Fedea galtzen hasia nintzen. Hego Euskal Herriko politika instituzionalean, alegia. Bai, bai, erabakiak hartzen dira, bilerak egiten dituzte, aurrekontuak adostu; tartean behin eskatzen digute boto-kutxa baten erretenetik paperen bat sartzeko eta abar. Baina jo, zer hintzen eta non hago: garai bateko cliffhanger etengabeak bukatuta, telesaila seko da aspergarria. Aburrigintza.
Hasieran pentsatu nuen tarte baterako izango zela, emozionatuko gintuela berriz euskal politikak ustekabeko txiribueltaren batekin: Ibarretxeren itzulera puigdemenditar bat, PSE-EEren sektore batek trotskismorantz jotzea eta autodeterminazioa defendatzea, nik zer dakit. Baina urteak badoaz, asuntua indarberritu nahian sartu dituzte aktore gazteak, traje modernoak eta koloretxoak dauzkaten gauzak; eta, hala ere, kontuak Hong Sang-sooren film bat dirudi, zeinean plano bat hainbeste luzatu daitekeen, ezen azkenerako dudatzen hasten baitzara pelikula den ikusten ari zarena ala argazki finko bat.
Baina hara, kilker-hots eternal horren erdian, far westeko belar-piloten zenbaketa amaiezinaren akaberan, politikaren asperdura metafisikoaren muin-muinean, dardara bat sentitu da azken aste honetan. Inork espero ez zuen lekuan, gainera. Bale, ez da lurrikara izan. Batzuek telefono baten bibrazioarekin nahastuko zuten akaso. Gauza hauetarako sentsibilitate berezi samarra garatu dugunontzat, ordea, Satisfyer baten kontaktu gabeko presio-uhin horietako baten antzekoa izan da. Aber, banoala, banoala, banoala: badirudi desadostasun inportanteak daudela EAJren EBBko lehendakari nor izango den erabakitzeko prozesuan.
Andoni Ortuzarrek berriz aurkeztu du bere burua, soil-soilik arituko zela aurreikusten zen, baina hasi dira batzokietan izenak ateratzen eta profil publiko baxuagoko Eneko Lekueren izenaz gain –Etxebarriko zinegotziak alderdiaren funtzionamenduarekin kritiko direnen babesa dauka–, hara non hasi den agertzen beste norbaiten grazia, itxoin, igo ezazue telebistaren bolumena, hitz egitera doa-eta: Aitor Esteban.
Ni behintzat, jo eta ma geratu naiz. Endemas, ikusirik Estebanek, militanteen kutxi-kutxiei diziplinatuki muzin egin ordez –Ortuzarren konfiantzazko aurrelaria izan baita Madrilen eta, gauza hauek, horrela, jende guztiaren aurrean, ez dira egiten–, nola esan duen edo, eman duen aditzera behintzat, gustatu egiten zaiola eta, berarengatik behintzat, ez gelditzeko.
Urduritasuna eragiten ote du horrek EAJren gaur egungo aginte-katean? Ba mezu jeltzaleak emititzen dituzten ohiko plataformei begiratuta, ez dago jakiteko modurik. Ni behintzat, perspektiba pixka bat eduki nahian Deia-ren webgunean sartu naizenean, honakoa zen lerroburu nagusia: Imanol, concebido con semen de un donante: “Es un ‘shock’, no lo esperas”.
Orduan, ba bueno, espekulatzea da aukera bakarra. Adibidez, galdetu liteke ze berrikuntza letorkeen EBBn Ortuzar bezalako boomer belaunaldiko norbait Esteban bezalako boomer belaunaldiko beste norbaitekin ordezkatuta, biak orain arte ekipo berean aritu badira. Baina hori litzateke orain estilatzen diren analisi pseudo-soziologiko mehar, ilun eta laburtxo horietako batean geratzea, kontuan hartu gabe Alderdiak, bere buruaz fuerte pentsatzean, kontuan hartzen dituela gauza batzuk guk, euskotar arruntok, nekez imajinatzen ditugunak.
Barrundatzen dut, dena den, badagoela interpretazio kultural bat: praxi jeltzale errealki existentearen eta proiektatu beharreko fantasia politikoaren arteko orekan legoke kontua. Sinpleago: Ortuzarrek EAJ benetan zer den erakutsi du urtetan; Estebanek berriz, alderdiak zer izan beharko lukeen –batez ere Gipuzkoako jeltzale askorentzat–.
Ez da zismarik gertatuko, hori garbi eduki behar du produkzio honen hurrengo kapituluak ikusi behar dituen edonork. Baina ez al da ederra, aspaldiko partez, tentsio narratibo pixka bat penintsulako euskal politikan?