David Lynch antidoto gisa

Gorka Bereziartua
0

Udazkeneko egun batez gertatu zela esan zuen, iluntzean, nahiko berandu. Normalean, ordu hartan, aita atarira aterako zen eta oihu egingo zien, John, David; eta hori izango zen seinalea, etxera bueltatzeko ordua.

Baina gau hartan, ez zekien zergatik, oihu hori entzuteko ordua izan arren, han zebiltzan, auskalo zertan, hura agertu zitzaienean, Shoshone Avenue gurutzatuz, ilunpeen bihotzetik, amets arraro batean bezala.

Ez zuen lehenago inoiz emakume heldurik biluzik ikusi. Emakume hura, haren azal zuri eder zurbila, larrubizirik kalean.

Iruditu zitzaion ahotik odoletan ari zela. Modu estrainio samarrean etorri zitzaien, ibilera baldar harekin zeharkatu zuen Shoshone Avenue eta Park Circle Driveraino iritsi zen. Pentsatu zuen, horrela kontatu zuen, erraldoi bat zetorrela pauso astunez beraiengana. Gertu. Gertuago. Gertuago. Gertuago.

Bere anaia negarrez hasi zen. Zerbait ez zegoen batere ondo emakume harekin. Ez zekien, ez zuen gogoratzen zer gertatu zen gero baina, agian, bai, hori da, agian emakume hura, beste mundu batetik aterea, espaloian eseri zen, negarrez.

Lagundu nahi izan zion, zer edo zer egin nahi zuen emakume haren alde. Baina txikiegia zen. Ez zekien. Ezin zuen. Ez zuen gogoan gero zer pasa zen.

Garai hartako bere bizitzaz hitz egiten zuenean, esaten zuen institutura iritsi arte bere mundua ez zela izan bi etxebizitza-bloke baino askoz handiagoa. Unibertso osoak ezkuta daitezke misterio handirik gabekoak diruditen bi etxe ziztrinen zokoetan.

David Lynch hil da, entzungo zenuten noski. Duela urte batzuk eskaini zioten dokumental batean kontatu zuen ume garaiko pasadizo horretaz akordatu naiz. Izan zitekeen bere film bateko eszena. Horixe izan baita unibertso lynchtarraren gauzetako bat: ohikoaren ezohikoa, distantzia batetik begiratzen den errealitate barean agertzen den sinbolizatu ezinezko Erreal lacandarra.

Ebakitako belarri bat belarretan. Estralurtarra dirudien haurraren aurpegiko pikorrak. Atrakatzailearen buruaren, pum, azken hegaldia. Laura Palmerren garrasia gortina gorridun gelan. No hay banda. Zizare erraldoien aho-sabai iletsuak.

Eta surrealistatzat hartu izan da, fantastikotzat, onirikotzat. Horrelako adjektiboek zerbait esplikatuko balute bezala. Lynchen obra esplikatzerik balego bezala. Esplikatzeko inolako premiarik balego bezala.

Baina, ai, ziurtasunak behar. Zeri buruzkoa da pelikula? Zein da transmititu nahi duen mezua? Nire edertasun ideologikoarentzat ispilu egokia al da?

Gauzak sinpleagoak eta, aldi berean, konplikatuagoak izan ohi dira. Haurra zara, zure anaiarekin zabiltza gauez, etxetik pixka bat urrunduta; eta ibilera arraroko emakume bat ikusten duzu zuengana datorrela, biluzik, odoletan. Mundua, ordura arte bi etxe-blokeren inguruan gertatzen zen gauza seguru hori, handiegia eta arriskutsua bihurtzen zaizu bat-batean. Ez zaude prest horri aurre egiteko. Nola edo hala pasatzen denean, ez dakizu zer egin gertatu denarekin.

Zerbait oso berezia eduki behar da material horiekin fikzioa sortzeko. 50 urtean behin bakarrik agertzen da norbait hori daukana –Lynch baino lehen Kafka izan zen–. Zeren normalena, kabitzen ez zaizkigun sentsazio horiei esplikazio errazak ematea izaten da. Hortik bizi dira gaur egun hamaika aho-handi, ordena arrakalatzen duen edozer –ez du derrigor ezer subertsiboa izan behar–, kaxoietan gordetzetik, izendatuta, pisatuta eta prezioa jarrita.

Guzti-guzti-guztia kontzeptu estuegietan kaiolatzeko joera daukan garai historiko honentzat, antidoto ona izango da, luzaroan, David Lynchen zinema.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA