Negua, AEBetan, espero baino luzeagoa izango omen da aurten. Pennsylvaniako Phil marmotak iragarri du edo, bueno, hori interpretatu dute behintzat, zulotik atera denean animaliak bere itzala ikusi duelako: ohikoa baino sei aste gehiago hotza pasatzen.
Egongo da, nola ez ba, eguraldia iragartzeko metodo honetaz mesfidatzen den norbait sail honen irakurle prestuen artean. Horientzako ikuspuntu zientifikoagoa eskaini behar eta, hor hasi naiz bila, ea nondik datorren marmoten klima iragartzeko ustezko kapazitate hori. Ez dut ezer aurkitu –harritzekoa–, baina arte garaikidean bezala hemen ere emaitza baino puskaz inportanteagoa denez prozesua, bidean enteratu naiz marmotak Euskal Herrira kasik atzo goizean iritsi zirela, Alpeetatik ekarrita; Pirinioetan ez daukatela ñak-ñak-ñak jango dituen zomorro handiagorik; eta horregatik, arazo ekologiko larriak sor ditzaketela. Problematika horren kontzientzia harturik beraz, artikuluaren gaira itzuli aurretik, nire posizio irmoa adierazi beharrean nago, alegia, espezie inbaditzaile honen aldean nahiago dudala autentikoa, gurea, galzorian dagoena: eguraldiaren gorabeherak tenporei begiratuta asmatzen dituen homo sapiens euskalduna.
Baina Phil genuen aipagai, Pennsylvaniako Phil marmota. Egia esan, usamerikan gauzak hartzen ari diren tankera kontuan hartuta, harritu eta dena egin naiz nola ez den etxean geratu, batere atera gabe, mantapean sartuta Game of Thrones-en kapituluak bata bestearen atzetik ikusten, eta pentsatzen “winter is coming” esaldiak oraintxe daukala zentzu betea. Galdera filosofiko sakon bat gordetzen du, hortaz, marmotak zulotik ateratzeko daukan beharrak: zergatik ez dugu etsitzen?
Albert Camusen Sisiforen mitoa-rekin (1942) estu-estu lotuta dago Marmotaren Eguna eta inguratzen duen erritual guztia. Ederki konturatu ziren horretaz Harold Ramis eta Bill Murray The Groundhoung Day (1993) pelikula egin zutenean, zeinak, nolako negua datorren asmatzeko ohitura probintziano bat mundu osoan ezagun egiteaz gain, zalantza existentzialen alde komikoa ikusten ere lagundu baitzigun. Zergatik hasten da egunero harriari maldan gora bultzaka Sisifo, goraino iristean berriz ere aldapan behera eroriko dela eta hutsetik hasi beharko duela jakin arren? Zergatik saiatzen da Murrayren pertsonaia goizero zerbait desberdina egiten, biharamunean, I Got You Babe, egun berean esnatuko dela jakin arren? Funtsean: zergatik saiatu berriz, porrota beste aukerarik eskaintzen ez digun gauzen ordenaren kontra?
Badira ezkortasun aktiboak, baina Phil marmotarena, nagusitzen ari den etsipen giro orokorra bezala, ezkorkeria paralizatzailea da: zulotik atera den aldi gehienetan –107 aldiz– “iragarri” du negua espero baino luzeagoa izango dela; hemeretzi aldiz bakarrik iruditu zaio udaberria aurreratuko zela. Sineskeriak dioena datu objektiboekin kontrastatuz gero, ordea, Weather Predictor Extraordinaire webguneak egin duen bezala, Pennsylvaniako karraskariaren iragarpenak hamarretik seitan huts egin du.
Egoerarik ilunenean ere, kontuz erabateko desastrearen profetei jarraitu gabe. Nik behintzat, Bill Murrayk bezala, dena ikusita daukanaren espresioa jantzita eta Sisifok maldaren amaieran Camusen arabera sentitzen zuen une zoriontsu txiki horri uko egin gabe hartuko dut Donald Trumpen administraziopean ardailaka abiatu den faxismo globalaren aldi berri hau. Marmotak iragarritakoa gorabehera, negua bukatuko denean bukatuko da, ez lehenago, baina ezta geroago ere.