Requiem bat kritika musikalari

Gorka Bereziartua
0

 

Urtarrilaren bukaera aldera ezagutu genuen notizia: Pitchfork, behinola kritika musikalaren Alfa eta Omega izan zen webgunea, GQ aldizkariaren barruan disolbatzea erabaki du proiektuaren jabeak, Condé Nast hedabideen multinazionalak. Egia da azken urteetan ez nuela hainbeste begiratzen, segur aski pop mainstreamera lerratu samarrak zebiltzalako –gehiegi nire gusturako–, harrapatu ninduten garaian zeukaten soinu bitxiagoen aldeko joera alde batera utzita; egia da, gainera, haien egun loriatsuetako iruzkin azidoak, dibertigarrienak sindudarik gabe, ez zirela azkenaldian hain ugariak; edo agian gutxiago bisitatzen nuenez, ez nituen hainbestetan aurkitzen? Tira, berdin da, izan ere: egia da, halaber, sekuentziak zer pentsatua ematen duela, horregatik ari naizela kontu honetaz, musikazaleen blog gisa hasitako zerbait mundu mailako erreferentzia bihurtzeraino hazi ondoren, hura erosi zuen korporazio erraldoiak ia lurperatu egin duelako, alegia.

Eta ez naiz joango “multinazionalek kritika musikala deuseztatu nahi dute” estiloko argudiobide konspietan barrena, justu gaur Ockhamen labana patrikan dudala harrapatzen bainauzue eta esplikazio xumeagoa dauka kontuak segur aski: Pitchfork-ek ez zituen lortu jabeak eskatzen zizkion klikak, merkatu-segmentuak edo dena delakoak. “Inpakturik” sortzen ez duenari gaur egungo negozioetan gertatzen zaiona gertatu zaio; eta dagoeneko inork ez du denborarik hartzen ulertzeko contradictio in terminis galanta dela diskoen iruzkinei eskatzea normalean jo-puntuan edukitzen dituzten produktu kulturalei eskatzen zaien emaitza bera.

Alegia: kritika ez da –“ez zen” esan behar genuke?– espektakuluaren parte, harekiko distantzia eszeptikoan egiten den zerbait baizik, horregatik da hain arraroa eta kasik kondaira bihurtzeraino gogoratua 1973an Big Star taldeak Memphisen lortu zuena: garaiko AEBetako rock kritikari entzutetsuenak bilduta zeuden kongresu batean jotzeko eskatu zieten, igo zen Alex Chiltonen banda eszenatokira, hasi ziren riki-raka-pun-pun eta gertatu zen: kritikariak dantzan hasi ziren. Sekula eztakoa. Kritikariek gidatutako iraultzan ere ez litzateke horrelako zerbait pasako.

Total, panorama desolagarria –genitibo desolationis– geratzen ari dela kritika musikalarentzat. Mundu anglosaxoiko arrain inportanteenetako bat horrela laurdenkatzea abisu argia da kate trofikoko izaki txikiagoentzat: hemendik aurrera, hau gabe ere bizi beharko duzue.

Eta baten bat honezkero ariko da pentsatzen ez dela hainbesterako, bizi osoan entzun izan duela jendeak musika kritikei kasurik egin gabe, ea zer kezka klase den hau mundua dagoen bezala egonda. Ba, musikazale baten kezka, noski: Spotify eta tankerako plataformen algoritmo ez oso gardenek jada ordezkatu dute kritikaren funtzioa neurri handi batean. Entzuten duguna aukeratzea programa informatiko bati delegatu diogu. Ez dut, portzierto, musikarien aldetik kexa handirik entzun kontu hori dela-eta, segur aski zerbait berria publikatzean erosoagoa delako jarraitzaileen eta inguruan grabitatzen duten influencerren laudorioak kontuan hartzea eta promoari laguntzen ez dion iritzi oro hater-tzat hartzea.

Asuntuaren alde perbertsoa, zera da: laster posible izango dela, dagoeneko ez bada behintzat, entzuten dugun musika gehiena ere adimen artifiziala erabiliz ekoiztea –kasu batzuetan hobekuntza handia izango da gainera, produktu musikalen fabrikazioan inteligentzia motaren bat erabili dela bermatuko baita, lehen ez bezala–. Tenore horretan, dena den, norbait gogoratuko da bazegoela jende gogaikarri samar bat, musika entzun, entzundakoaz pentsatu, eta galbahe-lan pixka bat egiten zuena. Berandu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA