Gizonak falta dira Hondarribiko alardean

Gorka Bereziartua
3
Gernikako Arbola plaza ia hutsik irailaren 8an (argazkia: Arantxa Iraola / Berria).

Ba Iparragirrerenak ere –“Gernikako Arbola da bedeinkatua” eta abar– ez digu balio jada Hondarribian. Hemen dagoeneko ez da ezer errespetatzen, katxondeo hutsa da. Beste tradizio sakrosantu ukiezin horietako bat joan da pikutara irailak 8an: emakumeek ere desfilatzen duten konpainia baten alboan Gernikako Arbola plazan ez jartzeagatik, alardeko gainontzeko zapeldunak herrian bueltaka aritu ziren, alferrik denbora galtzen. Behin edukiko aparkatzeko lekua erreserbatuta erdi-erdian eta ibili behar da horrela, e?

Eta klaro, gero pasatzen dena pasatzen da: Gregorio eta 4.000 gregarioak ezin garaiz iritsi alde zaharreko Santa Maria atepetik goizeko bederatzietan punttu-punttuan pasatzeko. Horrela galdu zuen Perikok Frantziako Tour bat –akordatuko ziren, bai, ordutegian sartu ahal izateko goiz osoa erdi-esprintatzen desfilatu behar izan duten alarde tradizionaleko seniorrenak–.

Hain izan da infantila ze, nondik begiratzen diozun, umeentzako ipuin baten antza baitauka kontuak. Kalabaza hartu eta, kriskitin, dantzaldirako zalgurdi bihurtu daitekeen bezala, Betiko Alardea, kriskitin, Ez Hain Betiko Alarde bilakatzen da. Ups. Orain ere esan dut. Izan ere, horrek pentsarazi lezake gauzak kanbiatzeko gogoa edukiz gero, kriskitin, kanbiatu daitezkeela. Baina gauza bat eta bakarra ezin da inondik inora aldatu, behin ere ez, baina nora ailegatu behar dugu horrela, hau desmadrea, Jesus, Maria eta Joxe, ezta hatz-mamiak gastatu arte kriskitinak jota ere: emakumeek txorrada bakar bat gehiago jasan behar izan gabe desfilatu ahal izatea.

Eta ideia hori alde batetik eta bestetik frijitzen pasa dezaket artikulu osoa, baina eske gauzak aspalditik hain garbi daudenean, irakurleak behar du originaltasun pixka bat, espero gabeko gidoi-aldaketa bat, efektu berezi batzuk, nik zer dakit. Beraz, kapen egingo dut ondoko ideia honetan: Hondarribiko alardeari falta zaiona, momentu honetan, gizonak dira. Lege zaharreko hizkerak imajinarazten dituen gizon haiek bezalakoak, alegia. Gizon portatzen zekitenak. Gizonki azaltzen zirenak.

Gizon portatu. Gizonki azaldu. Espresio horiek inspiratu zituzten gizasemeak mota askotakoak izango ziren seguru, orduan ere gehientsuenak ez ziren pieza bakarrekoak izango, baina lehengo hizkeren karga negatibo guztiak sobran ezagutzen ditugunez, begira diezaiogun une batez beste aldeari: gutxienez maskulinitatea lotzen zen bizitzaren aurreko jarrera batekin, zeinak ardatzean zeukan gauzak egitea egin behar diren bezala. Gizonari, hitz horiekin, zainetan odola edukitzea exijitzen zitzaion. Edo, gutxienez, fundamentu pixka bat. Gizonki azaldu: tokatzen denean pauso bat aurrera emateko ausardia eta kemena eduki. Gizon portatu: liskarra xaxatu ordez, irtenbideren bat bilatzeko artekari izan.

Gizona, eta ez lastozko txotxongiloa. Gizona, eta ez azioa egin ondoren edozein aitzakia fabrikatzen duen mutiko laineztua. “Consideramos que no se daban las condiciones de seguridad necesarias para hacer lo que hacemos todos los años. Y decidimos no incoporarnos a Gernikako Arbola hasta que hubiera pasado Jaizkibel”, adierazi du gregarioen burgomaisu Gregoriok. Nekez sinetsiko dizu numeroari buruzko esplikazio hori Borboi familiako kide batek ere –entendimendu mugatuko pertsonen adibide bat jartzeagatik–.

Beraz, Iparragirre deskartatuta, eta ikusitakoak ikusita, Bereterretxen kantoria-rekin pasako ditugu hurrengo 365 egunak: “Habil, eta so egin ezan gizonik denez ageri”.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA