Aldameneko tabernaren terraza anexionatzeaz

Gorka Bereziartua
0

Herrian badago kale bat –turistei lehenbiziko emaitza googleroetan ateratzen zaien huraxe–, tabernaz beterik eta autore-pintxoen parke tematiko bihurturik daukaguna. Handik pasatzen naizen bakoitzean Ostatu Batuak zeharkatzen ari naizela pentsatzen dut, Cadillac-aren ordez beste mota bateko deskapotablea erabiltzen dudan arren. Geroz eta gehiago dira, portzierto, herriaren izena googleatu eta etortzea erabakitzen dutenak, urteko edozein sasoitan. Eta, beraz, 2+2 = kale horretan dagoen edozein edaritegik izan behar luke negozio esferikoa. Ez da beti hala ordea.

Poza sentitu ote nuen joan den asteburuan, taberna ostatubatuar horietako bat itxi dutela ikusi nuenean? Ez dakit, azkenaldian emozioak modu ordenatuagoan sailkatzen saiatzen banaiz ere, sentimendu batzuek gobernu onari egiten dioten oposizioarekin jotzen baitut sarritan. Baina bueno, zuek ulertzeko, “Se traspasa” kartel hura ikusi ondoren gorputza zeharkatu zidan bibra ASMR moduko bat izan zen.

Total, taberna itxi dutela. Eta taberna itxi dutenez, tabernako terraza ere ez da gehiago existitzen. Pribatizatutako espazioa berreskuratu du berriz herriak, dena da alegrantzia eta bozkario. Eguzki pixka bat atera den arte. Izan ere orduan, Ostatu Batuak jendez kokoteraino daude betiko legez, eta alboko tabernak, politika irredentista baten bitartez, mahai batzuk gehiago jarri ditu kaputt egin duen negozioak okupatzen zuen espazio (une batez) publikoan, demanda altua dagoelako eta, aizu, libre zegoen. Gero Trumpek Groenlandiaz esandakoekin eskandalizatuko gara. Ojo jende honen gaineko pisuan bizi bazara, igual ogi bila jaisten zarela aprobetxatuz zure balkoia ere terrazaren luzapen bertikal bihurtuko dute-eta.

Gauza hauek ez dira kasualitatez gertatzen. Eta ez da aurrefabrikatutako esaldia: Ostatu Batuak ondo armatuta daude. Aurrekoan jakin nuen, adibidez, gainontzeko sektore ekonomikoak baino askoz abilagoak izan direla transformazio digitalean. Eufemismorik gabe esateko, Tripadvisor bezalako plataformetan euren negozioen aldeko kritikak erosten dituztela, alegia. Hamar kritika positibo 35 euroan: benetan zure jatetxean egon den jendeak idatzi dituela emango du eta, gutxi gorabehera, asteburuko menu baten irabazia kostako zaizu, inbertsioak merezi du.

Esaten nuen ba nik ez zela posible hainbeste jende ibiltzea borondate onez gastrotekak eta esperientzia kulinarioak gomendatzen: industria turistikoak, beste edozein industriak bezala, jarduera osagarriak sortzen ditu lehiakortasunari eusteko. Ze, bazkaltegiak promozionatzeko ezkutuko taktika horiek, era berean, erredaktoreak behar dituzte, kontu faltsuak sortu eta koordinatuko dituzten arduradunak, bezeroak zehazki zer nahi duen ulertuko duten belarriak. Eta berrikuntza, diot nik: seguru dagoeneko ChatGPT erabiltzen hasiak direla, gauzak arinago eta merkeago egiteko.

Eta bitartean, gure herri eta hirien turistifikazioaren kontrako mugimenduak analogikoki pentsatzen, bateko pankarta eta besteko iritzi-artikulua, Ostatu Batuen flotazio-lerroari zuzenean eraso egin beharrean. Nik uste aski litzatekeela talde koxkor bat antolatzea eta teklak pixka bat mailukatuz seko kakaztea gure zenbait tabernak eta jatetxek plataformetan daukaten irudi bikaina –“hemen oso ondo jaten da” famatua–, sektorea bezeroak galtzen hasteko eta negoziatzera behartzeko. Argi daukat erresistentziaren lehen eskaria zein izan beharko litzatekeen gure herrian: alboko terraza horren gaineko burujabetza herriari itzuli.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA