Giza gorpuak: noiz jan, nori lapurtu

Gorka Bereziartua
0
Iazko abenduan, Gaza iparraldean hildako palestinarren gorpuak bahitu zituen Israelek. Itzuli ondoren, hobi komun batean lurperatu zituzten.

Ideia berrien faltan dabilenean, entretenimenduaren industriak lotsa handirik gabe bilatzen du izozkailuan. Eta gai izaten da okela gogortuari saltsa berriren bat erantsiz, gehi propaganda, propaganda eta propaganda erabiliz, gauza berri gisa saltzeko iraungita dagoena ere. Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve, adibidez: ekartzen ote dio zerbait berririk –zinematografikoki edo bestela– 1972an Andeetan gertatutako hegazkin-istripuari eta, batez ere, beren kideak janez biziraun behar izan zuten bidaiarien tragediari? Ba, zalantzak ditut.

Hori bai, pelikulak berriz ere piztu du kanibalismoaren gaia. Horrek erakusten du ezdakitzenbat menderen ondoren, Mendebaldeko zibilizazioak oraindik ez dauzkala batere argi bere dietaren marra gorriak; eta tartean behin norbaitek dio: “Bale, normalean ez, baina egoera horretan aurkituko bazina zuk ere ez al zenuke…?”. Eta debate hutsal bezain sutsua pizten da bazkaltiarren artean, batek defendatuko baitu zer ahoratzen dugun eta zer ez hautu erabat kulturala dela, bestela ikusi nola jaten dituzten txakurrak munduko beste leku batzuetan; eta beste batek erantzungo dio muga biologikoak ere badaudela, txakurrak ez du txakurra jaten. Eta: nola ezetz, begira bideo hau. Bale, baina salbuespena da. Eta horrela, sake eta erresto, mundua –edo haren menua behintzat– konpontzeko enegarren saiakerak porrot egingo du.

Argitu gabe utziko dute, halaber, zer egin daitekeen eta zer ez giza gorputz batekin, behin haren baitan bizi zenak alde egin duenean. Joan den astean dilema horri emandako erantzun (gure garaia nolakoa den kontuan hartuta) nahiko aurreikusgarri baten berri zekarren prentsak. Valentzian gertatu da: zenbait lagun atxilotu dituzte, antza denez ospitaleetatik gorpuak ateratzen aritu direlako paperak faltsutuz, gero Medikuntza fakultateei saltzeko. 1.200 euro fianbre bakoitzagatik. Problema legalak saihesteko –etikoak, bistan denez, ez zitzaizkien asko inporta–, modurik miserableenean hildako jendearen gorpuekin egiten zuten negozioa, gehienek seniderik ez zeukatenez inork ez baitzuen haien faltarik sumatzen.

Gauzek normal samar funtzionatzen duten lekuetan horrelako merkatu ilunak sortzen badira, pentsa zer gerta daitekeen hau irakurtzen ari zaren bitartean Gazan. Iazko azaroaren amaieratik ari dira salatzen giza eskubideen aldeko taldeak genozidioaren biktima palestinar batzuei, hil ondoren, organoak erauzi dizkietela. Korneak. Gibelak. Giltzurrunak. Bihotzak. Nork? Zertarako? Zenbaten truke? Berehala sortzen dira erantzunik izango ez duten galderak. Eta pentsatzen duzu, aurrekariak ezagututa, hori leporatu diotenak ahaleginen bat egin beharko lukeela bere errugabetasuna frogatzeko.

Ez dute beharrik ordea. Albistea hanka puntetan pasa da. Deigarria behintzat, bada: norbaitek eskala txikiko gorpu-lapurreta txapuza samarrak egiten dituenean, prentsari ez zaizkio faltatzen espantuz beteriko salaketak. Aldiz, ehunka gorpurekin ustez gauza berbera egiten ari direnean, estatu batek babestuta, armada aitzindari eta munduko herrialde boteretsuenen konplizitatez, eskularru profilaktikoz jantzitako eskuek “Hamasek organo lapurreta salatu du” tekleatzen dute, zera aditzera emanez: “Batek gauza bat dio eta besteak kontrakoa: oso konplikatua da hau dena”.

Gero gaua iristen da, eta pantailak Andeetako dilema moral onargarriarekin lokartzen gaitu. Biharamunean inolaz ere onartu ezin denak gertatzen jarraituko du, amorrua antolatzeko organoa ere erauzi izan baligute bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA