Olivençan bada zer ikasia

Gorka Bereziartua
0

Sail hau irakurtzeko ohitura dutenek honezkero ezagutuko dute nire lusofilia –DBHkoentzat: Portugaleko gauzekiko zaletasuna, CR7ren bat gorabehera–, baina joan den asteko berriek behartzen naute orrialde honetan Bandeira Verde-Rubra beste behin ere jasotzera, zergatik eta, Portugalgo defentsa-ministroak Olivençaren gaineko soberania aldarrikatu duelako; alegia, oraintxe Espainiaren menpe dagoen 11.000 biztanle inguruko herri bat Portugal barruan nahi duela. Irailaren erdia besterik ez da pasa eta dagoeneko bi estaturen arteko muga kolokan. Hori da hori kurtsoa fuerte hastea. Eta ni oraindik plaiako trasteak armairuan gorde gabe, enfin.

Nuno Melo du izena aldarrikapena egin duen politikariak, CSD-PP alderdikoa da eta, bai, asmatu duzue, sigla horiek iradokitzen duten moduan, tipoa trinketezalea da, erran nahi baita, eskuineko paretara arrimatzea gustatzen zaio. Beraz, Olivença berreskuratzeko kontu hau, tira, lasai asko izan liteke nazionalismo portugaldarraren Gibraltar bat, hau da, (i)lusoen animo aberkoiak pixka batean berotuko dituen lasto-sua. Izan ere, kable-biltzaile profesionalenen maneran, zabaldu berri zuen meloi melatua itxi du Melok atzera ere 24 orduan, ez omen zen ari ordezkatzen duen gobernuaren izenean eta tartartar. Ezkilarik gabeko kanpai-jotzean geratuko da, segur aski, asuntua.

Baina, ai, kuriositatea. Notiziari tiraka Olivençako aferaz irakurtzen aurkitu dut nire burua eta, aizue, bai gauza interesantea: antza denez, XIX. mendearen hasieran okupatu zuen Espainiak, “Laranjen gerra” deiturikoan. Baina herriaren estatusa ez da inoiz oso garbi egon, 1801ean Portugali inposaturiko Badajozko tratatuen arabera legeztatu baitzen konkista; eta paper hori dezente umeldu zen Napoleon garaitu osteko 1814ko Parisko hitzarmenean, baita hurrengo urtean Vienan sinatutakoan ere. Azken horren arabera, Iberiar Penintsulako erresumen erresuminak baretze aldera, eta harmonia nagusitu dadin beti armonian ibili ordez, lurralde puska hori Portugali itzuli behar zaio.Eta potentziek aitortzen dute, haietako bakoitzaren esku dagoen heinean, adostasun hau gauzatu behar dela ahalik eta lasterren”, dio orain dela 200 urte baino gehiagoko dokumentuak.

Espainiak, aitzaki-maitzakika, ez zuen inoiz hitzartutakoa bete. Are gehiago, 1840tik aurrera portugesez hitz egitea debekatu zuen Olivençan. Frankismoak handik mende batera egingo zuenaren aperitifa besterik ez zen izan: irakaskuntza gaztelaniaz bakarrik baimendu; kalean portugesez ari zena isunez josi edo atxilotu; toponimia goitik behera kanbiatu; biztanleen izenak espainoldu; eta, errematerako, Espainiako beste lurraldeetako biztanleak hara eramateko bi kolonizazio-herrixka eraiki –San Francisco de Olivenza, zeinaren izeneko Francisco horrek, noski, Francori egiten dion erreferentzia; eta San Rafael de Olivenza, kasu honetan Rafael Cabestany Anduaga nekazaritza ministro frankistaren omenez–.

Emaitza begi-bistakoa da: gaur egun herriko zaharrenek bakarrik hitz egiten edo ulertzen dute portugesez. Oliventinoa, hango portugesaren dialekto bakana, ia desagertu da. Eta ez al dizue inbidiarik ematen? Haiek libre daude hemengo fanatiko xenofobo intolerante nazi taliban ultra baztertzaile saldo-maldo guztietatik, ez da planteatu ere egiten 200 urtetako politikek galbidean jarritako hizkuntza berreskuratzea; eta mediku onik ba ote daukaten ez dakit, baina gutxienez portugesez sendatzen duten medikuetatik erabat libre dira. Labur esateko, la historia de Olivenza es toda una lección de convivencia democrática de la que los vascos y vascas podemos aprender muchísimo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA