Esplikazio baten bila dabil jende guztia abenduaren 4tik. 6:45: Brian Thompson, UnitedHealthCare enpresako burua –AEBetako osasun-aseguru pribatuen sektoreko handiena–, New Yorkeko Hilton hotelerantz doa, inbertsoreen kongresu batean parte hartzeko. Aurpegia estalita daukan pertsona batek bost minutu daramatza hantxe, beraren zain. Thompson ikusi duenean, tiroka hil du. Eta gero alde, bizikleta elektriko batean, polizia eta prentsa bi zehabete sudur utzita. Tiroen ustezko egilea handik bost egunera McDonald’s batean atxilotu dute. Luigi Mangione du izena, 26 urte ditu, eta atzeman dutenean gainean darama hilketan ustez erabilitako arma, baita eskuz idatzitako dokumentu bat ere, asuntu guztia zergatik egin duen esplikatzen duena.
[Irakurle baten iruzkina] Ea, ea, aklaratu dezagun kontu hau: paragrafoa hasi duzu esanez hilketaren esplikazio bila dabiltzala denak. Eta bukatu duzu esanez ustezko hiltzaileak bere motiboak esplikatu dituela jada. Zer ari zara kaka nahasten, Bereziartua?
[Egilearen erantzuna] Irakurle maitea, eskertzen dizut ohar hori egin izana –nahiz eta tonu atseginago bat eskertuko nizukeen, egia esan–, aukera eman baitidazu artikulu honetan fisika kuantikoaren oinarrizko kontzeptu batzuen dibulgazio-lana egiteko. Ba al zenekien, adibidez, zenbait partikula subatomikorentzat ez dela hain arraroa bi gauza izatea aldi berean? Fisikaren eremuko jakintza horri eransten badiogu etekin ekonomikoaren logika, ez da zaila ulertzea zergatik kapitalismo kuantikoan, Thompsonen hilketa esplikatuta dagoen eta ez dagoen esplikatuta, biak batera.
[Irakurle baten iruzkina] Zure dealer-aren telefonoa nahi dut. Zer sartu duzu sudurretik, txo.
[Egilearen erantzuna] Ura gatzarekin –katarro pixka bat azkenaldian–. Ez, baina serio. Historia honen mamiari erreparatuz gero, Mangionek idatzitakoarekin nahikoa eta sobran dago gertatu dena ulertzeko. Tipoak datu batzuk eman ditu –AEBetako osasun-sistema dela munduko garestiena eta, aldiz, bizi-itxaropenaren rankingean 42. postuan daudela–; iruditzen zaio aseguru pribatuen sektorea indartsuegia bilakatu dela, jendeak hori gertatzen utzi duelako; eta haien ustelkeria aspalditik dela ezaguna, baina horrek ez duela problema konpondu. Alegia, une honetan auzia ez dela kontzientziazioa, jokoan dauden botere-harremanak baizik.
Problema handi bat dauka azalpen horrek, ordea. Ez du aukeraren leihorik irekitzen negozio berriak egiteko –ez baldin bada 3D inprimagailuen alorrean, antza denez horrelako batekin fabrikatu baitu Mangionek hilketan erabili duen pistola–. Aldiz, gertakariaren detaile ñimiñoenean arakatuz bestelako esplikazioak bilatzen hasten bazara, dena da business: izuaren ekonomia pozik dago, segurtasun-enpresa pribatuak hortzak izerditan, orain CEOek bizkartzainetan gehiago gastatuko dutelako. Aseguru medikuak saltzen lan egiten duten eskala baxuagoko enplegatuek berriz, armak edo balen kontrako txalekoak erosiko dituzte, zer gerta ere. Espektakuluaren ekonomia ere kriskitinak jotzen: kasua esplikatzen duten telesailak, liburuak –zergatik ez: musikalak!– laster zure plataforma gogokoenetan. Ez ahaztu negozioaren ezkerreko aldea ere: soziologo eta ikerlari kulturalak korrika eta presaka hilketa azaltzen duten paper-ak produzitzen; Mangione heroitzat hartzen duen merchandising-a bi kliketan erosteko aukera nonahi… Pentsa, argitaletxe batek egoera aprobetxatu du bere bildumako zenbait libururen zerrenda proposatzeko –Eguberrietan gaude eta, aizu, saldu behar da–.
[Irakurle baten iruzkina] Baina artikulu hau ere ez al da deskribatzen duzun dinamika horren parte?
[Egilearen erantzuna] Ez, ez, mesedez: hau ezinbesteko ariketa kritiko bat izan da. Kapitalismoaren morroiak besteak dira. Beti.