Blokeak eta mareak

Gorka Bereziartua
0
Marta Lois eta Yolanda Diaz, Sumarren Galiziako ekitaldi batean.

Topikoak barra-barra jaurtitzeko asmatu ditugun gauza ugarien artean, hauteskunde-gaua duzu dudarik gabe bere funtzioa perfektuen betetzen duena. Izan zaitez hauteskunde-gau baten lekuko eta ondorengo guztietan uneoro esan beharrekoa ikasiko duzu: parte-hartze datuak edozein direla ere, balizko emaitzei buruzko hipotesiak egin behar dira lehenbizi; hauteslekuak ixtean ateratzen diren boto-proiekzioekin euforia ala desesperazioa sentitu behar dira ondoren; gero “prudentzia!” oihukatu behar da, gogoraraziz paper guztiak banaka-banaka kontatu arte ezin dela hasi lanperna-jaten. Eta azkenik, estasia: behin betiko emaitzak. Nork irabazi duen ikusita, mundu berri baten hasiera solemneki iragar dezakezu zure sareetan edo, kukuak oker jo badu, kakazaharka eta bi puzkarka hasi, gainera ia gauerdia dela konturatu, eta bihar astelehena, hau miseria eta abar.

Oraingoan, gainera, hauteskundeak Galizian tokatu dira, alegia, topiko-sorta oso aberats batekin imajinatu ohi dugun lurraldean. Baldin eta imajinatzen badugu noski, izan ere, Anton Reixak Negu Gorriaken disko hartan esandakoari buelta bat emanez, galdetu baitaiteke ea benetan galiziarrik existitzen ote den hainbeste indiferentzia mediatikoren atzean. Estereotipoen import-export balantzean, hango kostalde irineztatuak alde batera utzita, Galiziaz hitz egitea kanpora bidaltzen duenaz hitz egitea baita gehienetan: langile asko –igandeko hauteskunde-erroldari erreparatuta, bost lagunetik bat atzerrian bizi da–, itsaskiak, musika zelta, Amancio Ortega; eta Franco, Fraga, Rajoy… Ez pentsa, hala ere, produktu politiko fatxak bakarrik ekoizten dituztenik. Hor daukagu bere Espainiako karrera politikoa kostalde hartatik abiatu zuen Yolanda Diaz ere. Gero bueltatuko gara harengana.

Lehenago, emaitzek utzi duten dejà vu-aren lokatzetan iraulka ibiliko gara: dagoeneko badabiltza nonahi bi iritzi zirkulatzen, eta dira a) “galiziar madarikatuek beti gaizki ematen dute botoa” eta b) “kazikismo handia dago Galizian, izan ere”. Biak ala biak entzuten ditut sarritan eta zer pentsatua ematen didate. Lehenbizikoak, konkretuki, pentsarazten dit ea nor ari den Europan botoa “ondo” ematen azken urte zorrotadan, nik behintzat ez baitut ikusten. Bigarrenak berriz, urbanita batzuek horrela esplikatzen dituztela probintzietako jendearen defektuak. Hiri handietan gauza berdin-berdinak gertatzen direnean –gertatzen baitira, gertatzen direnez– nekatzen dira izen sofistikatuagoren bat bilatzen, igual ingelesez eta dena.

Eta orain bai, Yolanda Diaz. Zuek gazteak zarete, baina duela hamarkada bat inguru egungo Espainiako presidenteordea dagoeneko ari zen jo-ta-fuego. Urte oso eroak ziren: bazirudien partidu politikoak laster desagertuko zirela, garai likidoek antolakunde urtsuagoak eskatzen zituztela, #hashtag bidez masak errazago mobilizatzen zirela herriz herriko militantziarekin baino, politika zaharraz eta berriaz hitz egiten zen. Labur: asko flipatzen genuen. Klima hartan plataformak zeuden modan, ez alderdiak. Eta Galiziako plataforma horietako bat Madrilerako tranpolin bihurtu zitzaion Diazi, zeinak garaia alde zuela sentituta, une batean BNGri publikoki eskatu baitzion “bazter batean geratzeko”.

Joan ziren olatu haien aparrak ordea, deus gutxi utzita. Galiziako azken hauteskundeetatik zerbait ikastekotan, horixe: esperimentuak amaituta, batzuek Madrilen lanpostu hobeak aurkiturik, bertan geratzen direnen lana estimatzen jarraitzen dutela instituzioetan aldaketa nahi dutenek. Ana Pontonek ez dauka Yolanda Diazen presentzia mediatikorik, baina Galizian boto askoz gehiago bai. Eta blokeak beharbada ez dira cool, baina gutxienez ez dira mareak bezain apetatsuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA