izan dodaz / Jainkoaren aurka biraoaz nahastauta”, idatzi zuen Sorne Unzueta “Utarsus”-ek 1932ko Nire herria poeman. Idazle bizkaitarraren gaztetako testu hura izan liteke garaiko abertzaletasun ofizialak modernitateari zion mesfidantzaren erakusgarri on bat: besteak eta bestelakoak ez ikusi eta ez entzun nahia. Baina Unzuetarekin justuak izateko, gogoratu behar da haren 1985eko Etsaiak? poema ere. Gauerdiko tren batera igo da idazlea: “Deustch-menperatutik aske-aldera noa. / Azken aginduak, diru pilo itzelaz / daukodaz kolkoan, eta horrexegaitik / neure baztertxuan, larri naz benetan”. Nazien kontrako erresistentzian ibilitako emakumearen testigantza horrek inozentzia galdu duen norbaiten kontzientzia islatzen du: aginduak eta dirua, biak erabiliko dira soldadu alemanak hiltzeko. Eta bera horretan parte hartzen ari da.

Honaino iristeko pazientzia izan duen irakurlea, nik uste, honezkero galdezka ari da ea burdinbide honek nora daraman. Eta ez du susmatzen erantzuna: palestinarrak jasaten ari diren sarraskiak ekarri dizkit gogora kontu hauek. Konkretuki, hilkintza horretan euskaldunok jokatzen dugun paperak –edo, tira: Eusko Jaurlaritza bazkide duen euskal enpresa batek–. Larunbat honetarako manifestazioa deitu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak, “CAF Palestinatik kanpora” lemapean. Jakingo duzue noski, gure tren fabrikatzaile nagusia bete-betean sartuta dagoela Jerusalem Light Rail proiektuan, baita proiektu horrek nola lotzen dituen Israelek Palestinaren lurretan ilegalki okupatutako eremuak ere. Hortik goitizena: Apartheid Trena.

Kontu deserosoa da, baina esan beharrekoa: genozidioaren geltoki bat etxe ondoan daukagu. Oraingoan beraz, ez da trenaren aurkako jarrera antimodernorik, beste tren baten aldarria baizik, erresistentzian ari den Unzueta daraman huraxe. Eta Lotik euskaldunontzat amesten zuen purutasun faltsu hura behingoz baztertzea ere bai: errugabeak tirokatzen dibertitzen direnak baino lagun hobeak bilatu behar genituzke atzerrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA