Oscar bat merezi duzula iruditzen zait. Bai, zuk. Ei, eta zuk ere bai. Eta hango hark. Bale, eta ondoan zaudenak, zuk ere jasoko duzu. Zer arraio, denok jaso beharko genuke Oscar bat, ikusten ari garenak ikusita mundua erdi-normal balego bezala jokatzen jarraitzen baitugu, Stanislavski metodoan trebatutako aktoreak bagina bezala.
Goiasmo teatral horiek alde batera utzi zituzten joan ostiralean Trumpek eta Vancek Etxe Zurian. Azken finean, Stanislavski ez, Zelenski komediante ohia zuten bisitan. Gaur egungo ikus-entzunezko produkzioen erregistroa eskatzen zuen egoerak. Eta Netflixeko ekoizleei hainbeste gustatzen zaien zerbait izaten bukatu zuen: What the Fuck momentu bat oparitu zioten nazioarteko komunitateari.
Espektakuluak ikusleak izan ditu, hori ezin uka. Baina kritika, tira, ez du oso alde izan. Badirudi dena hankaz gora jarri dutela usamerikarrek. Segun eta norainoko espantua egin nahi duen zutabegileak, irakur dezakezu 1945. urteaz geroztik osatutako ordena internazionala pikutara joan dela; edo 1648ko Westfaliako bakean ezarritako printzipioak ere kolokan daudela –nazioarteko harreman modernoen oinarriak uzkia igurzteko material bihurtu direla, alegia–. Gauzak horrela hartuta, aitor dezagun, beldurñoa ematen du, XVII. mendearekin alderatuta, aldamenekoa tripa-azalak airean uzteko tresneria asko findu baita –geroxeago hitz egingo dugu puntu horretaz–.
Baina lasai. Europan gaude. Eta Trump 2.0ren desplante honen aurrean, mezu bat hasi da Berlindik Madrilerainoko hedabide seriozentratuetan agertzen: “Europarrok ez dugu AEBek bezala bukatu nahi”. Aber, gezurra ez da, nik uste. Baina, batetik, Europaren ideia txatxi batekin datozkidanean beti akordatzen naiz Belgikak Kongon egindakoez; eta Frantziak Aljerian; eta Erresuma Batuak Indian; eta Alemaniak… ejem, bueno, badakizue. Zerrenda gaur goizera arte luzatu dezakezu, Gazako genozidioan EBk dudarik gabe merezi duen Oscarreraino. Kritika onegiak ditu kontinente zaharrak, bere atzaparrekin lepoa bihurrituta akabatu duen jende kopuruaz pixka bat akordatzen hasten bazara.
Bestetik, yankiak bezain ezjakin, biolento eta zabarrak ez bihurtzearen ideia horri garapen pixka bat eskatzen diozunean, zelofanezko paper askoren azpian –Ilustrazioko pentsalarien star system osoa berreskuratzen dizute okasiorako–, segituan hasten dira asuntu batekin mailuka: armagintzan gehiago inbertitu behar dutela Europako estatuek, Darth Vaderren babesa orain kolokan dagoenez.
Beste era batera esanda, AEBak bezala ez bukatzeko, AEBek bezala ipurtzuloraino armatu behar dugula, horretarako hainbeste inporta ez duten kontuak –osasungintza, hezkuntza, babes soziala oro har– alde batera utzita, AEBetan egiten duten bezalaxe. Joino, politika redneck estatubatuarraren alternatiba izateko, bueltan-bueltan kontuak antzeko samar ateratzen zaizkigula iruditzen zait, Kanye West kendu eta Eurovision jarrita.
Joan den ostiraleko cliffhanger-a ikusita, hurrengo kapituluetan edozertarako prest dago publikoa; eta, boteprontoan, zeozer argi samar badago, zera da: Mario Draghiren txosten famatuaren ondoren Europa berrindustrializatzeko turboa jartzen denean, faktoria militarraren alde jokatuko duela geopolitika ziklotimiko honek, armak saltzeko osagai oso garrantzitsua produzitzen baitu: ikara –batzuetan benetakoa, besteetan antzeztua–.
Pelikularen gidoia lehenagotik irakurrita zeukaten zenbaitek, nik uste: Zedarriak taldearen txostena askoz hobeto ulertzen ari naiz orain.